Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Ezintasun patologiko bat dugu eztabaidak konpontzeko»

Publizitatea

Kultura

Arantxa Urretabizkaia. Idazlea

«Ezintasun patologiko bat dugu eztabaidak konpontzeko»

Hogei urtez, barrutik ezagutu ditu Hondarribiko alardea eta han berdintasunez parte hartzeko hainbat emakumeren borroka. 'Bidean ikasia' liburuan jaso du lekukotza, literatura bihurtuta.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-02-16 / Ainhoa Sarasola

Hitzorduaren lekutik gertu dago atari hura. Handik kalera egin zuten 26 emakumek orain hogei urte, Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean desfilatzen ari ziren gizonen artera sartuta, haiek ere berdintasunean parte hartzeko eskubidea zutela aldarrikatzeko. Bultzaka, irainka eta kolpeka aterarazi zituzten. Baina bidea egiten jarraitu dute urteotan, eta, orain, askoz gehiago dira bide horretan jarraitzen dutenak, plastiko beltzen artetik tarteka pasatuz bada ere. Lekukotza hori liburu batera ekarri du orain 26 emakume haietariko batek, Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947). Bidean ikasia (Pamiela) jarri dio izenburu, eta kronika, saiakera eta fikzioa uztartu ditu kontakizunean.

Hogei urtean urtero-urtero atera zara alardean desfilatzen. Esan izan duzu lehen egunetik zenuela argi hau idatziz kontatu nahi zenuela. Zergatik orain?

Liburu honen arrastoak badaude aurrekoetan ere, orain jabetu naiz horretaz; adibidez, Koaderno gorria-n badago gauzak zailak izan arren aurrera egiteko kemena; Hiru Mariak-en, modu desberdinean bizi nahi duenarekiko tolerantziarik eza; Zuri-beltzeko argazkiak-en, gutxiengoa txirtxilatu nahi duen gehiengoa... arrastoak. Baina zergatik orain? Batetik, giroa asko baretu delako, eta bestetik, neure buruari agindu niolako hau egitea, eta ez zaizkit gelditzen 30 urte hitz hori betetzeko.

Noiz topatu zenuen hori kontatzeko forma egokia?

Gehien kosta zitzaidana hori da. Ez da lehen aldia gertatzen zaidana, baina liburu baten azpian edo atzean dagoen gaia indartsua denean, gaia nagusitu egiten zaio literaturari. Gertatu zitzaidan Hiru Mariak-ekin; nik uste nuen adiskidetasunaren inguruko lan bat zela, baina nola protagonistak zaharrak ziren, bat-batean bilakatu nintzen aditua zahartzaroan eta hainbat lekutatik deitzen zidaten zahartzaroaz hitz egiteko! [barrez] Hemen antzeko zerbait gertatzen da, hasieratik nekien gertatuko zela. Ekin nien behin baino gehiagotan bide askori, baina halako batean bururatu zitzaidan ildo bakarra ez zela nahikoa hori guztia kontatzeko; fikzioa ez zitzaidan nahikoa, baina fikziorik gabe ere ezin zen, zeren fikzioak ematen dizu aukera pertsonaien barrura sartzeko, ametsetara, gogoetetara, nahietara, beldurretara... Intuizioz aritu naiz. Ni ez naiz batere teorikoa, eta halako batean esan nuen: «Hau da bidea». Eta gero, testu laburrak ongi egokitzen zaizkie nire lan egiteko moduari, zeren tarteka bai hartzen ditut bost edo sei aste, beste ezer egin gabe idazteko, ikusteko zertan ari naizen, nondik jarraitu, zerk balio duen, eta zerk ez... baina, bestela, modu sinkopatuan idazten dut, lanak edo bizitzak uzten dizkidan tarteetan, eta testu laburrak horretarako egokiak dira.

Lehen pertsonan idatzitako kronika-gogoeta bat da...

Gogoeta lehen pertsonan dago, bai, mozorrorik gabe.

Bada, lehen pertsonan idatzia, eta zure herriko gatazka bati buruzkoa gainera. Egin ala ez egin, duda egin duzu uneren batean?

Ausartu edo ez ausartu? Bai, bai... Lehenago ere izan nuen egiteko asmoa, baina... bai, zalantza bai.

Halere, neutraltasunetik idaztea baztertu zenuen... Hasieratik?

