Albistea entzun

Ionut Zinca. Mendiko korrikalaria

«Mendian jolastea gustatzen zaion haur bat naiz oraindik»

Errumanian jaio zen Ionut Zinca, baina dozena bat urte baino gehiago daramatza Gasteizen bizitzen. 60tik gora lasterketa egin ditu aurten eta, besteak beste, Munduko Kopan bigarren egin du.
STEPHAN SALERNO

Ainhoa Lendinez -

2014ko urriak 21 - Zeanuri

Munduko mendi lasterkari onenetakoa da; gehienentzat onena, Kilian Jornet ahalguztidunaren atzetik. «Nola afrikarrak txalupan», hala iritsi omen zen Euskal Herrira, hiru eguneko autobus-bidaia amaigabearen ostean. Etorkizun hobe baten bila utzi zuen aberria; amestutako bizimodu gozoa, baina, gazia izan zen hasieran. Arazorik gabe aitortu du: familia diruz hornitzeko egiten du korri. Karpatoetan hazi eta Gorbeian heldu da Ionut Zinca (Errumania, 1983). Munduko Kopako txapeldunorde izendatu berri dute eta Gorbeia Suzien hirugarrenez irabazi du asteburuan.

Zorionak, Ionut. Faboritoetako bat zinen, eta ez duzu hutsik egin.

Eskerrik asko, baina ez nintzen faborito argia. Gorbeia Suzien maila handiko mendi lasterketa da, eta izen asko zeuden lehian. Gainera, iragan asteburuan Munduko Kopako azken proban erori egin nintzen Limonen (Italia), eta min hartuta egon naiz aste hasieran. Azkenean, ongi osatu naiz, eta ongi atera da Gorbeia Suzien.

Gorbeia Suzienek hirugarren urtea izan du, eta hiruretan izan zara garaile. Aurten, munduko zirkuituan sartu da, eta proba gogorragoa izan da. Nola joan da?

Aurreko bi urteetan baino luzeagoa izan da aurten, eta ez nuen gehiegi estutu nahi lehen igoeran. Lekandatik behera hasi naiz aurrekoak harrapatzen, eta Gorbeiara iristerako harrapatu dut Aritz Egea ere. Hortik aurrera buruan joan naiz, neure lasterketa egiten, eta neure erritmoa ezartzen. Asko gustatzen zait jaitsiera hori, ni hor entrenatzen naizelako, eta hori neukan alde. Azken zatian igoeratxo bat dago, baina ondo iritsi naiz, eta erritmoari eutsita pozik iritsi naiz helmugara.

Bigarren izan zara Munduko Kopan. Helburua beteta?

Bai, batez ere nork irabazi duen jakinik [Kilian Jornet], pozik nago. Zaid Ait Malek, Aritz Egea… hainbat geunden bigarren posturako lehian, baina, azkenean, gainerako lasterketetako puntuei esker, neuk lortu dut;oso pozik nago.

Munduko mendi lasterketa onenean, Zegama-Aizkorri maratoian, laugarren egin zenuen.

Europako orientazio proba baten ostean egin nuen Zegama, eta ez neramatzan kilometro asko entrenatuta. Aukera askorik gabe iritsi nintzen, baina dena jokatu nahi nuen, eta kito. Beti esan izan dut Zegaman errekorra egiten saiatuko nintzela. Aurten hala izan da, errekorra ezarri dut, baina zoritxarrez beste hiruk ere ezarri dute errekorra, eta neure aurretik gainera [barrez]. Ez zen nahi bezala atera, baina aurretik zeintzuk geratu ziren ikusita, pozik nago.

Kilian Jornet zazpigarrenez garaile, errekorra ezarrita gainera. Gizon garaiezina da?

