Noiz sortua: 2017-05-30 00:30:00

Euskal presoak. Espetxeetako eskumena

Nafarroak espetxe eskumenak osorik hartzea aldarrikatu du Salhaketak

Hamalau erakundek bat egin dute gaiari buruzko azterketarekin. Helburua lortu bitartean, osasun edo hezkuntza arloko eskumenak hartu eta Iruñeko kartzelako egoera hobetu daitekeela diote
Raquel Turumbay, Libertad Frances, Ruth Martinez, Julia Munarriz eta Yolanda Yañez, Salhaketa eta Sare GIB/ihes Laguntza taldekoak, atzo.
Raquel Turumbay, Libertad Frances, Ruth Martinez, Julia Munarriz eta Yolanda Yañez, Salhaketa eta Sare GIB/ihes Laguntza taldekoak, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2017ko maiatzak 30
Eztabaidari bultzada eman nahi diote, eta horretarako «lehen harria» bota du Salhaketa elkarteak. Nafarroako foru erkidegoak espetxeko eskumenak osorik bereganatzeko txostena landu du, eta agiriarekin bat egin dute Iruñeko espetxean lan egiten duten beste hamalau elkartek. Behin harri hori botata, hala Nafarroako Parlamentuko taldeekin nola ordezkaritzarik lortu ez duten alderdiekin hitz egin nahi dute aldarrikapen hori legebiltzarrera eramateko asmoz. Azken urratsa litzateke Nafarroako Gobernuak eskaera hori Madrilgoari egitea. Libertad Frances Salhaketa elkarteko ordezkariaren arabera, bide «luze eta gogorra» dute aurrean, baina eskumenak osorik hartu bitartean, Nafarroa osasun, hezkuntza edo gizarte zerbitzuetako eskumenak hartzen ahalegindu daiteke.

Atzo komunikabideen aurrean plazaratu zituzten txosten horren ondorioak. Eskaera ez da gutizia bat, inondik inora. Aspaldidanik aldarrikatu izan dute erakunde nafarrek espetxe arloko eskumen batzuk hartzea eta 1982ko Foru Hobekuntzak berak jasotzen du eskumenak osorik hartzeko eskubidea. Arrazoi legal eta politikoaz harago, Iruñeko espetxearen funtzionamendua hobetu daitekeela nabarmendu du Libertad Francesek. «Eskumenak osorik hartzeak ez du Iruñekoa kartzela bikain bihurtuko, baina egoera hobetu dezake, Nafarroak espetxe barruan hartzen diren erabakietan eragiterik izango duelako». Haren ustez, espetxearen eta kanpoko errealitatearen artean «harresirik ez egotea» lagunduko luke.

Era berean, presoa bizitokitik gertuko espetxean izateko eskubidea aldarrikatu du. «Espetxeak erabakitzen du zigorra kanpoan betetzea, baina gero hori argudio gisa erabiltzen du askatasun prozesua atzeratzeko. Askotan, hirugarren gradua ukatzeko argudiatzen dute presoak tokiko gizartearekin loturarik ez duela». Hala, begi onez hartu dute euskal presoak Iruñeko edo inguruko espetxeetara hurbiltzea.

Elkarteen babesa

Oraingoz espetxeetan lan egiten duten hamalau elkartek bat egin dute: hala nola Sare GIB/ihes laguntza taldea, Ibarre Multzoa, Nafarroako Espetxeetako Elizbarrutia, Gizakia Helburu, Gaztelan fundazioa, Emausko Trapuketariak, SOS Arrazakeria, Gizakia Herritar fundazioa, Iruñerriko Sare, Lantxotegi elkartea, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza fundazioa eta Nafarroako Munduko Medikuak.

Espetxean lan egiten duten gizarte elkarteek eta hainbat alderdik aspalditik aldarrikatu dute Nafarroak eskumenak bere gain hartzea. «Duela urtebete inguru ikusi genuen ordua iritsi zela, eta txostena horren abiapuntua da. Denbora asko daramagu hori eskatzen, baina ez da egon proposamen ofizialik», nabarmendu du Libertad Francesek.

Haren esanetan, erakunde horien aldarrikapenetako asko lotuak daude eskumenak bereganatzearekin, eta gizarte zibilari dagokio ardura hartzea: «Behingoz erakunde nafarrek espetxe eskumenak bereganatzeko eztabaidari heltzea nahiko genuke».

Horregatik, behin txostena mahai gainean dela, alderdiekin bildu nahi dute Nafarroako Parlamentuak mozio bat onar dezan. Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariarekin biltzeko asmoa ere badute. Gainera, Nafarroako Arartekoari, Lurralde Auzitegiari eta Espetxe Zaintzari igorriko diote agiri hori.

Txostenak, lehenik, ibilbide historikoari erreparatzen dio, aldarrikapenari zilegitasun eman nahirik. Adibidez, Nafarroako Diputazioaren artxiboetan duela mende bateko gertaera bat topatu dute. 1923an, orduko Espainiako Gobernuak lurraldeei espetxeetako jabegoa kentzeko erabakia hartu zuen, eta, horren aurka, gogor protesta egin zuen garai hartako diputazioak. «Aldarrikatu zuen espetxea bertakoa dela, eta diputazioaren betebeharra dela bertan direnen egoeraz arduratzea».

Frankismoa amaituta, Foru Hobekuntzak —hots, Nafarroako estatutuak— iraganeko aldarrikapen politiko horiek aitortu zituen, eskubide historikoak zirela aipatuta. Era berean, foru erkidegoak osorik hartu beharreko eskumenen artean lehena jarri zuen: «Deigarria deritzogu, adierazten baitu interes erreala zegoela».

Haatik, Francesen arabera, aldarrikapen horiek indarra galduz joan dira, batik bat borondate hori ekintzen bidez adierazteko orduan. «Interes hori galduz joan da 80ko hamarkadatik hona», aipatu du. Adibidez, espetxeekin zerikusia zuten gaiak gizarte zerbitzuetatik Justizia Departamentura pasatu ziren. «Lehenago Nafarroak bazuen espetxeko zuzendaria edo barruko beste profesional batzuk aukeratzeko aukera, eta orain ez da halakorik egiten. Edo are deigarriagoa: 2014tik ez da ekarpen ekonomikorik egiten. Ez da dirurik jartzen elikagaietarako, ur hornidurarako, argindarrerako...». Espetxe barruan lan egiten duten elkarteak laguntzera mugatzen dela aipatu du Francesek.

Horregatik, Salhaketak eta beste gizarte taldeek uste dute interesa berraktibatzeko tarte handia dagoela. Nafarroak osasun, hezkuntza edo gizarte zerbitzuetako eskumenak hartzeko aukera du. «Eskumenak osorik hartzea bide gogorra izan daiteke, eta ez dugu nahi gauzak egiteari uztea». Osasun arloan, adibidez, Espainiako legediak behartzen ditu erkidegoak ardura hori hartzera, Francesen esanetan: «Hamabi urte pasatu dira, eta EAE ez beste erkidegoek ez dute eskumen hori hartu. Madrilek eskumen hori gainetik kendu nahi badu, hartu behar da».

Gabeziak gainditu beharra

Francesen arabera, eskumen partzial horiek hartzeak egungo gabezia batzuk gainditzen lagunduko luke. «Presoen osasuna Osasunbidearen esku badago, baliabide gehiago egongo dira, eta horrek espetxe barruko eta kanpoko koordinazioa hobetuko duela. Dena sare berbera litzateke, eta gizarte zerbitzuetara sarbidea izatea erraztuko lieke presoei».

Francesen irudiko, egun ez dago halakorik. Iruñeko espetxea 2012an inauguratu bazen ere, «ez da Nafarroaren errealitatera egokitzen». Haren esanetan, espetxearen zati bat ez da erabiltzen eta baliabide falta handia dago. Ondorioz, ikastaro gutxi egiten dira, lanposturik ez da sortzen presoentzat edo UNED urrutiko unibertsitatean ikasteko aukera zailtzen zaie. «Kexu asko daude».

Hala ere, azken helburua da eskumenak osorik hartzea, Nafarroari espetxe politika propioa ezartzea ahalbidetuko liokeelako. «Azkenean, presoak sailkatzeko edo hirugarren gradua emateko erabakiak Madrilen menpe daude, eta Madril urrun geratzen zaigu. Aldiz, erabakigunea gertu izanez gero, eztabaidatu ahalko genuke zer espetxe mota nahi dugun». Haren esanetan, espetxeak gaur ez du betetzen presoak gizarteratzeko helburua, eta hori aldatzeko aukera egongo litzateke Nafarroak bere politika ezarri ahal izanez gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna