Sanferminak. EZAGUN BAT IKUSI NUEN
Biharko Bill Clintonei segika
Nork daki. Beharbada, XXI. mendeko etorkizuneko AEBetako presidenteren baten paretik igaro gara gaur, eta ez dakigu. Bill Clintonek zortea izan zuen. Sare sozialik eta Internetik gabeko Iruñe batera etorri zen gaztetan. Bestela, nork daki, Monica Lewinskyren afera baino eskandalagarriagoak izan zitezkeen argazkiak izan zitzakeen Alderdi Errepublikanoak saguaren klik eskas bat eginda. Biharko Bill Clintonek zailago izan dezakete.
Onartzen dut zirrara eragiten didala biharko agintaririk boteretsuenetako bat iturri batetik botatzeko prest dagoen basatia izateak. Senide batek esaten duen bezala: «Eta hauek dira munduko lehen potentzia?». Errazkeria horietan erortzeko tentazioa izan ohi dugu sanferminetan Iruñera etortzen diren atzerritar batzuk dena esan beharra dago ikusita. Alta, apustuetan asmatzea baino eragiketa zailagoa izan daiteke biharko AEBetako presidenteari, Erreserba Federaleko buruari edo Australiako lehen ministroari antzematea bide batez, nor da egungo lehen ministroa?.
Irudimen ariketa bera egiten dut mozorroturen bat ikustean. Behinola Yolanda Barcinak esan zuen gogoko zuela mozorrotu eta ezker abertzaleko erradikalen parean parranda egitea. Barcinak berak asmatutako kondairak paranoia modukoa eragin dezake. Eta zure alboan den hipster ile luzea Mariano Rajoy bada edo Jose Mari Aznar. «Inxidiax» edo azentu mexikarrarekin «estamos trabajando en ello» esan zuten horiei berehala antzemango litzaieke. Horrelako jokoek ezusteak eman ditzakete. Behin, aspaldi, Moskuko taxi gidari gazte bat ezagutu nuen Nabarrerian. Egun hura gogoan, ziur naiz gizon hura Vladimir Putin zela.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.