Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Adingabeei sexu eszenak neurtzen

Publizitatea

Bizigiro

Adingabeei sexu eszenak neurtzen

Filmen sailkapenerako irizpideak aldatu ditu Frantziako Gobernuak, berriki. Zehazki, sexu esplizituko eszenak dituzten filmentzako araudia laxatu du. Adituen iritziz, sailkapen irizpideak eta adingabeen babesa ez datoz bat, eta sexuaren gordinak baino gehiago, sexua zein baliori atxikita agertzen den kezkatzen ditu.
Argazkia: BERRIA
Urteetako polemikaren ondotik hartu du erabakia Frantziako Gobernuak: sexu eszena esplizituak dituzten pelikulentzako sailkapen irizpideak laxatu ditu, eta horrek eragina izango du Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan. Pelikuletako edo telebistako sexu eszenek haur eta gazteen hezkuntzan eragina dutela ziurtatzen dute adituek, baina garrantzi handiagoa aitortu diete sexuari lotzen zaizkion balioei, sexuaren gordintasunari baino.

Legedi aldaketarekin, sexu eszena esplizituak dituzten pelikulak ez zaizkie automatikoki debekatuko 18 urte baino gutxiago dutenei, baina debekua ezarriko zaie «adingabeen sentsibilitateari kalte larria ekar diezaioketen sexu eta indarkeria eszenei», Audrey Azoulay Kultura ministroaren arabera. Aurrerantzean, Zinema Batzorde Nazionalak aztertuko du filmen edukia, eta hark emandako gomendioa aintzat hartu beharko du Kultura Ministerioak.

Frantziako justiziak La vie d'Adèle eta Love pelikulak 18 urtetik beherakoentzako debekatu zituenean piztu zen eztabaida. Gobernuak, 16 urte baino gehiago dutenentzako baimendu zituen arren, epaitegiek bi filmen sailkapenak aldatu zituzten 2015ean, Promouvoir elkarte ultrakontserbadoreak hala eskatuta. Auziak urteetan izan dira ebazpenaren zain, eta araudi berriak prozedura azkarragoa ezartzen du orain, halako kasuei erantzuteko.

«Balio judu-kristauak sustatzeko» elkartea da Promouvoir. Elkartearen sortzaile Andre Bonet abokatuaren esanetan, «eskrupulurik gabeko hainbat zuzendarik pornografia txertatu nahi dute publiko orokorraren zirkuituetan».

Debekuek Frantziako zinemagintza industriaren haserrea eragin zuten, bestalde; zinegileen adierazpen askatasuna mugatzen zuela iritzita.

«Aldaketa ona da», Peio Cachenaut zinemagile baxenabartar eta Xora pelikularen zuzendariaren iritziz, debekua laxatzen duelako. «Duela 40 urte, baziren fil pornografikoak ikusteko zinemak; baina, orain, Internet erabiltzen da debekua ezarriko zaie. Beraz, ez da behar sistema».

Hainbat zinegileren adierazpen askatasunaren aldarriari ñabardura egin dio, bestalde, Cachenautek. «Adierazpen askatasuna ezin da sexu eszenekin lotu. Uste dut filmez film zerbait esatea dela kontua. Ezin dugu esan sexu eszenak egiten ditugulako libreak garenik».

Pelikula bat adin tarte baterako edo besterako sailkatzeak eragin zuzena du, Iñaki Lazkano zine adituaren arabera. Salmentak «ikaragarri» baldintzatu ditzakeela ziurtatu du. «Industriari interesatzen zaiona da bere filma ahalik eta jende gehienak ikusi ahal izatea. Horregatik, askotan esaten dugu AEBn oso puritanoak direla, eta oso puritanoak dira, baina horrek ere zerikusia izaten du lortu nahi den pelikula sailkapenarekin».

Frantziako sailkapen eredua bat dator Europan nagusi denarekin, Lazkanok azaldu duenez. Zinema aretoek ikus-entzulearen adina egiaztatzeko ardura dute Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian, besteren artean. Espainiako Estatuan, pelikularen sailkapena gomendioa da, eta ez du debekurik ezartzen, X pelikuletan izan ezik. «Horrek esan nahi du adingabeen ardura gurasoen esku gelditzen dela. Salbuespen bakarra X pelikulak dira. Kasu horretan, bai, aretoek ikuslearen adina egiaztatzeko betebeharra dute». Lazkanoren iritziz, egokiagoa da Espainiako Estatuko eredua, Frantziakoaren aldean.

Edukiak sailkatzeko prozesu bereizia dute telebistako produktuek. EITBren kasuan, Autorregulazio Batzordeak du haur eta adingabeek ikus ditzaketen edukiak zaintzeko ardura. Batzordea osatzen dute FORTA Espainiako Estatuko Autonomia Erkidegoetako Irrati-telebisten Elkarteko kideek, hainbat tokiko telebistak, zenbait kate mediatikok, Atresmediak, Mediasetek eta RTVEk. Batzordeak adierazle ugari neurtzen ditu, indarkeriari, sexuari, beldurrari, drogei, bazterkeriari edo hizkuntzari dagozkienak.

Jose Luis Blanco EITBko programazio buruak nabarmendu du 2015eko azken autorregulazio kodeak asko lagundu duela erabakiak «objektibatzen». Hala ere, askotan zalantzak izaten direla onartu du. «Eduki bakoitza mundu bat da, eta kasu batzuk ez daude kodean jasota. Zentzuz jokatzen saiatzen gara».

Ikus-entzuleen kexak jaso ohi dituzte telebistako edukiengatik. «El Conquistador [ETB2ko] lehiaketarekin jaso ditugu, lehiakideek hitz egin duten moduarengatik, biraoak eta horrelakoak erabili dituztelako. Hori baretu egin da. Guk ere ahaleginak egin ditugu». Haur eta gazteentzako edukietan ere neurriak hartu behar izan dituztela azaldu du Blancok. «Sin Chan marrazki bizidunak beste kultura bateko ohiturak jasotzen ditu, eta atal jakin batzuetan erakusten ziren egoerak ez ziren oso egokiak. Atal horiek ez emititzea erabaki genuen. Berdin Doraemon-ekin ere».

Sexu friboloa kezka iturri

Pelikulen eta telebistako edukien sailkapenerako, sexuaren gordintasuna izan ohi da kontuan hartu beharreko aldagaietako bat —genitalak ikusten diren ala ez, adibidez—. Horrez gain, sexua indarkeriarekin nahastuta ageri den ere aztertzen dute edukiak zaintzeko erakundeek —bortxaketarik baden, esaterako—. Baina «eztabaida ez da behar bezala egiten», Amaia Vazquez psikologo eta sexologoaren iritziz. Aurkezten den sexualitateak sentimenduen lanketan balio duen ala ez hausnartu beharko litzateke, haren esanetan, eta kritikatu egin du zineak eta telebistak hedatzen duten sexualitate eredua. «Sexualitatea beste kontsumo produktu baten gisa agertzen dute. Hori da ezbaian jarri beharko genukeena».

Masa hedabideetan nagusi den sexu moldea gaitzetsi du Vazquezek: «Sexu friboloa, sexu erraza, genitaletara oso bideratua, emakumearen rola bigarren mailan uzten duena».

Sexuari buruzko irudi hori hedatzeak ondorio kaltegarriak dituela ziurtatu du Vazquezek. «Eredu hori barneratzen duen umeak urteekin bere gorputzera jotzen duenean, ezin du identifikatu gertatzen zaiona. Nolabaiteko eskizofrenia bizi du ikusten duenaren eta sentitzen duenaren artean».

Haur eta gazteen errealitatearekin lotura handiagoa duen sexualitate ereduak zabaldu beharko lirateke zinearen eta telebistaren bidez, Vazquezen esanetan. «6 edo 7 urteko umeak lehen desio sexualak izaten hasten dira, eta lotsa sentitzen dute desio hori adierazteko. Bada, marrazki bizidunek egoera horiek irudikatu ditzakete. Edo 16 urteko gaztetxoen kasuan, beldur eta lotsa ugari izaten dituzte, ez dira beren gorputzen lagunak izaten. Egoera horiei aurre nola egin dieten erakutsi ahalko lukete».

Adinaren araberako sailkapena ez da garrantzitsua Vazquezentzat. Eztabaida «hipokrita» dela adierazi du, adingabeek telebista ikusten dutenean edozein ordutan jasotzen dutelako sexualitate molde desegokia.

Vazquezen iritziz, garrantzitsua da adingabeek helduekin batera ikustea telebista edo zineko produktuak. «Zoritxarrez, ez dute izaten heldu bat alboan, ikusten ari direna azalduko diena».

Espainiako legediaren malgutasunak gurasoen ardura ere eskatzen duela ohartarazi du Lazkanok. «Deadpool pelikularekin gertatu zen —superheroiak ditu protagonista—. Guraso asko haurrekin joan ziren pelikula ikustera, hamasei edo hamazazpi urteko publikoari zuzendua dagoen arren. Sexu txantxak daude, drogak, indarkeria... Antzeko zerbait gertatu da Sausage Party-rekin. Jendeak haurrentzako dela pentsatu du, animazioko pelikula delako».

Sexu edukiak kezka pizten duten arren, oharkabean pasatzen direnak nabarmendu ditu Vazquezek. «Askoz ere kaltegarriagoak dira albistegietako indarkeria eszenak, sexu eszenak baino».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak