Albistea entzun

Lagunaren alboan

Maisu eta ikasle dira, botilero eta pilotari. Konplizitatea nagusi da Pablo Berasaluzeren eta Mikel Urrutikoetxearen artean. Giro onean mintzatu dira igandeko finalaz eta beteranoaren agurraz.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko maiatzak 26 - Bilbo

Bizkaia pilotalekuko aldagelan daude. Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989) entrenatu berri da, eta Pablo Berasaluze (Berriz, Bizkaia, 1977) aholkuak ematen ari zaio takoak jartzeko moduaz. Anaia zaharra eta gaztea dirudite. Igandean, berriz ere egingo dute topo, kontrakantxan. Bata, botileroa da; bestea, finalista.

Pablo, harritu al zaitu Mikelen urte bikainak? Laugarren finala du jarraian.

PABLO BERASALUZE: Nik beti esan dut Mikel ahal handiko pilotaria zela, handien artean egon eta noizbait txapeldun izateko modukoa. Horregatik, ez nau harritu. Bera pilotan jokatzeko jaiotakoa da, eta bere moduko pilotari gutxi egon dira historian. Ikaragarria da lortu duena. Nik ez dakit inoiz norbaitek lau final jarraian jokatu dituen...

Mikel, laugarrena jarraian.

MIKEL URRUTIKOETXEA: Beti amesten duzu final bat jokatzearekin, eta lau, zer esanik ez. Gauza berezia da, baina final guztiek egin didate ilusio handia.

Iazko buruz buruko finalarekin alderatuta, oso ezberdin ikusten duzu zeure burua?

M.U. Finalak oso gutxitan jokatzen dira, eta beti izaten da urduritasuna. Txapelketa partiden aurretik ezin dira kirioak saihestu.

Arlo teknikoan zerbaitek atentzioa eman al dizu, Pablo?

P.B. Ez, lehen esan dizut. Begira, Mikelek debuta egin zuenean [2009an], oso bigun zegoen oraindik, oso ume. Gorputza zailtzea falta izan zaio, partidei hobeto eusteko. Indartu egin da apurka-apurka. Lanari eta gorputzaren bilakaerari esker iritsi da gora.

Ezta binakakoan ere?

P.B. Ez, ni askotan entrenatu naiz berarekin. Historian oso gutxik izan dituzte bereak bezalako bi esku; eta oso pilotaria da. Atzelari entrenamendu bakarrarekin hasi zuen binakakoa, eta Rezustarekin batera txapelketako atzelari onena izan zen azkenean.

Beraz, bazenekien ez zela egun bateko kontua?

P.B. Bai, bai... Urte batzuk izan zituen eskuetatik asko sufritu zuena, minekin eta... Baina ikusten zen azken urte honetako maila iritsiko zitzaiola; denbora pixka bat falta zitzaion bakarrik.

Zuk nabaritzen duzu indar hori?

M.U. Pixkanaka iritsi da. Lehen urteetan, asko sufritu nuen. Partidak amaitzea asko kostatzen zitzaidan. Ondo hasi, baina...

P.B. 67 kilo eskas zituen eta!

M.U. Bai, hala da, eta, gero, Pablok esan zuen bezala, eskuetako arazo asko. Jarraitutasunik gabe ezin da konfiantzarik hartu. Gozatu baino gehiago, sufritu egiten nuen, beti eskuetatik oso justu nenbilelako. Azken hiru urteetan, zorionez, eskuetatik ondo nabil, eta jokatzen gozatzen.

Zenbat kiloan zaude orain?

M.U. 82an edo. Pixkanaka joan naiz hartuz. Azken sei hilabeteetan, bospasei hartu ditut. Elikadura plan bat daramat.

Sei kilo txar erraz hartzen dira, baina sei kilo on...

M.U. Dieta zehatz bati jarraitzen diot. Kirolarientzat elikadura oso garrantzitsua da, eta, ez bakarrik pisua hartzeko; ondo indarberritzeko ere bai.

Zuk eskatu al zenion Pablori botilero izateko?

M.U. Bai, hala da. Lagun onak gara, eta kantxan laguntza handia da alboan pilotari eskarmentudun bat edukitzea.

Pablok urduri ospea du.

P.B. [Barre egin du] Bai, baina honek ondo ezagutzen nau, eta bera ez da urduri jartzen.

M.U. Bada, niri lasaitasuna transmititzen dit. Aholku onak ematen dizkit, pilotari handi batenak.

Ez zenuen zalantzarik izan onartzean?

P.B. Ez. Nik bere onena nahi dut beti, ni botilero egon edo ez. Berak bere maila ematea da kontua, eta beste botilero batekin errazago lortzen badu, ni pozik, ez nuke txarrera hartuko.

Zer moduz pasatzen duzu?

P.B. Sufritu egiten da, zertarako ukatu. Txapelketa delako sufritzen duzu, laguna delako, irabaztea nahi duzulako... Eta, batzuetan, partidak okertu egiten dira, eta hor egoten jakin behar da. Nik barrutik asko sufritzen dut, baina disimulatzen saiatzen naiz, urduritasunik ez transmititzeko.

Finaletan bere maila ematen duela erakutsi du Mikelek.

P.B. Bai, hori hala da, eta aurten partida oso zailak izan ditu. Iaz hiru finalak irabazi zituen, eta aurten, adibidez, Ezkurdiak oso estu hartu zuen. Joko askorekin iritsi zen, maila bikainean. Mikelek, berriz, ez du prestatzeko betarik izan, eta, batzuetan, tentsio handia egon zen. Eta berak, lasai dagoela dirudien arren, kirio horiek nabaritzen ditu, baina ondo kudeatzen ditu. Alde horretatik, asko hazi da, bai; partidetan beste lasaitasun bat erakusten du, eta hor ikusten da txapeldun dela. Eta zergatik den txapeldun.

Entzuten al dizu?

P.B. Bai. Hor, batzuetan, ahalegin betean zaudenean, zure munduan sartzen zara, baina ni une oro bere gainean egoten saiatzen naiz, bere gainean, bere gainean...

Entzuten al da zerbait, Mikel?

M.U. Bai, bai. Nik botileroari beti egiten diot kasu. Deitzen didanean, kasu egiten diot. Sarri, gauzak hobeto ikusten dira kanpotik.

Oraindik ere ordu pila bat egiten dituzue elkarrekin, ezta?

M.U. Asko.

P.B. Entrenatu ondoren, arratsaldean...

M.U. Nik debutatu nuenean ezagutu nuen Pablo. Aurretik, herriko jaietan autografoa eskatu nion behin. 10 urte izango nituen. Gordea dut oraindik, eta erakutsi izan diot. Eskaintza eta guzti du.

P.B. [Barre] Urte haietan...

Pablo, urte haietan ba al zenekien Bizkaian pilotari argal luze on bat zetorrela?

P.B. Entzun, bai, baina ikusi, ez. Esaten zuten bazetorrela mutiko on bat. Baina gero ikusi nuenean, debutatu zuenean... Ikusten zen, agerikoa zen gaia bazuela, baina zaildu egin behar zuela. Oso argal zegoen, oso ume... Ume bat zen.

Oroitzen al duzue elkarren aurka jokatu zenuten lehen aldia?

M.U. Ez dakit, bada.

P.B. Ni ere ez naiz oroitzen.

M.U. Zeberion izango zen.

P.B. Agian...

Nork irabazi zuen?

M.U. Berak. Erraz.

P.B. Izan daiteke; zu Belokirekin, eta ni Zabalarekin?

M.U. Bai.

Eta hori atzelaria gehiago zenuela Mikel...

[Barre egin dute biek].

Ilusio berezia egin al zizun Pabloren aurka jokatzeak?

M.U. Bai, txikitatik jarraitu izan ditudan pilotariak dira, eta berezia da haien aurka jokatzea.

Gutxi gelditzen zaio Pablori. Pena ematen dizu?

P.B. Aitona.

M.U. Bai. Nik uste dute goian egoteko maila baduela, baina berak hartu du erabakia, eta errespetatu behar. Berarekin partida asko jokatu nahi nituzke azken hilabeteetan, eta omenaldiekin goza dezala. Eta azken egunean han egon.

Zuen arteko partidak bereziak al dira oraindik?

P.B. Nirekin haserretu egiten da! Horiek dira horiek petralaldiak hartzen dituenak! Baina, tira, baita ni ere hor aurrean dantzan ibiltzen banau...

Orain berak ibiltzen zaitu zu dantzan?

P.B. Bai, nik ezin dut hauekin. Ezta entrenatu ere.

Inbidia ematen al dizu Mikelek? Zuk ez zenuen halako dohainik.

P.B. Noski! Nola ez dit, bada, emango? Inbidia sanoa da, kirol inbidia. Nik inoiz ezin izan dut txapelik lortu, baina garbi dut nik lortu ezean Mikelek lor ditzan nahi dudala.

Bizkaiko lehortearen kontuaz mila aldiz galdetu dizute. Mikel iristea lasaitasuna izan zen?

P.B. Ba, bai. Gai hori bueltaka izan dut inguruan azken urteetan, eta, berak txapela irabazi zuenean, «kito» esan genuen: «Honaino. Bukatu da katramila».

Nola ari zara bizitzen azken partida hauek? Edo oraindik ez duzu ibilbide bukaera buruan?

P.B. Ez, oraindik ez. Ez dakit zein den azken partidako eguna ere. Partida politak izaten ari dira, omenaldiekin eta. Urduñan egin zidaten; 27an, nire herrian; 28an, Zierbenan; Muskizen, eta beste partida batzuk. Mikelen aurka askotan jokatu behar dut.

Mikel, zuk noiz jakin zenuen erretiroa hartuko zuela?

P.B. Bera izan zen lehena jakiten. Berari eta bere aitari esan nien lehenbizi. Bere aitak ez zidan sinesten. «Nola utziko duzu, bada?» esan zidan.

M.U. Pena da. Hain gertukoa da, lagunak gara. Bere erabakia da. Orain gelditzen zaiona jokatuz goza dezala. Omenaldi guztiak mereziak ditu.

Esandako zerbait gogoan al duzu, bereziki?

P.B. Hainbeste gauza esan dizkiot dagoeneko... Aurten solasaldi hau izan genuen: nik lau t'erdian joka zezakeela esan nion, bazituela dohainak horretarako, eta borroka zezakeela. Agian, txapeldun izateko ez, baina bai txapelaren inguruan egoteko borrokan. Eta berak esan zidan: «Txoria kaiolan bezala sentitzen naiz» [barrez]. Eta, begira, gero txapeldun!

Ez duzue inoiz jokatu lau t'erdian elkarren aurka.

M.U. Bai, bi aldiz, Iurretan.

P. B. Berak bat irabazi zuen, eta nik, bestea. Bakean gaude. Agian berriz ere jokatuko dugu.

Lau t'erdiko bat polita litzateke.

P.B. Ez, ezin dut. Udan ez dut torneorik egingo; ardoaren desafioak jokatuko ditut. Beste urtebete jokatzeko moduan ikusten dut neure burua, baina ez hauekin. Hauek beste abiadura bat dute. Victor, Elezkano eta horiekin jokatuz egin dezaket beste urtebete, pixka bat beherago, baina ez du zentzurik. Zer egin behar dut lehen partidak jokatzen 40 urterekin? Hobe gazteek joka dezatela.

Pablok dioena gehiegizkoa dela iruditzen al zaizu, Mikel?

P.B. Ez da negarra; diodana egia da. Nik badakit non nagoen eta zein den nire maila. Mikel, Olaizola, Bengoetxea, Artola... Horien aurka jokatzeko, abantaila handia behar dut atzean. Eta horrela ere... ezetz! Nik maila onean egonda utzi nahi dut, agian ez maila bikain batean, baina bai maila txukunean. Gainera, beste urtebete jarraitzen badut, ze tankeratako partidak jokatuko ditut? Erabakia zuzena dela uste dut.

Mikel, Pablok ba al du tokirik enpresa teknikari gisa?

P.B. Guztiak kontu berarekin zaudete.

M.U. Nik uste dut balioko lukeela.

Pablok ez al dizu inoiz esan «bihar ez nazazu hamarrean utzi» edo halakorik?.

M.U. Agian nik esango nion berari.

Finalari buruz hitz egin al duzue? Irribarria ezustekoa izan da.

P.B. Onartu behar da Iker ikaragarri jokatzen ari dela. Aimarren aurka asko jokatu zuen, baina, nire ustez, egun hartan Aimarrek ez zuen berea eman. Ez zen partidan ondo sartu, eta ez zen oso solte egon. Bengoetxearen aurkakoa ez nuen ikusi, baina jendeak esan du asko eman ziola. Dena den, iruditzen zait erabiltzen ari den pilota gehiegizkoa dela.

Pilota aukeraketan ikusi behar.

P.B. Mikelek berari ondo datozkion pilotak aterako ditu, eta ikusi beharko beste aldetik zer ateratzen duten. Baina, nire ustez, eta argi utzi nahi dut Ikerri ez diodala ezer kendu nahi —ziur nago egun kolpe biziena duen pilotaria dela, eta txapelketa ikaragarria jokatu duela—, baina ez dut normala ikusten partida batean, aurkaria airez sartzen ez bada, hamabost errebote egotea. Badiotsut: ez diot inolako meriturik kentzen, baina gehiegizko pilota dela iruditzen zait.

Mikel?

M.U. Beti harritzen zaitu, batez ere kanporatu dituen pilotariengatik. Baina, hotzean aztertuz gero, debutatu zuenetik beti erakutsi ditu buruz buru jokatzeko dohainak. Iaz erakutsi zituen Bigarren Mailakoan, eta aurten Lehen Mailakoan. Alegia, ez dela kasualitatea.

Gainera, lasaia dirudi.

M.U. Bai, baina barrutik ere eramango du. Denak lasaiak garela dirudien arren, finalaren egunean nabaritu egiten da.

Ikusmina sortu da.

P.B. Final oso polita da eta. Bi txapeldun ohi kanporatu dituen gaztea, errebelazioa, eta, beste aldetik, Mikel, egungo txapelduna eta azken txapelak irabazi dituen pilotaria. Gaur egun ikusmin handiena sor dezakeen partida da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARIA MENTXAKA / GERNIKA KEBS

«Erronka handia da Mario Lopez ordezkatzea»

Pettan Uralde

Egoera «aproposenean» ez izan arren, «ilusioz» hartu du kargua Montañanak. Beti izan du buruan gauza handiak egitea, baina nahiago du egunez egun joan.
San Pedroko <em>Libia</em> trainerua ziaboga ematen KAE 1 ligako bigarren estropadan, Zumaian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ondo bukatzea geratzen zaie

Aitor Manterola Garate

KAE 1 ligan, San Pedrok du gertuen lehiaketa irabaztea, eta ETE ligan, Hibaikak bideratua du liga nagusira igotzea, bigarren bada ere. Launa estropada falta zaizkie.
Carlota Ziganda golflaria Sitgesko torneoan, jokaldi bati begira. ©ANDREU DALMAU / EFE

Sufrituta, gozatzea lortu du

Ainara Arratibel Gascon

Azken hilabeteetan onenen pare ari da jokatzen torneoetan Carlota Ziganda golflaria. Haren ustez, 'caddie' aldaketa eta lortu duen heldutasuna funtsezkoak izan dira hobekuntza hori lortzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...