Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Elikadura osasungarria, mokadu txikietan

Publizitatea

Bizigiro

Elikadura osasungarria, mokadu txikietan

Pixkanaka bada ere, janari makinetako, dendetako eta supermerkatuetako 'snack' tradizionalei lekua kentzen ari zaizkie produktu osasungarriak. Haien aldeko apustua egiterakoan enpresek izaten dituzten traba nagusiak aukera eskasia eta informazioa falta dira.
Oyarzunen Vending makina, Donostiako Intxaurrondo kiroldegian.
Oyarzunen Vending makina, Donostiako Intxaurrondo kiroldegian. GORKA RUBIO / ARP

2017-03-21 / Iñaki Berastegi

Otordu artean jateko produktuak izan ohi dira. Batzuetan, ordea, otorduak ordezkatzeko ere erabiltzen dituzte gosaria, bazkaria edo afaria egiteko astirik edo gogorik ez dutenek. Azken urteetako snack eta janari eta edariak saltzeko makinen negozioaren gorakadak bultzatuta, egun, mota guztietako produktuak aurki daitezke. Tamaina txikiko mokaduak dira, 20-80 gramokoak, eta prezio handiagoa dute normalean. Janaria saltzeko makinen eta snack-en negozioak kritika ugari jaso ditu, ordea, produktuak osasungarriak ez direla argudiatuta. Sektoreak jaso dituen kritikei buelta ematen saiatu dira enpresak, eta snack osasungarrien aldeko apustua sendotu dute. «Produktu osasungarrien lerroa bultzatzen ari gara. Mota horretako produktuak geroz eta erakargarriagoak dira bezeroentzat», dio Luis Bernia Selecta enpresako salmenta eta marketin zuzendariak. 2005etik daramate produktu osasungarriak euren janari eta edari makinetan sartzen.

AZTI teknalia elikagaien berrikuntzaren alorrean lan egiten duen Euskal Herriko enpresa bat da. Enpresa batek eskatuta, snack edo elikagai baten ideia garatu, eta beste enpresa bati eskatzen dio ekoizteko. Espainiako BBS enpresarentzat zizka-mizka osasungarriak garatzeko kontratua berritu du beste sei urterako. Raquel Rodriguez AZTIko ikertzaileak dio gutxienez sei snack garatu beharko dituztela: «Seguruenik, lehenengo urtean jada sei produktu baino gehiago garatuko ditugu».

Snack-ak ekoiztean azukrea, gatza, eztitzaileak, gehigarriak eta osasungarriak ez diren beste hainbat produktu neurriz kanpo erabiltzeagatik jaso ditu kritikak janariak saltzeko makinen eta zizka-mizken negozioak. Rodriguezek dio BBSrentzat ekoizten dituzten produktuak erabat fruta eta barazkiz egindako produktu osasungarriak izango direla, inolako produktu kimikorik erabili gabe. «2010az geroztik ari gara BBSrekin lanean, eta merkatuan dutena guk garatutakoa da. Sagarra, anana, mandarina eta piperrak», azaldu du Rodriguezek.

Florette Nafarroako enpresak ere, entsaladez gain, frutaz egindako snack-ak ekoizten ditu. Sagarra da gehien ekoizten duten fruta zizka-mizka, baina udarea, anana, angurria eta meloia ere ekoizten dituzte. Esaterako, sagarra ekoizten bederatzi urte daramatza Milagron (Nafarroa) egoitza duen lantegiak. «Gure helburua elikadura hobea bultzatzea da, otorduetan barazki eta fruta gehiago txertatuz», dio Fermin Aldaz Florette enpresako zuzendari komertzial eta marketin arduradunak. Selecta enpresako lerro osasuntsuan ere frutarekin egindako snack-ak badituztela adierazi du Berniak: «Hainbat eredu daude: fruta osoa, moztutakoa, fruta freskoa. Moztutako frutari dagokionez, gutxieneko tratamendu bat ematen diogu, eta lau edo bost egun pasatu ondoren erretiratu ohi dugu gure makinetatik». Aldazek azaldu du Florettek ekoitzitako fruta snack-etan, berriz, iraungitze data handiagoa dela: «Pink Lady eta Royal gala motako sagarrak erabiltzen ditugu. Sagarra garbitzean, azido zitriko edo C Bitamina ematen diogu oxidazioa atzeratzeko. Hala, hamar egun iraun dezake merkatuan».

