Sanferminak. EZAGUN BAT IKUSI NUEN
Festetako kronika ezinezkoak
Ernest Hemingwayk Fiesta idatzi zuenetik, askotariko pertsona ospetsuen topaleku bihurtu dira sanferminak: Orson Welles, Ava Gardner, Charlton Heston, Spike Lee, Arthur Miller... Bill Clinton bera ere izan zen hiri buruzagian 1980ko hamarkadan, artean aknedun kakamutiko bat besterik ez zela, eta urte hartan Nabarreriako iturritik behera salto egiten ikusi zuela zin egiten duenik ere bada.
Baina harrobia agortzen ari zaigu, azken urteotako famosoen eskasia dela eta. Horregatik, gaurtik aitzinera, pasadizo mamitsuak bilduko ditugu zutabe honetantxe. Kronika asmatuak izanen dira, noski, baina ez al da hori, finean, sanferminzale peto-petoek egiten dutena? Bada, lehen kronika ezinezkoa, hauxe:
Giannis Varufakis ikusi genuen kuadrillakook txupinazoan. Udaletxean ibili zen, Aranzadikoek gonbidatuta haren omenez zintzilikatu zuten Greziako bandera. Telefonoz ari zen, eta zera aditu genion: «Bai, Alexis? Aizu, ez nizun ezer komentatu, baina Iruñean nago, oporretan. Eta pentsatu dut ez naizela itzuliko. Mahai gainean utzi dizut dimisioa, sina dezazun».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