Tira, bai. Zerbait irabaztea erabaki eta lasterketa bat ehuneko ehunean egiten badu, bai, garaiezina da. Gainerakook zain egon beharko dugu; hark ultraren bat egin ostean lasterketaren batean topo egin eta hari irabazteko aukeraren bat izateko. Baina, hala ere, ez lirateke aukera asko izango. Oso indartsu dago, eta gainerakook atzean egoten saiatu, ez daukagu besterik.

Zuk zeuk ezagutzen duzu Jornet. Zer esango zenuke hari buruz?

Oso pertsona ona da, eta mendiko lasterketak serio hartzen ari da. Mendia du bere bizitza, eta denok baloratu beharko genuke horregatik. Eta eskerrak ere eman behar dizkiogu, kirol honen alde egiten duen guztiarengatik.

Zu ere munduko onenetako bat zara. Nor da Ionut Zinca?

Hala dio jendeak, baina ez dakit. Pertsona arrunta naizela uste dut, familia da nire lehentasuna eta ondoren lasterketak egitea gustatzen zait. Asko gustatzen zait lehiatzea eta lasterketa asko egitea, baina emaitza beste kontu bat da. Atzean amaituta ere ez dut arazorik izaten, beti da motibagarria norbaiten atzetik geratzea, entrenatzeko eta hobetzeko motibatzen zaitu.

Errumaniarra zara jaiotzez, baina Gasteizen bizi izan zara orain arte.

11 urterekin hasi nintzen kirolean, orientazio probetan. Gaur egun ere kirol hori gustatzen zait gehien. 19 urterekin, Errumanian ez neukan kiroletik bizitzeko aukera handirik, eta horregatik egin nuen alde. Hona etorrita lanerako eta kirolerako aukera gehiago izango nituela sinetsarazi zidaten eta halaxe bultzatu ninduten Espainiara joatera. Azken orduan jakin nuen Euskal Herriaz, hemen ere lasterketek indarra zutela, eta halaxe etorri nintzen; afrikarrak txalupan bezala, errumaniar guztiak bezala, autobusez, hiru eguneko bidaia egin ostean.

Gasteizen errotutako errumaniarra beraz.

Bai, Euskal Herrian entzuna neukan izen bakarra Gasteiz zen, eta halaxe amaitu nuen han. Egia esan, egun naizenaren zati handi bat Euskal Herriari zor diot, eta Gasteizko Udalari bereziki, asko lagundu zidan-eta hasieran. Iritsi nintzenean ofizialki ezin nuen lanik egin, paperak egin arte. Gogorra izan zen. Hona etortzeko dirua utzi egin zidaten, eta hura ere itzuli behar nuen, gainera. Gasteizko kirol denda batek ere asko lagundu zidan, nigan sinetsi zuelako eta lana eman zidalako. Ezohikoa da hori. Horregatik, asko eskertu behar diot Gasteizi.

Azken sei urteetan sarriago joaten naiz Errumaniara, emaztea han daukadalako eta han ere korrika egiteko aukera sortu zitzaidalako, baina beti esan dut euskal nazionalitatea lortzeko modua izango banu, egingo nuela. Asko gustatzen zait Euskal Herria, eta Gasteiz bereziki, leku zoragarria da.

Errumaniak eta Euskal Herriak badute antzik?

Errumanian mendi handiagoak eta garaiagoak dauzkagu, 2.000-2.500 metro ingurukoak. Baina hemen bezala, lokatza eta euria ere badauzkagu han [barrez}. Mendiko lasterketen maila, baina, izugarria da hemen. Han gutxi batzuk aurrean dabiltza, baina gainerakoak atzean daude.

Eta mendizaletasunean?

Alde handia dago, Errumanian mendizaleak gara baina hemengoa apartekoa da; Euskal Herrian mendia barrutik bizi du jendeak, Italian bezala. Jendea gustatzen zaiolako joaten da mendira, ez behartuta. Kanpoan jendeak hemengoaz galdetzen didanean, nik beti esaten diet: «Zegaman parte hartzen ez baduzu, ez duzu ezer egin zeure bizitzan». Hango giroa eta maila bakarrak dira, niretzat munduko lehiaketa baten parekoa da, oso serio hartzen dut, eta ohore handia da munduko onenekin egotea.

Munduan gutxi bizi zarete kirol honetatik. Zaila da?

Bai, oso zaila. Profesional hitza ez zait gustatzen neure buruari buruz ari naizenean. Profesionala naiz, bai, baina halabeharrez, zoritxarrez dirua behar dudalako familia mantentzeko. Egunean bi aldiz entrenatzen naiz, bai, baina beste edozeinek baino bost aldiz gutxiago irabazten dut. Zaletasun baten aldeko apustua egin nuen, arriskatu egin nintzen, eta nola edo hala eusten diot.

Zergatik dira horren erakargarriak mendi lasterketak?

Batetik, mendia gustuko duen jende asko dago, eta, bestetik, errepidetik jende asko pasatzen ari da mendira, errepidea gogorragoa delako, erritmoarengatik. Mendia eramangarriagoa da, aldapa pikoetan oinez ere joan zaitezke. Hori pentsaezina da errepidean. Mendiko lasterkari profesional gehiago ez dira egongo, lasterkariak bai.

Galdera deseroso bat orain: gero eta ozenago entzuten dira dopin kontuak mendi lasterketetan…

Niretzat, ez da galdera deserosoa. Nik 5-6 kontrol egiten ditut urtean, eta ez dut inolako arazorik izan. Askotan lehiatu naiz beste baldintza batzuetan egon den jendearekin, eta batzuetan irabazi egin didate edo nik irabazi diet. Eta kito, hor amaitzen da guztia.

Hor amaitzen da guztia?

Bai, niretzat bai. Tranpak egiten harrapatu eta korrikalari batek zigorra betetzen badu, niretzat bete du bete beharrekoa, eta berriz ere beste edozein korrikalariren parekoa izango da. Ezin diozu bizi osoan gogoratu behinola egindako akatsa. Nik ez nuke inongo arazorik izango harekin lehiatzeko, zigorra ordaindu badu. Errespetua ere izango nioke, zigorra bete ostean berriz itzultzeko adorea behar delako.

Zer da mendia zuretzat?

Jolas egin dezakedan jolastokia. 31 urte dauzkat, baina mendian jolastea eta dibertitzea gustatzen zaion haur bat naiz oraindik. Gora igotzean, etxeak txiki ikusten dituzu bailaran, jendea mila gauza egiten han behean, eta zu bakarrik, han goian. Haizea, eguzkia, euria eta zu. Asko gozatzen dut. Poz asko eman dizkit mendiak, baina errespetua ere badiot; mendiarekin ezin zara jolastu komeni ez denean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Osasunako jokalariak, <em>Chimy</em> Avila-k Vila-reali sartutako gola ospatzen. ©DOMENECH CASTELLO / EFE

Denak bat eginik, gorabidean

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bosgarren postuan iritsiko da Lehen Mailako hamargarren jardunaldira, hasiera itzela osatu eta gero. Miguel Flañoren ustez, oraingo emaitzak azken urteetan hartutako ildoaren segida dira: «Oso egina dago taldea». Gorritxoek onbidean jarraitu nahi dute gaur, Sadarren Granadari irabazita.
Isak gola ospatzen, atzo, Sturm Grazen aurkako neurketan. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Berdinketak on egin ditu

Jone Bastida Alzuru

Realak irabazi egin du Sturm Grazen aurkako partida: 0-1 gailendu da. Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian
 ©SEDIS BASQUET

«Momentuaz gozatzen ari naiz»

Jone Bastida Alzuru

Estatistikek erakusten dute Etxarri sasoi hasiera aparta egiten ari dela: Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile nagusia da, partidako batez beste 19,2 puntu bilduta. Hazten segitu nahi du.
Realeko jokalariak Isakek sartutako gola ospatzen. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Realak 0-1 irabazi du Sturm Grazen aurka

Jone Bastida Alzuru

Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria