Albistea entzun

Ikasturte berria, kezka zaharra

Hezkuntza premia bereziak dituzten Arabako ikasleen gurasoek plataforma bat sortu dute.

Eskola batzuen maiztasuna urritzea salatu dute: fisioterapia, logopedia....

Ehun kide inguru dira gaur egun
Plataforma osatzen duten guraso batzuk, euren seme-alabekin.
Plataforma osatzen duten guraso batzuk, euren seme-alabekin. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2014ko uztailak 9 - Gasteiz

«Hezkuntza premia berezien barruan patologia mota anitz dituzten ikasleak daude, eta batzuek —Maddalenek, kasurako— fisioterapia saioak guztiz beharrezkoak dituzte». Silvia Herrero Garcia de Andoinek hala laburbildu ditu bere alabak dituen behar batzuk. Joan den ikasturtean, hiru fisioterapia saio zituen astean. Ordea, datorrenean bi saiora urrituko dituztela jakinarazi zioten, «zeharka», ikasturtea bukatzean.

Albistea zabalduz joan zen, hezkuntza premia bereziak dituzten Arabako ikasleen gurasoen artean. «Txinparta» baten eragina izan zuen, Esther Retegiren esanetan. «Guraso bakoitzak urte hauetan bizi izan dituzten egoerak oroitarazi zizkigun hura jakiteak». Hortik aurrera dena «ziztu bizian» gertatu zen. Jakinaren gainean zeuden gurasoak beste batzuekin harremanetan jarri ziren, eta, ohartzerako, plataforma bat sortu zuten. Eta zabalduz doa. «WhatsAppen talde bat sortu genuen, baina txiki geratu da, eta aplikazioz aldatu behar izan dugu».

Ehun familia inguru elkartu dira aipatu plataforman, oraingoz. Arabako Hezkuntza ordezkaritzan bilera izan zuten, eta uztailaren 16an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunekin bilduko dira. Retegik taldearen garapen azkarra azaldu du. «Familia bakoitzak bakarka bizi izan ditu egoera horiek; isilpean gertatzen ari den zerbait da, eta oso identifikatuta sentitu gara besteak sufritzen ari direnarekin». Fisioterapia saio bat kentzea, igerilekurako irteerak geroz eta maiztasun txikiagoz egitea... Plataformako gurasoek sumatu dute batez ere 2010etik urrituz joan direla baliabideak. Sergio Olivera kideak gaineratu du aldaketak inoren azalpenik gabe heldu direla: «Inoiz ez dugu jakin zergatik egiten dituzten urtez urteko aldaketak, baina guraso guztiok nabaritu ditugu».

Informazio falta horren ostean, ikasturtea hasi aurreko kezka agertu du Herrerok. «Iraileko lehen egunean ikusten duzu zer datorkizun ikasturte osorako, aurrez inoren informazioa jaso gabe». Oliverak azaldu du eskola espezifikoak —fisioterapia, logopedia...— funtsezkoak direla ikasle horietako askorentzat, horri esker hobeto barneratuko dituztelako edukiak. «Eskola horiek urritzen badira...». Ez du esaldia bukatu.

Informazio falta

Ikasturte berria hasteko informazioa falta zaiela kritikatu dute plataformako kideek. Are gehiago, baliabideak aitortzeko moduarekin ez datoz bat. Berritzeguneetako —prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak— beharginek egiten dute balorazio hori. Dena den, Herreroren ustez, zaila da ezer baloratzea haurrekin harremanik ez duten langileentzat: «Ez zaigu ondo iruditzen umeak gutxitan ikusten dituen pertsona batek zehaztea zein baliabide diren egokiak».

Begoña Arrieta Jauregi plataformako kideak gaineratu du, Berritzeguneetako langileen balorazioaren gainetik, Hezkuntza Sailak duela azken erabakia. «Berritzeguneak baliabideak eskatzen ditu balorazioetan oinarrituta, baina Hezkuntza ordezkaritzek onar ditzakete edo gutxiago eman. Hori gertatu izan da. Horregatik nahi dugu gertuko profesionalek erabakitzea zeintzuk diren gure seme-alaben premiak».

Horrez gain, salatu du erabakiari buruzko azalpenik ez dutela jasotzen. «Fisioterapia orduak gutxitzen dizkiote behar ez dituela argudiatuta, baina nik ez dut inolako hobekuntzarik sumatu».

Integrazioaren alde

Informaziorik ezaren eskutik, plataformako kideek uste dute urte hauetan hezkuntza eredu barneratzailearen aldeko apustua ahulduz joan dela plataformako kideek uste dute. EAzaldu dutenez, egun hiru eskolaratze mota nagusi daude. Batetik, gela arruntetara joaten direnak daude, eta, beharren arabera, eskola bereziak jasotzeko ateratzen direnak. Bestetik, ikastetxe arrunten barruko gela egonkorrak daude; gehienez ere, hezkuntza premia bereziak dituzten bost ikasle daude bakoitzean. Azkenik, hezkuntza bereziko ikastetxeak daude; plataformako gurasoek sumatu dute azken eredu hori geroz eta sarriago eskaintzen dutela.

Egoera horrek iturri ezberdinak izan ditzakeela uste du Retegik. «Hezkuntza eredu barneratzaileak giza baliabide gehiago behar ditu, baita profesionalen prestaketa handiagoa ere». Halaber, gogorarazi du ikastetxeetako zuzendaritzari eta profesionalei ahalegin berezia eskatzen die. Ordea, kasu batzuetan, txikia da sentsibilizazioa. Arrieta Jauregik gogoratu du zer erantzun jaso zuten semeak euskaraz ikas zezan eskatu zuenean: «'Bai? Duenarekin?'. Niri hori esan zidaten, baina seguru besteei ere zerbait esan dietela inoiz».

Integrazioaren garrantziak hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak gainditzen dituela nabarmendu dute guraso guztiek. Ikaskideengan duen eragin positiboa goratu du Arrieta Jauregik. «Premia bereziak dituen ume bat gertu izatea oso garrantzitsua da haientzat; dauzkan zailtasunak ikusten dituzte, gauzak egiteko modu ezberdinak...».

Herrerok gaineratu du, zenbaitek kritikatzen dutenaren kontra, ez dutela baldintzatzen eguneroko erritmoa. «Ateratzen eta sartzen dira eragozpenik egin gabe; ikaskideek badakite nora doazen, aurretik gela horiek ikustera joan direlako». Hori dela eta, kasu batzuetan eredu barneratzailea zaila dela aitortuta, nabarmendu du «atzerapausoa» litzatekeela eskolatze eredu hori ez den beste bat lehenestea, bai hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat eta bai besteentzat ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Amaitu da Euskaraldia

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Edurne Begiristain

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute
Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra. ©Iñigo Uriz, Foku

Hizkuntza eskakizunetan katramilatuta

Julen Aperribai

Izan legedia aldatzeko prozedurengatik, hizkuntza eskubideen kontrako epaiengatik nahiz diskurtso politikoengatik, sarritan euskara hizkuntza eskakizunei lotuta egon da eztabaida publikoan azken ikasturtean. Bada motiborik datorrenean ere hala segiko duela pentsatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Rejado

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.