Elkarrengandik gertuago

Euren eskaeren oinarri feministak aldarrikatu dituzte azken asteetan Bizkaiko zahar etxeetako langileek. Aitortu dute apurka-apurka sortu zaiela kontzientzia hori. Ekintzaile feministek onartu dute feminismoak ere denbora behar izan duela gatazka horretara hurbiltzeko.

Ibai Maruri Bilbao -

2017ko irailak 21

«Andre horiek duela urtebete ez zuten pentsatzen kalera atera zitezkeenik»

Irantzu Varela

Kazetaria

«Emakume horiek txapeldun itzelak dira». Bizkaiko zahar etxeetako langileek egin duten borrokak «liluratuta» dauka Irantzu Varela, kazetaria eta Faktoria Likako kidea. «Andre horietako askok duela urtebete ez zuten pentsatu ere egingo kalera atera zitezkeenik euren eskubideak aldarrikatzera. Megafono bat hartu, eta manifestazio batean oihu egin? Pentsatu ere ez. Eta hedabideen mikrofonoetan aldarrikapenak zabaldu, gutxiago».

Kalea irabazteko pauso itzelak eman dituztela iruditzen zaio. «Bilakaera izugarria izan dute. Gaur egun langile mugimenduaren liderretako batzuk dira». Eta uste du une honetan Euskal Herriko mugimendu feministak izan beharko lukeen borroka garrantzitsuenetako bat ipini dutela mahai gainean: zaintza lanak eta horrek andreengan duen eragina.

Penatu da lan hori bakarrik egin dutelako. Iruditzen zaio gizonezkoek osatutako beste sektore bat balitz ez litzatekeela 300 egunetik gora greban egon beharko, Euskal Herri osoak babestuko lituzkeela. «Emakume zehatz batzuen aldarrikapen gisa» hartu izan dela kritikatu du.

«Feminismoaren inplikazioak antolatuago eta jarraikiagoa izan behar du»

Jule Goikoetxea

Zientzia Politikoen irakaslea

Mugimendu feministako sektore batzuek lan gatazka horren aurrean erantzuteko denbora gehiago behar izan dutela aitortu du Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak. Haren ustez, feminismoa trantsizio prozesu batean dago: «2000. hamarkadara arte gehiago egon da gorputzari, generoari eta sexuari lotutako debateetan. Oro har, Europa osoan gertatu da. Baina, azken hamarkadan, krisi ekonomikoaren eraginez, neurri handian, interes handiagoa jartzen hasi da arlo sozioekonomikoan».

Sindikalismoan eta mugimendu feministan, bietan, aldaketa hasi dela uste du. Greba hori bultzatzen duen ELA sindikatuak egindako lana goraipatu du. «Beste sindikatu batzuek baino errazago txertatu dute feminismoa, barrutik egin dutelako. Feminista asko sartu da sindikatura. Formakuntza lan itzela egin dute langileen artean». Uste du mugimendu feminista ere orain arte baino «gehiago» inplikatu dela. Dena den, asko ikusi du egiteko: «Inplikazioak antolatuagoa eta jarraikiagoa izan behar du. Eta sindikalizatuta ez dauden andreengana ere iritsi behar dugu».

«Borroka feministaren enborra da zaintza ikusgarri egitea»

Liz Quintana

Abokatua

«Zaintza emakumeen esku utzi den zeregina den heinean, ikuspegi feministatik landu behar da ezinbestean». Liz Quintana abokatuak zuzeneko parte hartzea izan du etxeko langileen borrokan. Bi sektoreak «ahizpak» direla iruditzen zaio, bietan andreak jagole direlako. «Zaintza ikusgarri egitea borroka feministaren enborra dela iruditzen zait».

Pentsatzen du beharginen artean asko denbora igaro ahala ohartu direla euren borroka feminista ere badela. Eta ekintzaile feministen artean ere beste horrenbeste gertatu dela aitortu du. Uste du Bizkaiko zahar etxeetako beharginen lan gatazka «eredu» bihurtuko dela beste borroka batzuetarako.

Ezinbesteko jo du zaintzaren garrantzia aldarrikatzea; esan du batez ere sektore horretan dabiltzanek elkarlanean egin behar dutela, mugimendu feministarekin batera. «Ikusgarri ez diren eguneroko zaintza txikiak daude; haiek gabe, bizitzak ez luke aurrera jarraituko. Zaintzaz ezin dira arduratu euren etxeetan musu truk dabiltzan andreak edo baldintza prekarioetan lan egiten duten soldatapekoak».

«Feminismotik kasu egin behar diegu tresnarik ez duten sektore feminizatuei»

Saioa Iraola

Bilgune Feministako kidea

«Gure jendartean ez da aitortzen bizitzak jarrai dezan egin beharreko zaintzak duen garrantzia politiko eta egiturazkoa». Zahar etxeetako beharginen borrokak hori ikusgarri egiten lagundu duela iruditzen zaio Bilgune Feministako kide Saioa Iraolari. Sektore feminizatua dela azpimarratu du. Eta esan du sendi denetan dela zaintza behar duen norbait. «Zahartzeak eta mendekotasunak sortutako zaintza beharrak asetzea familien esku ari da gelditzen. Eta uste dut erakunde publikoek, diskurtsotik harago, zaintzarako politika duinak sortzeko eta daudenak hobetzeko badutela zer egina».

Langileok Arriagan egindako kanpaldia babestu zuen Bilgune Feministak. «Gerturatzea prozesu bat izaten ari da». Eta bi aldeetatik. Azaldu du sindikatuek historikoki eremu produktiboari begirako estrategiak ipini dituztela martxan. Baina poztu da azken urteetan andreen lan sektoreei ere erreparatu dietelako. «Halere, sektore feminizatuetan badaude langile asko tresna gabe, eta feminismotik kasu egin behar diegu. Asko kostatzen ari zaigu estrategia bateratuak sortzea».

«Lan gatazketan sarri ikusi da emakumeen ahalduntze prozesu bat»

Isabel Otxoa

Lan Zuzenbideko irakaslea

EHUko Lan Zuzenbideko irakasle Isabel Otxoaren esanetan, bi arrazoigatik da zahar etxeetako langileena borroka feminista. Batetik, emakume direlako dituztelako baldintza horiek. Eta, bestetik, jagoten dituztenen egoeraz ere ohartarazi dutelako: «Zaintzen ditugun pertsonek arreta hobea merezi dutela esatea feminista da? Ba agian bada. Andre horiek lanaren zentzua azaleratu dute, eta hori ez da ohikoa izaten».

Zahar etxeetako langileen kasua ez du gertutik aztertu, baina ezagutzen ditu tankerako beste batzuk. «Lan gatazketan sarri ikusi da emakumeen ahalduntze prozesu bat, bai langileak eurak zirenean, bai langileen emazte zirenean». Adibidez, kalera atera behar izan dute mobilizatzera. Eta, horretarako, besteak beste, etxeko lanak albo batera utzi behar izan dituzte; familiarekin banatu. «Horrek, sarri, gatazkak sortu ditu familietan, eta borroka horiei esker etxe barruan ere eskubideak irabazi dituzte».

Iruditzen zaio gizartean gatazka horrekiko ikuspegia aldatzea lortu dutela. «Denboran hainbeste luzatzeak esan nahi du ez dela nahikeria soil bat».