Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Alzheimer digitala

Publizitatea

Bizigiro

Alzheimer digitala

Argazkiak, musika, liburuak... dena digitala denean, betiko izango da. Hala agindu zuten teknoprofetek. Errealitateak erakutsi du euskarri eta formatu horiek ere hauskorrak direla, eta papera baino iragankorragoak batzuetan. Gizateriaren memoria arriskuan al dago?
Argazkia: IUNE TRECET

2017-05-06 / Edu Lartzanguren

Mentxu Zorita publizista da, eta larrutik ikasi du zer den zaharkitze digitala. «Freehand softwarea erabiltzen genuen lanean. Baina programa hori egiteari utzi zioten». Logoak, katalogoak, esku orriak eta holakoak zituzten gordeta, eta bezeroek noizbehinka foileto edo katalogo zaharra berriz inprimatzeko eskatzen zieten, «beti aldaketa txiki batzuekin. Illustrator-en ireki behar genituen, baina testuaren paragrafoa, adibidez, ez da mantentzen. Gauzak berriz idatzi eta berriz marraztu behar genituen». Duela 6-7 urte gertatu zitzaien. Azkenean, MacIntosh zahar batean Freehand zaharra jarri behar izan zuten, han ireki eta programa berriarekin bateragarria zen beste formatu batean gordetzeko. Etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko zer neurri hartu dituzten galdetuta, erantzun etsigarria eman du: «Gauza horiek aurreikustea oso zaila da».

Aro digitalaren paradoxa da: gauzak digitalizatuz gero betiko izango zirela esan zuten teknologiaren ebanjelistek. Izan ere, kosturik gabe eta informazioa galdu gabe nahi adina kopia egin daitezkeela da informazio digitalaren abantaila nagusietako bat. Errealitateak erakutsi du, ordea, mundu digitala ez dagoela entropiatik libre. Teknologiaren konplexutasunarekin zerikusia du paradoxak: zenbat eta teknologia konplexuagoa erabili, orduan eta zailagoa da informazio hori berreskuratzea.

Esanguratsua da nola aldatu diren kontzeptuak azken hamarkadotan. «Garai batean, digitala papera egiteko bitarteko bat zen», azaldu du Iñaki Alegria EHUko informatika irakasleak. Ordenagailua tresna bat zen, paperezko testua lortzeko. Datuei ondoren ez zitzaien jaramonik egiten. Gaur barregarria ere eman dezakeen adibide bat du irakasleak: Ibon Sarasola hizkuntzalariak Euskal literatura numerotan ikerketa egin zuen 1970eko hamarkadaren hasieran. Euskal idazleek erabilitako hitzen analisi estatistiko bat zen. Kutxaren bulegoetan egin behar izan zuen, orduan bankuek bakarrik zituztelako ordenagailuak. «Hiru liburuki argitaratu zituen Sarasolak. Baina gu ikerkuntzarako datuak eskatzera joan ginenean, zinta batzuk zituzten, irekitzerik ez genuen formatu batean», esan du Alegriak. Armairu baten tamainako gailu haiei begiratuta, orduan ez zuten pentsatu gaur ordenagailuak edonon egongo zirela, eta datu haiek askoz gehiago balioko zutela formatu digitalean, paperean baino. «Gauza asko galdu dira horrela».

Memoria digitala gordetzearen zailtasunaren beste adibide bat: Euskaldunon Egunkaria-ren artikuluak 1999. urtean hasi ziren Interneten argitaratzen. Horren aurrekoak, berriz, zinta magnetikoetan zeuden gordeta. Madrilgo Auzitegiak 2003an itxi zuen Egunkaria, egoitza zigilatu hainbat urtez, eta haren makinak enkantean saldu. «Zintak berreskuratu genituenerako, ez genuen haiek irakurtzeko makinarik», esan du Oscar Angulo Egunkaria-ko informatikariak. «Eta makinak lortu genituenerako, zintek magnetismoa galdua zuten». Urte haietako artikuluak berreskuratzeko, papereko edizioa eskaneatzen dabiltza gaur. «Historiak frogatu du papera formatu ona izan zela», esan du Alegriak.

Software konpainien esku daude gaur erabiltzaileak, irakaslearen arabera. «Egun batetik bestera aldatzen dizkizute baldintzak». EHUn euskarazko tesiak digitalizatzen aritu da Alegria eta haren taldea, eta askotan arazoak izan dituzte. «Batek esaten zigun: nik Wordperfect neukan... Beste batek: nik Word, baina ez dakit zein bertsio». Formatu irekiek «abantaila handia» ematen dutela esan du irakasleak. «Irekitasuna eta estandarizazioa oso garrantzitsuak dira, ziurtatzen dutelako formatuak ez daudela enpresa baten menpe».

Botere publikoek ez lukete zer esanik horretan? Irakaslearen arabera, lizentzien kontua askoz gehiago zaindu beharko litzateke. «Enpresek ezin dute eskubidea izan sinatu duzun erabilera lizentzia eta baldintzak nahi bezala aldatzeko». Horretan, etorkizunerako gordetzea baldintzetako bat izan beharko litzateke. «Arazoa da nazioarteko konpainia handi askok gobernuek baino botere handiagoa dutela gaur».

Euskarriak gorde

Euskarriak eta formatuak zaharkitzea zer den badakite Eresbil euskal musikaren artxiboan. Lehen euskarazko hitzak eta kantuak jasotzen dituzten argizarizko zilindroak gordetzen dituzte han, eta nekez berreskuratzen ari dira haietako soinua. «Aro digitalak arazo asko ditu, baina horietako bat fitxategi digitalak luzarorako gordetzea da», esan du Jon Bagues arduradunak.

«Inork ez dizu ziurtatzen etorkizunean audio formatuak irakurtzeko moduan egongo diren, enpresa pribatuenak direlako». Baina gauza bat ziurra da, Baguesen ustez: softwarea aldatu, aldatu egingo da. «Zer gerta daiteke, nork daki? Orain JPG deitzen da, baina nolakoa izango da hemendik 40 urtera?». Eresbilen argi dute: euskarri fisikoak gorde egin behar dira. «Jendeak esaten du: 'Behin digitalizatuta, papera edo bestelako euskarriak bota daitezke'. Kontuz horrekin!». Izan ere digitalizatzeko erabilitako programek kalitate bat dute, eta nork daki geroan zer-nolako kalitatea eskatuko den, edo digitalizatzeko tresna hobeak izango diren.

Euskarri eta formatu digitalak gordetzeko halako arazoak badaude, zer-nolako erronka izango da, orduan, euskaldunek Interneten sortzen dituztenak etorkizunerako gordetzea? Francisca Pulgar Jaurlaritzako Liburutegien arduraduna da. «Liburutegi nazionala» legez sortuta dagoela esan du, baina osatu gabe. Bitartean, liburutegi zerbitzuak egiten du lan hori. Buru-belarri dabiltza preserbazio digitaleko lanetan. Suediako egitasmo baten bidez hasi ziren ikasten sarea nola atzeman. Internet Archive aztertu zuten gero.

Azken horren garrantzia agerian utzi du azken hilabeteotan Donald Trump AEBetako presidente bihurtu izanak. Izan ere, informazio digitala gordetzea autoritarismoaren aurkako estrategia funtsezkoa izan daiteke. Klima aldaketaren inguruan zientzialariek azken hamarkadotan jasotako datuak AEBetako Gobernuaren webgune publikoetatik ezabatzea erabaki du Trumpek. Zientzialariek erantzun egin diote, datuok Internet Archivera eta beste gune batzuetara kopiatuz.

Interneten zabaldutakoa gordetzeko bidean, esteka ustelaren sindromea saihestea da erronketako bat. Estekak zaharkituta geratzen dira Interneten objektu bat gunez aldatzen denean, link horiek helbidea seinalatzen dutelako, ez objektua. Konponbide gisa, DOI egitasmoa nabarmendu du Alegriak. Zientzia aldizkarietan-eta ari dira erabiltzen, artikuluak galduko ez direla ziurtatzeko. Digital Object Identifier esan nahi du, eta Interneten argitaratzen diren artikulu edo ikerketa bakoitza identifikatzeko zenbaki bakarra da. URLa ez bezala, DOI bat ez da helbidearen erreferentzia, baizik eta objektu digitalaren edukiarena. Helbidea alda daiteke; DOIa inoiz ez. Nazioarteko DOI fundazioak kudeatzen du. «Halako erakunde publikoen esku egin beharko lirateke ekimenak», Alegriak esan duenez.