Donostia Kirolak zerbitzuak kudeatutako kiroldegietan produktu osasungarriz osaturiko saltzeko makinak egiteko lehiaketa publikoa irabazi zuen Oyarzun enpresak 2014an. Aurretik produktu osasungarriak ekoizten bazituzten ere, ordutik aurrera areagotu egin zuten euren eskaintza, Fabrice Zarzosa Oyarzungo kudeatzaileak dioenez: «2012az geroztik lantzen genuen produktu osasungarrien lerroa. Gure makinetako produktu guztien %30 osasungarriak ziren, gutxienez». Donostia Kirolak zerbitzuko kiroldegietako produktuen zerrenda, ordea, %100 osasungarria da. Zarzosaren hitzetan, Oyarzunek «beti» eskaintzen ditu produktu osasungarriz bakarrik osatutako makinak, eta gero bezeroarekin adosten dute makinaren osaketa nolakoa izango den: «Osasungarrien lerroan, patatak, Bicenturyren gailetak, fruta eta beste produktu batzuk sartzen ditugu makinetan».

NAOS estrategia

Snack-ak edo janariak saltzeko makinetako produktuak osasungarriak diren edo ez neurtzeko programa nagusia NAOS estrategia da. Elikadura osasuntsua bultzatzea helburu izanda, produktu bakoitzaren osagaien kantitateak neurtzen dira estrategia horrekin, eta, gero, kantitate muga batzuk ezartzen dira produktua osasungarria den edo ez zehazteko; azukrea, gatza, gehigarriak, eztitzaileak, kontserbagarriak eta beste hainbat elementu neurtzen dira.

Bi irizpide erabiltzen ditu Selectak produktu bat osasungarria den edo ez zehazteko: batetik, enpresaren irizpide eta azterketa propioa, eta, bestetik, NAOS estrategia. Dena den, NAOS estrategiaren baldintzak oinarrizkoagoak dira, Berniak azaldu duenez: «NAOS estrategiaren baldintzak betetzen ez dituzten produktuak ez ditugu hautatzen normalean gure makinetan sartzeko».

Selectak produktu osasungarrien lerroa zehaztuta dauka, eta gero bezero bakoitzaren arabera osatu edo moldatzen ditu makinak. «Badaude makinak erabat osasungarriak direnak, NAOS programa betetzen duten produktuekin osatuak. Baina, batzuetan, bezeroak esaten digu zenbait produktu ez dituela kendu nahi, eta hori neurtu behar izaten dugu», esan du Berniak. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzeta ospitalean jarri zuen lehendabizikoz martxan Selectak NAOS estrategia, Innobasquen laguntzarekin.

Oyarzun eta Florette enpresek ere NAOS estrategia aintzat hartzen dute. Oyarzunen kasuan, lerro osasungarriko produktuak beti eskaintzen dituzten arren, NAOS estrategiak onartutako produktuekin soilik osatutako makinak bakarrik Donostia Kirolak kudeatutako kiroldegietan dituzte.

Bestalde, Florettek estrategia bete baino harago joan nahi du bere osasungarrien lerroarekin. Aldazek esan du Floretteren helburua barazki eta fruten kontsumoa erraztu eta ahalbidetzea dela: «Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta jendeak barazki eta fruta gehiago sartzen ditu otorduetan. Begetarianismoak eta flexitarismoak ere indarra hartu dute». Horrez gain, Berniaren hitzetan, hiru otordu tradizional baino gehiago egiten ditu jendeak gaur egun, eta otordu guztietan barazkiak eta frutak errazago sartzeko lan egiten ari da Florette. Hala, hori lortzen badute, mota horretako produktu berri gehiago ekoiztea espero dute etorkizunean.

Zizka-mizkak saltzeko hainbat bide edo kanal daude: dendak, denda espezializatuak, saltzeko makinak eta supermerkatuak. Oyarzun enpresak, beste enpresa batzuek ekoitzitako produktuak aukeratu ostean, makinak osatzen ditu. Batik bat, makina horiek enpresa, fabrika eta institutuetan jartzen dituzte. Selectan, berriz, produktuak makinekin eta makinarik gabe saltzen dituztela dio Berniak, nahiz eta produktuak ez dituzten haiek egiten: «Osasungarrien lerroaren kasuan ere, negozio handiena eta ekonomikoki errentagarriena makinak eta produktuak batera saldu edo alokatzearena da». Selectako fruta snack-ak, enpresak ekoizten dituen entsaladak bezala, bereziki supermerkatuetara eta dendetara bideratuta daude.

Berritasuna, oztopo

AZTIk BBSrentzako sortutako produktuak, ordea, ez dira normalean janaria saltzeko makinetan ikusten diren horietakoak, Rodriguezek dioenez: «BBSk produktuak denda espezializatuetara bidaltzen ditu. Balio erantsi altua duten produktuak dira, prezioa handigoa dute. Horrenbestez, denda berezi horiek dira kanal egokienak, prezioa ere zertxobait igo daitekeelako». Hala ere, Rodriguezek esan du BBSrentzat garatuko dituzten produktuak edozein kanalen bidez saldu daitezkeela, prezioa eta produktuaren forma kanal bakoitzera egokitzen bada. «Ez dira kanal baterako diseinatutako produktuak soilik».

Snack eta produktu osasungarrien prezioa normalean handigoa bada ere, Aldazek uste du informazio falta dela produktu horien salmentak handitzeko oztopo nagusia: «Produktua ezezaguna izateak eta otordu artean fruta snack bat jateko ohitura berria izateak prezio altuak baino gehiago baldintzatzen du». Zarzosak ere Aldazekin bat egin du, eta uste du produktu osasungarriekin batera komeni dela produktu horien inguruko informazioa jartzea makinetan edo makina horiek dauden lekuetan.

Hala ere, snack eta produktu osasungarriekin sortutako lekukotza positiboak erabiltzea da aukerarik onena Zarzosarentzat. Donostia Kirolak zerbitzuak kudeatutako kiroldegietan ezarritako makinetako produktuek onarpena jaso zuten arren, errentagarritasuna lortzea gehiago kostatu zitzaien.

Era berean, Rodriguezek esan du AZTIk BBSrentzat 2010-2016 bitartean garatutako produktuak ere ongi sartu direla merkatuan: «Guk produktua garatzen dugu, ez dugu ekoizten. Hala ere, BBSrekin izan ditugun bileretan azaldu digute produktuen balorazio ona egiten dutela bezeroek. Produktu oso onak dira». Etorkizunera begira, AZTIk, 2017ko urtarrilean hasita, sei urteko epea dauka BBSrentzat produktu berriak garatzeko. BBSrekin kontratua izan arren, AZTI ez da mugatzen BBSrekin bakarrik lan egitera: «Beste enpresa askorekin lan egiten dugu, eta etorkizunean ere hala arituko gara». Rodriguezek dio AZTI mota guztietako enpresei irekita dagoela.

Selectak bezala, saltzeko makinetan produktu osasungarri gehiago jartzeko asmoa du Oyarzunek. Hala ere, produktuak aurkitzeko zailtasunak aipatu ditu Zarzosak: «Aukera eskasia da osasungarrien lerroa zabaldu nahi dugunean aurkitzen dugun oztopo nagusia. Kostatzen ari zaigu NAOS estrategia bete eta guri gustatzen zaizkigun produktuak aurkitzea».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea