Albistea entzun

Itzalpean ere haurrak haur izan daitezen

Madrilgo Aranjuez espetxeko zuzendaria aldatu zutenetik, nabarmen egin du okerrera amen moduluan dauden haurren egoerak. Umeen eskubideak urratzen ari direlakoan, txosten bat osatu dute zenbait adituk, eta atxikimenduak jasotzen ari dira orain. Aurrez zituzten baldintzak berreskuratzea dute xede.
BERRIA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko uztailak 10 - Bilbo

Aitarekin bisita. Bi urte eta zortzi hilabete ditu Aiur Petralandak, eta amarekin batera hartu du lokutoriorako bidea. Iritsi da metro koadro bat duen gelara, eta aita ikusi du zikin dagoen kristalaren beste aldean. Aitak dioena entzuteko, telefonoa hartu du amak, lokutoriora sartu bezain laster. Aiurrek ez du ezer entzuten. Ikusten ditu aitaren ezpainak mugitzen, eta entzuten du ama hizketan. Aspertzen ari da. Jolastu nahi du, eta lokutorioetara sartzeko korridorera atera da, metro koadro bat duen gela aspergarria zaiolako. Hasi da korrika hara eta hona. Amak eta aitak begiratzea nahi du, eta berekin jolastea. Ez daude solasaldi lasaian gurasoak, nabari dutelako semea aspertzen ari dela eta ez dagoela gustura. Hala da, aspertzen ari da haurra. Ez zaio lokutorioa gustatzen. Kito, pasatu dira 40 minutuak; bukatu da bisita. Agurtu du aita Aiurrek, eta ziegarako bidea hartu du amarekin. Egoera hori bizi du igandero, Aranjuezko espetxeko (Madril) amen moduluan dauden haurrek bezala.

2013ko apirilera arte, Aiurrek ez zituen lokutorioak ezagutzen, aurrez aurrekoen geletan egiten baitzituen aitarekin eta senideekin igandeko bisitak. Kristalik gabe egoten zen aitarekin, eta amarekin gela berean, eta kristalak banandu gabe aita ukitu eta harekin jolasean aritzeko aukera zeukan. Orduko espetxe zuzendariak ez zuen begi onez ikusten bisitak lokutorioetan egitea. Haren ustez, bateraezina da senitartekoak eta haurra banatzea, eta, familia ingurunea zaindu asmoz, aurrez aurreko geletan egiten ziren horregatik. Ordea, ez du gauza bera pentsatzen zuzendari berriak; kargua hartu eta berehala aldatu zuen bisitak egiteko tokia. Aldaketa hori izan zen Aiurri garatzea are gehiago zaildu zion lehen neurria, baina ez da azkena izan. Luzea da azken urteetan Aranjuez espetxeko zuzendariak haurren baldintzak okertzeko hartu dituen erabakien zerrenda.

Baldintzek, okerrera

Lo egitea, elikadura duina izatea eta jolastea ere borroka bihurtu zaizkio haurrari. Lehen isilik zegoen megafonoa martxan dago orain kartzelan, ozen. Berdin du haurra lo dagoen, eta berdin du zer ordu den: edonoiz eten dezake Aiurren loa bozgorailuak. Eta, megafonia ez bada, presoen zenbatzea da. Lehiatila ireki eta ixtearen zaratak haurra asaldatzeko aukera sortzen du. Esnatzean denean jolastu nahi baldin badu, urteetan pilatutako jostailuen artera joango da, urtean hiru baino ezin dituztelako jaso orain: bat urtebetetzean, eta bi gabonetan.

Trabak-eta ez dira hor bukatzen. Espetxeko belardia ere nekez zapaltzen dute haurrek azkenaldian. Legez, kartzelako haurtzaindegiko lorategira joateko baimena dute arratsaldez, baina hango ateak ez irekitzeko aitzakiak besterik ez dute jartzen funtzionarioek. Hala azaldu dio Aiurren ama Anabel Prieto euskal presoak BERRIAri, espetxetik. «Eremu berde bakarra da, eta haurrentzat oso garrantzitsua da modulu arruntetik aldentzen den toki batean egotea».

Espetxeko langileek erabakitzen dute noiz atera eta noiz ez. Gaurkoa eskuzabalagoa da; biharkoa, kontrakoa. Noraez horretan, nahastu egiten dira haurrak, Prietoren arabera. «Txanda batzuetan era batean jokatzen dugu, eta beste batzuetan, beste era batean. Haurrek ez dute ulertzen zergatik egun batean gauza bat egin ahal duten eta hurrengoan ez». Halako egoerek haurrengan eraginik izan ez dezaten borrokatzen dira amak egunero. «Guk umeek baino gehiago nabaritzen ditugu aldaketa guztiak. Oso jakitun gara egoeraz, eta mila gauza asmatzen aritzen gara gure seme-alabak zoriontsuak izateko».

Joan den urteko udako gertakariak ekarri ditu gogora presoak. Uztailean, hiru arratsaldez atera ziren haurrak lorategira eta abuztuan, bi aldiz. Gainontzeko egunetako arratsaldeak porlanezko patioan egin zituzten, 40 gradu zirela. Gainera, urarekin jolastea debekatu zieten, bakteriak hartzeko arriskua zela argudiatuta. Planto egin zuten amek orduan, eta lortu zuten goizetan, bi orduz bada ere, espetxeko igerilekua irekitzea.

Elikadurarekin ere arazoak dituzte. Aurrez fabrikatutakoak eta izoztuak dauden jakiak jartzen dizkiete haurrei platerean. Gehienetan, hotzak. Eta urte eta erdi bat baino gutxiago dutenentzat, purea da eguneroko menua.

Baldintzen okertze horretaz kexatu dira amak behin eta berriz, baina zuzendariak bere hartan jarraitu duela azaldu du Prietok: «Frustrazioa sortzen du. Gu gauzak aldatzen saiatu gara, zuzendaritzarekin eta segurtasunekoekin hitz egiten, baina hormaren kontra egiten dugu». Ezin espetxe barrutik tira, eta kanpotik hasi zuten presioa.

Egoera aldatzeko elkartu

Amen moduluan ziren lau euskal presoen senideak elkartu eta egoera iraultzeko urratsak egiten hasi zirela azaldu du Aner Petralandak, Prietoren bikotekideak: «Zuzendari berria modulu arrunta izango balitz bezala jokatzen ari da. Ez du kontuan hartzen haurrak daudela han, eta hori da azaleratu nahi duguna: espetxean haurren eskubideak urratzen ari direla. Aldez aurretik zituzten baldintzak berreskuratzea, horixe eskatzen dugu».

Hilean hirutan joaten da Petralanda Aranjuezera. Asteburuan haurra espetxetik atera, eta harekin egiten ditu bi egun. Eta, igandeko bisita baino lehen, amarekin uzten du berriro; lokutorioko kristalaren beste aldean ikusten du gero semea. Azaldu du aurrez aurreko bisitak eta familia bisitak direla hirurak batera egoteko duten aukera bakarra. «Igandeetan Aiur amarengana eraman ostean, handik minutu gutxira kristalak banatzen gaituela ikusten du hark igandero. Ez dugu ulertzen zer dela-eta hartu duen neurri hori zuzendari berriak».

Haurrak presondegitik kalera ateratzeko mugak ere handitu egin dituzte. Bi alditan sartu eta bi alditan ateratzeko baimena dute, 12:00etatik 17:00etara. Ordutegi horrek ez du ez hankarik eta ez bururik, Petralandaren arabera: «Haurra txikia denean, kalera atera, bazkaldu eta lo egiten dute, ez besterik». Kalera ateratzeko egunak eta orduak ez daude haurren beharrizanen arabera antolatuta, eta neurri hori aldatzeko eskatzen ari dira.

Espetxeak ez du haurraren garapena baldintzatu behar, eta dituzten beharrizanetara egokitu behar dela esan du Petralandak. Bide horretan aritu dira lanean azkeneko urtean. Euskal presoek eta haien senideek hartu dute bandera, baina hark argi azaldu du moduluan dauden haur guztiak aintzat hartutako lanketa dela. Gainontzekoek mehatxuak jasaten dituzte, eta horregatik ez dira kexu, Petralandaren ustez. «Preso arrunt asko gobernuak kudeatzen dituen etxebizitzetara joaten dira kondenaren hiru laurdenak bukatuta. Protesta egiten badute, gizarte zerbitzuetara deitu eta haurra kenduko dietela esaten diete».

Salaketa txostena

Espetxearen baldintzak azaltzeko, txosten bat osatu dute haurrekin lan egiten duten psikologoekin eta EHUko irakasleekin batera. EAEko arartekoarekin eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin erebildu ziren, egoeraren berri emateko. Haiek presondegian presio egiten saiatu dira, baina alferrikakoa izan da egindako ahalegina: espetxe erakundeak babestu egiten du Aranjuez kartzelako zuzendaria.

Baina dena ez da beltza. Osatu duten dosierra Espainiako Herriaren Defentsariari bidali ziotela jakinarazi du Petralandak. Egoeraren berri izandakoan, Aranjuezera egin zuen hark, kartzelako zuzendariarekin eta amekin biltzera. «Hamabi preso elkarrizketatu zituzten; haien artean, han dauden bi ama euskaldunak. Egoera onartezina zela adierazi zuen, eta haiek ere txosten bat osatuko dute». Prietok ere pozik azaldu du gertatutakoa: «Madrilen hemen dugun egoeraren berri ematen badute, aldaketak egongo dira. Neurri batzuk arindu dituzte kanpotik presioa egiten hasi zirenetik, baina oraindik asko dago aldatzeko».

Osatu duten txostenaren atxikimendu bila hasiko dira orain. Espetxeko zuzendari berriak ezarritako neurriak bertan behera uzteko eta haurren eskubideak errespetatzeko eskatzen dute. Helburuak lortzeko beharrezkoa den guztia egingo dutela esan du Petralandak: «Hau ez da etika kontu bat. Giza eskubideez ari gara, eta hori ari gara aldarrikatzen. Gure seme-alaben eskubideak errespetatzea nahi dugu, ez besterik».

Haurrak haur izateko baldintzak izatea, horra Aranjuezen dauden euskal presoen amen eta haien senideen nahia. Orain arte, gutxi hitz egin da amatasunaz eta kartzelaz, eta gaia kaleratzea baikorra dela iritzi dio Prietok. Bost minutuko telefono deia bukatu baino lehen igorri du azkeneko esaldia, zoriontasunaz: «Gu zoriontsuak gara gure haurrekin, eta gure seme-alabak zoriontsuak dira gurekin».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

EITB Maratoiaren testuinguruan, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

EITB Maratoian, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

Berria

Fernandezi 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, eta, artatze desegokia tarteko, haren egoerak okerrera egin du ordutik. EITBren egitasmoa gaixotasun horren aurkako borrokarako baliatuko dute.

 ©BERRIA

«Ezin dugu EH Bildurekin proiektu handirik partekatu»

Xabier Martin

PSOEk koalizio abertzalearekin itunak «noiz edo noiz» egin arren, «orain» harekin aliantza handiagoak egitea baztertu egin du Guijarrok. Legegintzaldia osorik amaituko duela uste du.
Aitor Esteban, atzo, Bilbon. ©Miguel Toña / EFE

«Euskadiren nazio auziari» aurre egiteko eskatu du EAJk

Xabier Martin

Pedro Sanchezi «legegintzaldiaren aukera alferrik galtzea» aurpegiratu dio Aitor Estebanek. EH Bilduk «ez du ezer ospatzeko»

Alda elkarteak alokairuaren inguruan antolaturiko konferentzia bat, azaroaren 21ean, Baionan. ©Guillaume Fauveau

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...