Sanferminak. EZAGUN BAT IKUSI NUEN
Futbolariak, beste garai batzuk ziren
Jada ezer ez da berdin. Realekoek larunbatean hasi zuten denboraldi-aurrea, eta Austriako Obertraun herrixkan ari omen dira jo eta su. Athleticekoek goizago hasi zuten, eta, etxean badira ere, ezin ihesaldirik jo. Osasunakoen kasuan, oporretan dira oraindik, baina atzo bertan Mikel Merinok txiokatu zuen Greziatik. Denboraldi-aurre goiztiar hauekin, ezinezkoa da ikustea sonako futbolaririk. Beste garai batzuk dira.
Behin, Jarautan ikusi nuen Romario da Souza Faria. Badakizue, gauetan parrandan aterata errendimendu hobea zuen aurrelari brasildar aparta hura. Gogoan dut. Rafa Alkortari egindako jokaldi hura legez, zaldi-buztan izeneko erregatea errepikatu zuen bere atzetik jarraian zebiltzan zale batzuekin. Ez genuen berriro ikusi. Oldarkorragoa zen Stoitxkov. Urizar Azpitarteri bezala, australiar handikote bati oina gogor zapaldu zion.
Dena den, arrisku handiagoa zuen haren beste herrikide batek, Luis Nazario de Lima Ronaldok. Badakizue, «Ronaldo ona», Mourinhoren hitzetan. Urtebete pasatu zuen eri... barka, oporretan. Miarritzen eta Donostian osteratxoa egin ostean, sanferminetan izan zen, eta, kontatzen dutenez, Compostelari sartutako golaren parekoa egin zuen Jarautan. Mozorrotuta joan ohi zen, inork ezagutu ez zezan. Beste garai batzuk ziren. Neymar Jr edo Alvesek egun Instagramen jarriko lukete: lagunekin kantuan.
Egun, Espainiako futbol kazetaritza Valdebebas izeneko biribilgune bat bihurtu da. Ironikoki, Vianako Printzearen biribilgunean topo egin nuen futbolak eman dituen hiru umoregile bikainekin: Mourinho, Toshack eta Cruyff. Gustura egingo nukeen parranda haiekin.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.