Sanferminak. EZAGUN BAT IKUSI NUEN
Esperpentoa kentzen badigute, zer?
Atzo, arratsaldeko hondar orduetan, Faemino eta Cansado ikusi nituen Jarautako tabernazulo ilun batean. Barran bermatuak zeuden biak ala biak, koñak kopa eskuan, lurrari so. Isil-isilik zeuden. Kopetilun.
«Gureak egin du», esan zuen Faeminok, hasperenka. Cansadok, berriz, buruarekin baiezko keinua egin, eta aurpegia esku artean ezkutatu zuen. Jakin-minak jota, haien arranguraren arrazoiez galdetu nien azkenik. «Ez al dituzu Roberto Jimenezen adierazpenak entzun?», itaundu zidan Faeminok, sakelakoa patrikatik atereaz. Grabazio bat erreproduzitzen hasi zen. PSNko buruzagi ohiaren ahotsa zen: «Ni ezkertiarra naiz, baina, batez ere, essssspañola!»; «alkate eta zinegotzi abertzaleak soldata jaisteko prest daude, lehendik ere lau pezeta kobratzen zituztelako»; «parlamentua gaztetxe bat da orain»...
Orduantxe ulertu nuen. Umoristek jai dute konpetentzia honekin, esperpentoa inork baino hobe irudikatzen baitu Jimenezek. «Eta esperpentoa kentzen badigute, zer eginen dugu guk?», galdetu zidan Cansadok. Erantzunaren bila nabil oraindik.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