Horren adibidea da Jaurlaritzaren Ondarenet zerbitzua. 2008an abiatu zuen Pulgarren taldeak, eta orduan hasi ziren Interneteko «euskal edukiak» atzematen eta gordetzen. Lan horretan munduan dabiltzan erakundeek eta talde gehienek programa berdinak eta software irekia erabiltzen dituzte: Heritrix, NutchWAX, Webcurator eta Wayback programak, besteak beste. «Hasieran oso zaila zen lan hori, aztertu behar genuelako zeintzuk ziren Euskal Herriko guneak, baina, orain, .eus domeinua egoteak asko laguntzen digu», esan du Pulgarrek.

Baina lan horrek ziurtatzen al du euskaldunek Interneten sortzen dutena ez dela betiko ahaztuko? «Ondare digitala egun batetik bestera gal daiteke; papiroa edo papera iraunkorragoak dira». Suteetan edo uholdetan galtzen ziren horiek. Orain, aski da birus bat, norberaren bizitzako argazkiak betiko suntsitzeko.

Ondarenet zerbitzuan Interneteko edukiak gordetzen dituzte, eta Liburuklik tresnarekin, berriz, bestelako formatuetan sorturikoak digitalizatu, gorde eta eskuragarri jartzen ditu Pulgarren taldeak (www.liburuklik.-euskadi.net/).

Etengabeko lana da ondarea gordetzea: mikrofilmatu egiten zen lehen, digitalizatu gero; CD-ROMetan gorde, DVDtan ondoren, disko gogorretan eta USBetan orain, eta baita hodeian ere. Azken hori modako kontzeptua da, baina apur bat engainagarria: hodeia beste norbaiten disko gogorra besterik ez da, zerbitzua ematen duen enpresaren zerbitzarikoa, alegia. Gaurko ordenagailu askok CD edo DVD irakurgailurik ere ez dute. «Formatuak aldatu ahala, dena eguneratu behar duzu, eta, jakina, oso garestia da», esan du Pulgarrek. Biltegi digital bat sortuko du Pulgarren taldeak aurten: irudiak Master Tiff formatuan gordeko dituzte, hau da, konpresiorik gabe, kalitatea gal ez dezaten.

Baikorra da Pulgar. Ez da erabateko alzheimer digitalik gertatuko: «Internet Archiven ere Mikel Laboa bilatzen baduzu, aterako zaizkizu diskoak, argazkiak, irratsaioak... Galduko da? Ez dut uste. Beti asmatzen dugu historia gordetzeko zerbait. Zerbait galduko dela? Bai. Elkarlana oso garrantzitsua da horretan».

Gurpil zoroa

Ezin da dena gorde. «Erraza denez, denok ateratzen ditugu ehunka argazki, baina gero ez dugu inoiz astirik horietatik baleko hogei aukeratzeko», Baguesen arabera. Gurpil zoroan sartuta gaude. «Azkenean, aukeratu egin behar duzu: zer den garrantzitsua eta zer ez, eta hura gorde. Nola erabaki? Ez da erraza: denon artean egin beharko dugu. Zoritxarrez, aukeratzera derrigortuta gaude».

Dena erosi eta dena gordetzen zuten liburutegi nazional handien garaia pasatua dela uste du Baguesek. «Orain ezinezkoa da. Agian, bada garaia denon artean, bakoitzak bere eremuan gordetzeko eta besteekin partekatzeko, elkarlanean gehiago gorde ahal izateko». Baina, horretarako, irizpide argiak beharko dira: besteak beste, nola gorde zehazteko.

Zer egin dezake erabiltzaile arruntak ziurtatzeko alzheimer digitalaren PacMan munstroak ez dituela bere argazkiak, agiriak, musika edo filmak suntsituko: menuan gorde honela edo esportatu agintzen duenean, softwareak eskaintzen duen lehen aukerarekin ez fidatzea, eta formatu ahalik eta irekiena eta estandarrenak erabiltzea. Eta segurtasun kopiak egitea, noski.

Alzheimer digitala eragozterik izango du munduak, beharbada. Inoiz ez, ordea, memoria selektiboaren gaitza. Baina agian bedeinkapena izango da dena ez gogoratzea.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak