Albistea entzun

Haize-laster berriak, hiru urte

2013ko irailean unibertsitateko hamar ikasle sartu ziren Gasteizko Errekaleor auzoko 26. zenbakian. Hirugarren urteurrenerako, hedatu egin dira: 32 ataritik 24 daude okupatuta, eta 130 pertsona bizi dira bertan, bizikidetza proiektu baten alde lan egiten, zailtasunak zailtasun.
Errekaleorko plazara ematen duen leihatila, garai bateko gizarte etxetik.
Errekaleorko plazara ematen duen leihatila, garai bateko gizarte etxetik. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko urriak 6 - Gasteiz

Hiru urte dira elkarbizitza eta auzo eredu berri baten aldeko haize boladak Gasteizko hautsak harrotu zituela. 2013ko irailaren hasieran, hamar gazte sartu ziren Errekaleorko 26. atarian. Atea irekitzeak gaur egun oraindik suma daitekeen haize-lasterra eragin zuen. 2013an husteko bidean zegoen auzoa. Hilzorian. Egun 130 pertsonatik gora bizi dira bertan, eta, egunez egun, egitasmoa egonkortuz doaz, udalak begi onez ikusten ez badu ere.

Hirugarren urteurrena ospatzen ari dira Errekaleorko bizilagunak, Gasteiztik biltzen diren lagunekin batera. Euskararen Eguna dute gaur, bertso afari eta guzti, eta, igandera arte, ospakizun ekitaldiei eutsiko diete. Izan ere, badago zer ospatu. «Egun dagoena irudikatzen genuen, baina ez genuen ikusten hain posible», hausnartu du Jon Urbizuk, 2013an 26. atarian sartu zen gazteetako batek. Hiru urtean, lan askoren eta handien buruan, proiektuz betetako gunea da Errekaleor, auzokideek eurek sustatuta: frontoia, zinema, liburutegia, ortua, haur eskola, gaztetxea, okindegia... Areago, aurrera begirako asmoak ez dira falta: inprenta, irratia, grabazioak egin ahal izateko musika estudioa...

Egun 130 biztanle ditu auzoak, adin guztietakoak. Gehienak gazteak diren arren, familiak ere badaude: nagusienak 76 urte ditu, eta aurki jaioberri bat izango du auzoak. Edonola ere, duela hiru urte bezala, egitasmoak itzal bat du gainean: ezin da zehaztu iraungitze datarik izango duen, eta, izanez gero, noiz gertatuko den.

Jabetza osoa udalarena

2016ko martxoaren 17tik Errekaleorko etxebizitza guztien jabe da 21 Zabalgunea, udal hirigintza agentzia. Egun hartan jatorrizko azken bi bizilagunek etxebizitza saldu zioten agentziari. Ordea, aukera gutxi daude Gasteizko Udalak epe laburrean erabakirik hartzeko. Besteak beste, auzibide bat irekita dago 2013an 26. atarian sartu zirenen aurka; hori argitu bitartean, ez du ematen mugimendurik egongo denik.

21 Zabalguneak abiatu zuen auzibidea. Salatzaileak etxebizitzaren jabetza aldarrikatu zuen, eta 26. atariko bizilagunek jabetza horren aurka egin izana salatu zuen. Ordea, erabiltzaileek aitortu zuten jabetza udalarena zela; hots, ez zirela okupak, baizik eta egoerak behartuta azpiegitura hori behin-behinean erabiltzen ari ziren herritarrak. Areago, jakinarazi zuten udalbatzaren baimena zutela azpiegitura erabiltzeko.

Lehen auzibideko epaitegiak arrazoia eman zien Errekaleorko bizilagunei. Aldiz, hilabete batzuk geroago, Arabako Lurralde Auzitegiak 21 Zabalgunearen alde egin zuen. Bizilagunek Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten, eta erantzunaren zain daude. Lehenik eta behin, Gorenak erabaki beharko du aintzat hartzen ote duen auzokideen helegitea; aintzat hartuko balu, prozesua hilabeteetan luzatuko litzateke.

Bitartean, Gasteizko Udala eta Errekaleor Bizirik plataforma bilerak egiten ari dira. Udalak hainbatetan adierazi du ez duela «amaiera traumatikorik» nahi. Ildo horretan, Jon Arbizuk gogora ekarri du proiektuaren hasieratik egunera arte udalarekin nolako harremana izan duten: «Hasieran formak zaindu zituzten, atzetik modu zikinean jokatu zuten arren». Javier Marotoren legegintzaldiaren azken txanpan gauzak aldatzen hasi zirela xehatu du Urbizuk. Gorka Urtaran alkate denetik «jarrera aldaketa argia» antzeman dute.

Aretxabaleta, mahaian

Urtaranen gobernuak Errekaleor auzoa hustearen alde egin du, hasieratik. Alkateak berak plataformaren proiektuari hitz onak eskaini badizkio ere, azpiegitura ezegokia dela gaineratu du, eta bizilagunak arriskuan daudela nabarmendu. Bestetik, oroitarazi du 21 Zabalguneak hirigintza ardurak dituela etxebizitza horietan, eta, edozer gauza gertatuko balitz, udal agentziak erantzukizuna izango lukeela. Hori dela-eta, erdibideko proposamen bat eskaini die Errekaleorko bizilagunei: Aretxabaletako etxe batzuetara mugitzea, Gasteizko hegoaldean.

Udalak argudiatu du Aretxabaletako etxebizitza horiek 21 Zabalgunea agentziarenak direla, eta Errekaleorkoak baino egoera hobean daudela. Areago, «maizter birgaitzaile» ereduan oinarritzea proposatu die, edo, beste moduan esanda, alokairua gauzaz ordaintzea. Horren arabera, bertan biziko liratekeen pertsonei ikastaroak emango dizkiete, etxebizitzak zaharberritzeko zenbait jarduera ikas ditzaten: sukaldea aldatu, zoruak egokitu... Beste lan batzuk, argindarrarekin eta gasarekin lotutakoak, enpresen esku utziko lituzkete.

Errekaleor Bizirik plataformak ez du proposamena onartu. Batetik, «asistentzialista eta paternalistatzat» jo dute udalaren jarrera. Bestetik, erabiltzen dituzten azpiegiturak ondo daudela berretsi dute. «Duela hiru urte erabiltzen hasi ginen etxea gu sartu baino bi aste lehenagora arte erabilita zegoen», oroitarazi du Urbizuk. Azkenik, uste dute udalak bere burua zuritzeko egin duela proposamen hori. «Jokaldi komunikatiboa izan zen, gure iritziz; bagenekien zer ekarriko lukeen horri uko egiteak», azaldu du Karla Berrojalbizek, plataformako kideak.

Ortu ekologikoak

Gasteizko Udalak aurreikusita du jadanik zer egin nahi duen Errekaleor auzoa dagoen lekuan: ortu ekologikoak. Jatorrian, Gasteizko hirigintza planean, Errekaleorren gainean etxebizitzak eraikitzea aurreikusi zuten. Ordea, «datozen hamarkadetan» ez da etxe horien beharrik egongo. Hori gertatu bitartean, ortuak egin asmo ditu udalak, bestelako proiektuei atea ixteko; etxolei, esaterako.

Ortuak egiteko, baina, auzoa eraitsi egin behar da; hots, desegiteko ere dirua behar da, eta hori da, hain zuzen ere, Gasteizko Udalean sobera ez dagoen baliabidea. Hori guztia argitu bitartean, elkarbizitza ulertzeko modu berriak hartzen jarraituko du Gasteizko hego-ekialdeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.