Ez, hasieratik ez. Pixkanaka etorri zen hori; ikuspuntua ere bai. Fikzioaren atal batzuk lehen pertsonan zeuden idatzita, eta gero erabaki nuen fikzio guztia hirugarren pertsonan izango zela, ondo bereizteko zer den gauza bat, eta zer bestea. Hori ez zegoen argi hasieratik. Ni oso modu intuitiboan aritzen naiz lanean, ez dut plan jakinik, senak esaten dit nondik jo. Baina, bai, erabaki nuen neutraltasunetik ez idaztea. Berez, Historiako lizentziaduna naiz, eta egin nezakeen lan historiko bat, baina alde historiko txiki hori Idoia Estornesi eskatu nion; erabaki nuen ez nuela egingo ahalegin hori, ezta kazetariarena ere. Kazetari lanak eskatzen dizu besteekin hitz egitea, ikuspuntu guztiak hartzea, eta, bat, ezin zen besteekin hitz egin, ez nuen lortuko, eta bi, ez zitzaidan interesatzen. Beraz, ez historiagile, ez kazetari: idazle, erabaki nuen.

Hibrido bat sortu duzu azkenean. Hori ere intuizioz, beraz?

Bai, intuizioz atera zitzaidan horrela, baina egia da, halaber, sekula ez nuela horrelakorik egin, eta hori izan liteke zerbait ez egiteko arrazoia hainbatentzat, eta aurkakoa beste hainbatentzat. Aurreko liburuarekin ere, lehenago ez nituen sekula oroitzapenak gordinean erabili, eta hori bazen arrazoi bat horixe egiteko.

Kontatu nahi zenuenaren arabera jo duzu molde batera edo bestera: saiakerara, azaldu duzunez, zure gogoetetarako; kronikara, gertatutakoak azaltzeko; eta fikzioa, distantzia hartzeko bide bat ere izan zitekeen?

Bai, eta jokaeren zergatian sartzeko; horretarako fikzioa behar zen. Izan zitekeen fikzio soila ere, baina horregatik izenburu hori; niretzat, hausnarketa da liburuaren bihotza.

Gero eta gehiago dira literaturan halako lan hibridoak. Generoen arteko mugak lausotzen ari direla iruditzen zaizu?

Seguru asko, bai, baina hautu bat da, horrek ez du esan nahi fikzio hutsa baliagarri ez denik. Gertatzen da gure artean, literaturaren esparrua txikia izanda, kategoriak osatzen direla liburu bakar batekin, edo bi edo hirurekin; aldiz, kategoria hori gazteleraz antzemateko, behar dira ehun liburu, eta ingelesez behar dira mila.

Liburuaren bihotza hausnarketa dela esan duzu, eta gogoeta nagusietako bat, hain zuzen, desadostasunak konpontzeko dugun zailtasunaren ingurukoa da.

Hori da liburuaren atzean dagoen kezka nagusia, lehenagotik ere banuena, baina denborarekin forma hartuz joan dena. Hasi naiz ikusten jokaera antzekoa arrazoi desberdinengatik, bazter guztietan, eta horrek kezkatzen nau. Kezkatzen ninduen oraindik ETA indarrean zegoenean, zeren pentsatzen nuen ETA desagertuko zela halako batean, baina desadostasunak konpontzeko biolentzia pittin bat lagungarri dela, horrekin belaunaldietarako daukagula. Horretaz jabetzen garen neurrian jarriko gara zerbait konpontzekotan. Urtetan ibili naiz kezka horrekin; banekien hor arazo bat genuela, eta Hondarribian egiaztatu dut hori, guztiz.

Pasarte batean hau diozu: «Ezin zutenak ahalegindu ziren [konpontzen], ahal zutenak, ez». Boterea dutenen arduraz ari zara.

Hor dago erakundeen erantzukizun handi bat. Udalak antolatzen zuen alardea, eta epaileek esan ziotenean alardeak ezin zituela emakumeak baztertu, haien ideia izan zen hura pribatizatzea. Nola demontre utz dezake udal batek esku pribatuetan herriaren ondarea? Nola bota herriaren ondarea modu horretan? Ez dakit haiek esan zioten udalari «aizue, hau da bidea, emaguzue alardea», edo udalak pentsatu zuen «norbaiti eman behar zaio», ez dakit nola izan zen; baina badakit udalak gu baztertzeko uko egin ziola ondare publiko bati, eta hori ez da leku askotan gertatzen.

Beldurrari buruzkoa da agertzen den beste gogoeta nabarmenetako bat. Hori kontatzeko ere, beste garai bat behar zenuen?

Seguru. Badakit hau duela hamar urte kontatu izan banu ezberdina izango zela, eta hemendik hamar urtera kontatuko banu ere ezberdina izango litzatekeela. Beldurrarena badira gutxienez hamar edo hamabost urte argi nuela. Beldurra beharrezkoa da, ez hiltzeko gizakiak eboluzioan ekarri duen zerbait da, baina ez dago ondo ikusia, eta esan behar da ez dizula ezerk beldurrik ematen. Eta ez da horrela. Niri heztea tokatu zaidanean ikasi dut; ez dut esan «ez beldurrik izan», esan dut «beldurrak gainditu egiten dira».

Zuk gainditzea erabaki zenuen.

Bai, esan nuen «bueno, beldurra ematen dit; ba, egingo dugu beldurrarekin». Eztanda gertatu zenean berehala ulertu nuen horrek ez zeukala atzerabiderik, eta etxean ere esan nuen, ea orain gutxienez zerbait ikasten dugun, zeren kaltea jada egina zegoen.

Borroka baten lekukotza da liburua, baina baita barne borroka askorena ere.

Bai... Nik hau egitea erabaki nuenean, hasieratik utzi nuen argi izango zela nirea. Noski, hor atzean bada taldearen kontzientzia, baina argi utzita taldeak ez duela errurik honetan, ez erantzukizunik; erantzukizuna nirea da.

Baina taldearen borrokaz gain, asko jo duzu pertsonen pentsakizunetara, sentipenetara... Barne borroka bat ere egon da bakoitzaren barruan.

Bai. Ni arrazoitzera emana nago; ulertu egin behar dut, arrazoiak jakin behar ditut. Baina ulertu horretan sentikizunak ere sartzen dira, bai horixe sartzen direla. Azkenean, ni-a oso gauza zabala da, eta sentikizunak, bai, baina sentikizunak arrazoitik paseak behar ditut. Gizakiak arrazoitu egiten du, eta, nik, arrazoitzen ez dutenekin ez dakit nola komunikatu.

Oraindik plastiko beltzak ikusten dira alardean. Liburuaren bukaeran galdetzen duzu: «Hasi ote da bukaera?». Zuk zeuk zer pentsatzen duzu?

Nik uste dut hasi dela bukaera, baina luze joko duela. 70 urte bete behar ditut aurten, eta uste dut ikusiko dudala konpainia bat emakumeekin, baina ez dudana ikusiko da gure hasierako helburua: emakume izan nahiz gizon izan, bakoitza bere gustuko konpainian. Begiratu behar duzu oso atzera aurrerapena ikusteko. Baina uste dut plastiko beltzak bumeran bihurtu zaizkiela; ni konbentzituta nago. Lehen urteetan, oso gogorra izan zen hortik pasatzea, baina, orain, iruditzen zait kalte gehiago egiten diela beraiei plastiko beltzak mantentzeak; bumerana etorri zaie aurpegira. Beste arrazoi bat dago: nola edo hala, lotsatu egiten dira, ezkutatu egiten dira plastiko beltzen atzean.

Eta hori bada seinale bat?

Nik pentsatzen dut baietz. Jar zaitezte hor, gu ez gara ezkutatzen.

Une batean esaten duzu lehen egun hartan gertatuko zena jakin izan bazenu ez zinela aterako. Etxekoek ez dizute sinesten.

A bai! Ni egon naiz prest momentu batean damutzen naiz jartzen duen kartel bat hartu eta San Pedro kalean paseatzeko, kartela soinean... baldin eta pentsatuko banu horrekin bakean utziko gintuztela. Baina banekien hala ere ez gintuztela bakean utziko.

Merezi izan du?

Bai, bai. Ikasi dut bestela ikasiko ez nukeen zerbait. Ez dakizu zer gertatuko zen hori gertatu izan ez balitz, zertan ibiliko nintzatekeen edo nor izango nintzatekeen ere. Baina ez naiz damutzen alde horretatik. Nik mundua orain nola ikusten dudan hogei urte horiek oso baldintzatua dago. Asko markatu nau. Marka horiek hor daude, eta ez ditut ezkutatuko.

Izenburuari tiraka, zer esango zenuke ikasi duzula zuk bidean?

Ba, ikasi dut... zerbaitetan sinesten duzunean, eragozpenak eragozpen, aurrera egiten. Ikasi dut nire txikitasunean ere gauza naizela amore ez emateko tsunami baten aurrean. Ikasi dut egoera txarretan itxaropena fabrikatzen. Ikasi dut nire adinean jende eta belaunaldi ezberdinen artean lagunak egiten. Ikasi dut gaixotasun bat daukagula, arazoak edo eztabaidak konpontzeko ezintasun patologiko bat. Gauza asko...

Herrian nola hartu dute liburua? Baten batek zerbait esan dizu?

Ingurukoek bakarrik. Baina, noski, hau da hizkuntza apal batean idatzitako liburu apal bat, eta horrek jartzen zaitu liburuaren eraginaren aurrean. Gazteleraz izan balitz, beste oihartzun bat jasoko zukeen, dudarik gabe. Baina, tira, uste nuen herrian ez zutela salduko, eta jarri dute salgai. Niretzat, eragin posible bakarra da inork pentsatzea arazoak konpontzeko sistemari buelta batzuk eman behar dizkiogula. Durangora joateko eskatu didate, gatazkei buruz hitz egitera... lehen zahartzaroan bezala, orain experta en resolución de conflictos [barrez]. Ondo pentsatu beharko dut hurrengoan zerekin hasi, zeren auskalo zer bilakatu naizen! [barrez].

Idazten sufritu ohi duzula esan izan duzu.

Bueno, sufritu hitz handiegia da, baina, egiten ditudan lanetatik, hori da zailena.

Oraingoan ere bai?

Bai, ez dakit zergatik... Bada jendea esaten duena idazleak ongi pasatu behar duela idazten, hori irakurleak igartzen duela... Orain, dena da ondo pasatzea mundu honetan. Ba, ni, ondo pasatzeko, etxean geratzen naiz bonsaiak zaintzen, eta aizu, jartzen dut musika pixka bat eta altxatzen naiz lurretik gutxienez hamar zentimetro [barrez]. Baina idaztea da lan zailenetakoa. Gainera, dakizunean lan handi horrek —niretzat lan handia den horrek, ez du esan nahi emaitza handia denik— oihartzun hain apala izango duela, ez zarela mundua aldatzen ari, ez zara ezta auzoa aldatzen ari, ezta etxea ere, eta hala ere tema hori... Orain, nire buruari galdetzen diot, eta hurrengoa zer? Eta hurrengoa... zergatik? Barruko zera bat da, absurdoa, irrigarria guztiz... baina hor segitzen dut. Zahartzaro tradizionalak esaten du orain pasatu behar dudala denbora iraganeko kontuekin, edo nire adinkideei galdetzen badiezu esaten dizute orain deskantsatu behar duzula, ondo pasa... Ez. Alderantziz. Nire adineko emakumeen %99k daramate ile motza; ba, bada niretzat nahikoa arrazoi luzea uzteko [barrez].

Hala ere, atzera begira jarrita... Zergatik panpox-etik gaur arte, badago hari bat emakumea ardatz hartzekoa zure liburuetan. Hautu kontziente bat izan da, edo berez etorri den zerbait?

Ez, ez, kontzientea izan da gutxienez orain dela 50 urte. Nik zerbaitetan sinesten badut da pertsona batek, jaiotzean suertatzen zaion sexua kontuan izan gabe, daukala eskubidea nahi duen bezala antolatzeko bizitza. Berdintasunean sinesten dut, eta ematen dit sekulako amorrazioa jakiteak ez dudala gizarte parekide bat ezagutuko. Eta gero ondo pasa, deskantsatu, eta gauza horiek guztiak hain interesanteak... Begira, nire buruari zeregin bat jarri diot: berdintasunerako bidea bide estu bat da oraindik, beste batzuek zabaldu zuten, ez nuen nik zabaldu, eta nire eginkizuna da bide horretan, mendiko bideetan bezala, inor pasatzen ez bada sasiak egiten direla, ba ahal dela sasiak kentzea, eta zabaltzea, atzekoak errazagoa izan dezaten. Hori ez da ez ondo pasatzea, ez deskantsatzea, baina bada neure buruari agintzen diodan zerbait, atzetik datozenei bidea pittin bat erraztea.

Uste duzu feminismoa indarra hartzen ari den garaiotan, olatu horrek nolabait euskal literatura busti duela? Egungo obretan sumatzen ote duzun eraginik...

Tira, obra batean zerbait nabaritzen baduzu, horrek literaturan eragina duen edo ez... Behintzat, emakume izatea orain ez da bitxikeria bat. Hori bada zerbait. Eta, gero, oso askotarikoak dira ikuspuntuz emakumeak. Nik urteetan gauza desberdinak pentsatu ditut horri buruz. Orain, pentsatzen dut liburu batean igartzen dela pertsona baten ideologia, baina generoa ez. Horretaz seguru nago, zeren dexentetan egiten dut lan epaimahaietan; ez dakizu zeinek idatzi duen, eta ez duzu antzematen.

Bueltaka zabiltza, baina beste liburu baterako ideiarik baduzu?

Ez, ez... ari naiz, e [usaintzen ariko balitz bezala eginez, barrez]. Ikusiko dut zer egin. Ez dakizu bizitzak zer ekarriko dizun, noiz arte biziko zaren ere ez, ez eta zertan bilakatuko zaren urteekin ere...

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak