Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika PSNren betiko melodia zaharra

Publizitatea

Politika

PSN: eraberritzea ala betiko taktika?

PSNren betiko melodia zaharra

Nafarroako alderdi sozialistak zuzendaritza eta mezuak berritu ditu, eta egin nahi duenaren eredutzat jarri du Vianako kasua. 2019an «gobernu alternatibo baten lidergoa» hartzea du xede Maria Txibitek
Santos Cerdan Antolamendu idazkaria, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusia eta Maria Txibite PSNko idazkari nagusia, PSNren Kongresuan.
Argazkia: IVAN AGINAGA/ EFE

2017-08-11 / Joxerra Senar

Ez UPN, ez EH Bildu. Hori da orain PSNren mantra berria. Iragan uztailaren 26an, PSNren XI. Kongresuan, Maria Txibite hautatu zuten idazkari nagusi posturako. Hartara, kongresura bertaratutako 139 militanteetatik 120k aurreko lemazain berbera berretsi dute. Horrekin batera, zuzendaritza eraberritu eta gaztetu dute. Zuzendaritzan izandako aurpegi aldaketez gainera, mezuak berritu nahi izan dituzte, eta, Pedro Sanchezen haize berriak lagunduta, bultzada eman nahi diote euren proiektuari. Marketin politikorako izenburu egokiak izan daitezke horiek guztiak, baina benetan Txibiteren PSNk jo nahi duen melodia politikoan ba al dago zinezko aldaketarik?

Esaldi berean PSN eta eraberritzea elkartzen diren bakoitzean, nafar ugarik bekaina altxatzen dute. Sozialistak Pello artzainaren ipuina errepikatzera kondenatuak daude aspaldian.

PSNren hiru mugarriak

Azken hamarkadan, hiru mugarri gogoangarri izan ditu PSNk. 2007ko abuztuan, PSOEren aginduei men eginez, PSNk Miguel Sanzen inbestidura ahalbidetu zuen. 2011ko ekainean, Roberto Jimenezen gidaritzapean, PSNk urrats bat aurrera egin zuen, eta UPNrekin koalizio gobernua osatu. Urtebete soilik iraun zuten elkarrekin. Azkenik, 2014ko martxoan, berriz ere PSOEren aginduei men eginez, Yolanda Barcinaren aurka zentsura mozioa ez aurkezteko erabakia hartu zuen, eta, horri esker, UPNk beste urtebete iraun zuen gobernuan.

Hutsetik hasi nahirik, Txibitek «garai berri bat» iragarri du kongresuan. Bertan, PSNk ziurtatu du ez duela berriro UPNren gobernurik erraztuko. PSNk aldarrikatu du «gobernu aurrerakoi baten lidergoa» izan nahi dutela, liderrak «irizpideak ezartzen baititu». Nolabait, legealdi honetan Geroa Baik egindakoa beretzat nahi luke Txibitek.

Norekin, ordea? «Guk ez dugu nahi UPN gobernuan egotea, eta ez dugu nahi nazionalistek lidergoa izatea». Alderdi Popularraz ez dute deus esaten, baina Sanchezek ezarritako gidalerroak saltzen ditu Txibitek. «Afiliatu sozialistek ez dute nahi eskuineko gobernurik, ez Nafarroan, ez Espainian».

Haatik, EH Bilduri ere betoa ezarri nahi diote, eta ohiko argudioak erabili dituzte. «Bilduk oso gutxi du ezkerrekotik eta aurrerakoitik», adierazi zuen Santos Cerdanek Kongresuan. PSNren arabera, ez dute akordiorik erdietsiko eraikuntza nazionala helburu duen alderdi abertzale batekin. Hots, gehienez ere, betiko euren marra gorria berriro ere gorriz margotu dute.

Ustez, hiru alderdiok baztertuta, politika egiteko aukerak mugatzen zaizkio. Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-rekin nahiko luke akordioa egin. Neurri batean, duela bi urte ere jokaleku hori bilatu zuen, baina ahultasun leku batetik ezinezko zuen ezer erdiestea. 2019an, berriz, lau indar horien artean lehena izatea jarri du helburu gisa Txibitek, eta sinetsita dago gobernua osatzeko aukera emango liokeela.

Vianako ispilua

PSNren kongresuak bat egin du Vianako Udalean gertatutako mugimendu politikoekin. Javier Murgiondo UPNko alkatearen aurkako zentsura mozioa aurrera atera zuten atzo PSNk, Ahal Dugu-ren inguruko Cambiemos Viana taldeak eta Geroa Baik. Murgiondori «eraginkortasun falta» aurpegiratu diote, eta UPN alkatetzatik kentzeko akordioa erdietsi dute PSNk, CVk eta Geroa Baik. Asmoa da haren tokian hautagai sozialista jartzea, baina, horretarako, akordiotik kanpo utzi dute EH Bilduko hautetsia. Gainera, zinegotzi abertzalea oporretan dela baliatu dute atzetik akordioa erdiesteko.

Agian, udal politikako errealitateari erantzuten dio mugimendu horrek, baina, zalantzarik gabe, PSNk Nafarroa osora zabaldu nahi luke Vianaren adibidea. Horren jakitun, EH Bilduk kezkaz begiratu du kasua: «PSN ez da aldaketaren parte, ez Vianan, ezta Nafarroan ere; haren ibilbideari, urrunekoari eta gertukoari erreparatu besterik ez dago. Kontrara, PSN erregimenaren zutabeetako bat izan da azken hamarkadetan, UPNren makulua». Halaxe argudiatu zuen EH Bilduk komunikabideei igorritako oharrean. Koalizio abertzalearen arabera, PSN ez da aldatu, besteak beste, bazterketa politikoari eusten diolako.

Aldaketa egotekotan, beste alderdietan sumatzen du EH Bilduk, eta, horregatik, «larria» deritzo egun aldaketaren parte diren alderdiek akordioa onartzeari. «EH Bilduk ez du parte hartuko PSNrekin egin nahi den itxura garbiketan, bi helburu argi baititu horrek: PSOE hondotik ateratzea estatu osoan, eta Nafarroako kasuan, gainera, pitzadurak eta tentsioak eragitea aldaketaren aldeko lau indarron artean».

Bai Geroa Baik eta bai Ahal Dugu-k zehaztu dute udal arloko mugimendua baino ez dela Vianako mozioa. Azken asteetan Txibitek irudikatu nahi duen aldaketa udal mailan neurtzeko egokia izan daitekeela uste du Geroa Baiko Unai Hualdek. Haren ustez, sozialistek aspaldidanik bat egin dute eskuinarekin. Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren arabera, berriz, mozioak ez du zerikusirik PSNk komunikabideetan Ahal Dugu-ri egindako eskaintzarekin.

PSNren zoritxarrerako, Nafarroa ez da Viana. Politikan, desirak adieraztea zilegi da, baina arriskutsua izan daiteke errealitateari bizkarra erakustea. Ezin esan daiteke Txibitek irudikatutako bidea ezinezkoa dela, baina bai oso estua. Egun, bosgarren indarra dira, eta Txibitek azaldu du egunotan gogor apustu egingo dutela Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bilduren aurretik geratzeko.

Baina zer gertatuko da lortu ezean? Batetik, galdera horri ez dio erantzun nahi PSNk, eta, iraganean erakutsi duten legez, hauteskundeak egin bitarte lore horri hostoak kenduko dizkio betiereko joko anbiguo batean. Bestetik, Ahal Dugu, Ezkerra eta Geroa Bai prest al leudeke EH Bildu bazterrean utzi eta PSN fidagarritasun gutxikoarekin dantza egiteko? Goizegi da jakiteko sozialisten asmoa helmuga argi batean amaituko den, edo kale itsu batean.

Aldaketaren aurka

Betiko moduan, hitzek baino gehiago ekintzek definitzen dute PSN, eta, orain arte, aldaketatik oso urrun egon da. Legealdi honetako azken bi urteotan, laukoak onartutako lege garrantzitsuenen aurka bozkatu du. Zerga erreformaren aurka oldartu zen, errenta bermatua gogor kritikatu du, aurrekontuen aurka bozkatu du, euskararen aldeko neurriak inposiziotzat jo ditu... Oso gutxitan bat egin du aldaketaren aldeko gobernuarekin.

Berez, «agenda nazionalista» inposatu nahi izatea aurpegiratu dio gobernuari. Akaso horregatik, PSNk bat egin zuen UPNren inguruak Nafarroako banderaren alde deitutako manifestazioarekin. Ulergaitza egin zen sozialisten presentzia, itxuraz ez zaiolako komeni eskuineko indarrekin lerratzea. Haatik, Txibitek eta gainerakoek uste dute Ikurren Legea indargabetzeak gobernuaren agenda nazionalista indartzen duela, eta, alde horretatik, bat egiten dute UPNren estrategiarekin.

Horregatik, deigarria bada nafar sozialistek PSOEren barne eztabaidan izan duten jarrera. Azken hamarkadari erreparatuta, irudi luke sozialista nafarrek Susana Diezen alde egingo zutela, baina, hain justu, kontrakoa gertatu zen. Harrigarriki, Nafarroan Pedro Sanchezek oso argi irabazi zuen. Hark eskuineko gobernuen aurkako ezezko irmoaren eta ezkerreko indarrekiko hartu-emanaren alde egin du, baina Nafarroan PSNk bestela jokatu du.

Ulertuko al dute haren hautesleek Espainian Mariano Rajoyri ezetz esatea baina Nafarroan Ana Beltran eta Javier Esparzarekin bat egitea? Txibiteren ikuspuntutik, PSN ez doa inoren eskutik, eta hirugarren espazio bat ordezkatzen dute: «Guk aldaketaren alternatiba izan nahi dugu, baina UPNren alternatiba ere izan nahi dugu». Haren hitzetan, gauza askotan bat egin dezakete UPNrekin, baina horrek ez du esan nahi batera doazela.

Herritarren konfiantza berreskuratzeko, fede handia eskatzen du Txibitek. PSN linbo politiko moduko batean dago oraindik, eta zirrikitu guztiak bilatu nahi ditu 2019an ahalik eta indartsuen heltzeko. Batetik, jarrera nahiko argia du: gobernuaren ezkerreko neurriak gutxiestea eta neurri identitarioak azpimarratzea, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin atsekabetuta egon daitezkeen hautetsiak bereganatzeko.

Bestetik, PSNren bilakaera oso estu lotua dago PSOEri. Espainiako alderdi nagusiak beherantz jarraitzen badu, nekez gerarazi ahalko du joera Nafarroan. Haatik, kontrakoa gertatuz gero, PSN ere indartu dezake. Eta Txibitek badaki 2019ko hauteskundeetan zenbat eta babes handiagoa lortu orduan eta aukera handiagoa izango duela 2015ean galduriko eragin ahalmena berreskuratzeko.

Azken finean, PSNren estrategia nagusia ez da karta guztiak jokatzea bigarren izateko, baizik eta, iraganean egin bezala, Nafarroako politika ezker-eskuin baldintzatzeko giltza berreskuratzea. Lortuz gero, iraganeko mamuak aldendu eta Txibitek amesten duen «garai berria» hasiko litzateke. Edo, zehatzago esateko, bere betiko melodia zaharra joko luke PSNk.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak