Albistea entzun

Jean Rene Etxegarai. Euskal Elkargoko presidentea

«Euskarari begira, zuzenbidea da nire muga; frantsesa da hizkuntza ofiziala»

Urratsez urrats joan nahi du Etxegaraik Euskal Elkargoaren eraikuntzan, bere jarrera politikoak eta elkargo batzarrak onar ditzakeenak bereizita. Zatiketak bultzatu gabe, orain arteko adostasuna atxikitzea da haren helburu nagusia.
ISABELLE MIQUELESTORENA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko urtarrilak 29 - Baiona

Aitzinean duen bulegoa ikusi besterik ez da Jean Rene Etxegaraik (Beskoitze, Lapurdi, 1952) duen lan zamaz ohartzeko. Astelehenean izendatu zuten ofizialki Euskal Elkargoko presidente, eta, ordutik, osoki bere funtzioan sartua da. Ipar Euskal Herriko egitura berriaren eraikuntzan buru-belarri murgildurik, ez du arriskatu nahi etorkizunari begirako aurreikuspenetan. Elkargoaren barruan egin beharreko urratsak bezala, pausu neurtuan erantzun die BERRIAren galderei.

Nola bizi izan zenuen asteleheneko biltzarra?

Emozio handia sentitu nuen anfiteatro barruan, Euskal Herriaren historiaren orrialde bat idazten ari ginela sentitu genuelako. Lehen aldia zen Ipar Euskal Herriko auzapez guziak elkarrekin erabakiak hartzeko elkartzen zirela. Lehena, presidentearen hautaketa zen; ondorengoak, urgentziazko lehen erabakiak. Biziki hunkia izan naiz ukan dudan bozka kopuruagatik. Beste batzuk bezala, dosier honen aitzinatzean rol bat jokatu dut, eta hori azken hogei urteetan, besteak beste, Batera-ren bidez.

Bi pozbide ere bai: basamortuan predikatzen genuela zirudielako maiz, eta, zatiketa eta garai zailak izanik ere, proiektuaren kontra zirenak gaur egun desmartxa positibo batean direlako; horregatik erran nuen astelehenean iragana ezabatu behar dela.

Batasunerako deia egin zenuen.

Noski. Orain, auzapezak eta hautetsiak daude, eta guziek dute zilegitasuna. Gure indarra herrietatik heldu da. Herriarteko lankidetza erakundea da gurea; herri artekoa. Eta proiektuaren aldeko gehiengoaren borondate bat erakusten du; bozen %70 lortu ditut. Horrek erakusten du desmartxa positiboa dela, eta aitzina joateko gogoa dagoela. Gobernantza paktua onartuta, joko arauak ezagunak dira orain; ez gara sablezko gaztelu bat eraikitzen ari, instituzio handi baten zimendua jartzen baizik.

Duguna baino gehiago nahi genuen gutako batzuek, eskuduntza bereziko lurralde elkargo bat, baina 2013ko azaroan ukatu zigun garai hartako Lehen ministro Jean Marc Ayraultek. Eta, historian atzera egingo bagenu, behin baino gehiagotan ukatu diguten eskaera da, Frantziako Iraultzatik hasita, 1981ean Frantziako presidentetzako hauteskundeetan hitza eman eta jan zuten arte.

«Lan handia dugu aitzinean» erran zenuen. Nondik hasiko zarete?

Ditugun eskumenak betetzea da gure lehen lana. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herri guzira hedatuko ditugu; gutxi dirudi agian, baina aldaketa handia da, eta hori izanen da gure erronka nagusia. Gaur egun, badira finkatuak ditugun gauza batzuk, eta ez dira nahitaezko eskumenak; hizkuntza politikaz ari naiz. Bada orain denbora bat Ipar Euskal Herri mailako zerbait egiten ari garela; horrela sortu genuen Euskararen Erakunde Publikoa. Hazparneko tailerrek hizkuntza politikan indar handiagoa emateko borondate bat finkatu dute; hizkuntza politika gure politika publikoen zati handi bat izanen da.

Proiektu zehatzak aipa zenitzake?

Bi adibide hartuko ditut, gehiago izaten ahal balira ere. Hizkuntza politikan, batetik, orain artekoa baino gehiago eginen dugu. Orain arte, herriarteko sindikatu bat genuen, herrien bidez diruztapenak bilatzea ahalbidetzen zuena. EEPren aurrekontuan %9 ekartzen zuen. Gure helburua da diruztatzea %25era igotzea; estatua, eskualdea eta departamenduaren maila berdinean jartzea, funtsean. Erabakia da, baina otsailaren 4ko batzarrean bozkatuko dugu.

Beste adibide bat: garraioa. Eskola garraioak ez ditu gehiago departamenduak kudeatuko; herrietako, herriarteko eta eskola garraioak Euskal Elkargoak kudeatuko ditu. Orain arte, zazpi udalerri batzen ziren garraio sindikatuan: Baionako Hirigunea, Hiriburu (Lapurdi) eta Tarnos (Frantzia); hemendik aitzina, Ipar Euskal Herriaren perimetroa izanen du garraio sindikatuak. Eskola garraioaz arduratzeko departamenduak zuen diru partea Euskal Elkargoari dagokio. Horrek dena aldatzen du. Ipar Euskal Herriko herritar guziei eskaini behar diegu garraio publikoa.

Nor izanen dira zure presidenteordeak?

Ez dakit. Pentsatzen ari gara. Erran dezakedan bakarra da talde eraginkor bat osatzea dela helburua, geografikoki eta politikoki lurralde honen adierazgarri izanen dena. Otsailaren 4an bozkatuko dugu.

Iker Elizaldek euskararen inguruan plantatu eztabaidak erakusten du ez dela erraza izanen adostasunak lortzea.

Bada Ikerren hitzaldia, Francis Gonzalezen ñabardurarik gabeko erantzuna, eta, azkenik, Guy Mondorge —gaiari buruz dituen sinesteak ezagutzen ditugu—. Ikerrek, hasieratik, galdera egoki batzuk mahaigaineratu ditu, baina, instalatu berri eta presidentea hautatu berri duen asanblea batean; eta hara non presidente hautatu berria euskararen lekuari buruzko galderari erantzutera behartua den.

Badira alde batetik nire sinesteak, baina erabakiak asanbleak hartu behar ditu. Nire sinestea da euskaraz mintzatu nahi duenak euskaraz mintzatzeko parada izan behar duela. Eta erran dut. Haatik, badut makur bat: jurista naiz, eta Frantziako Konstituzioa pixka bat ezagutzen dut. Frantziako konstituzioaren 2. artikuluak dio errepublikako hizkuntza frantsesa dela. Gure bilkuren aktetan bilkurak euskaraz egiten direla agertzen bada, hartzen ditugun erabakiei begira segurtasun juridiko eskasian jartzen gara. Ez dakit aski argia izan nintzen asteleheneko batzarrean, baina hori da erran nahi nuena.

Anitzek ulertu dutena da aktak euskarara itzultzearen kontra zarela.

Inork euskaraz hitza hartu nahi badu, har dezake. Baina ezinbestean frantsesez ere egin behar du, eta errandako guzia frantsesez ere erran behar du. Errepublikako hizkuntza frantsesa denez, eztabaidak ere frantsesez izan behar dira.

Bat-bateko itzulpena?

Ez dakit. Aztertu behar da. Baina eztabaidak frantsesez izan behar dira. Ezin pentsatuzkoa da jendea euskaraz aritzea eta itzulpena frantsesez izatea.

Ezinezkoa litzateke?

Ez dakit. Baina zailagoa iruditzen zait. Errepublikako hizkuntza frantsesa denez, ez dut arrisku txikiena ere hartu nahi gure deliberoen segurtasun juridikoari dagokionez.

Hori da zure muga euskarari begira?

Nire muga zuzenbidea da, bai. Maila pertsonalean, Batera-ren lau aldarrikapenekin bat egiten dut, eta horietako bat euskararen koofizialtasuna da. Nik hori aldarrikatzen dut, eta ez dut ulertzen Frantziako Gobernuak Hizkuntza Eskubideen Europako Gutuna berretsi ez izana. Baina, hori egiteko, konstituzioko 2. artikulua aldatu beharko litzateke. Beti horren inguruan ari gara itzulika. Ni koofizialtasunaren alde nago, baina gizon arduratsua ere banaiz, eta, hartuko ditugun deliberoen garrantzia ikusita, juridikoki ez dut arrisku txikiena ere hartu nahi. Aktak bi hizkuntzetan argitaratzeak funtzionamendua astunduko du. Pertsona bat aritu behar bada dokumentu guzien itzulpena egiten, ezin duzu irudikatu... Ez, ez... Ulertzen dut, sinbolikoa da, baina...

Batzuek erran lezakete hautu politikoak direla.

Bai. Baina ohartu behar da abiatu berri den instituzio batentzat zer ekarriko lukeen akta guziak euskarara itzultzeak. Nire ustez, ez du ezerk justifikatzen dokumentu guziak euskarara itzuliak izan daitezen. Baina euskarari leku handiagoa emateko bideak pentsatu behar ditugu.

Iñigo Urkullu Baionara etortzekoa da hurrengo asteazkenean.

Harrera egin niezaion eskatu du, eta, beraz, errezibituko dut. Berak egin du desmartxa. Euskadiko lehendakariaren halako proposamen bat ezin da ukatu.

Zer harreman izan nahi duzu EAE eta Nafarroarekin?

Lotura hertsia izatea nahiko nuke. Iruñe, Donostia eta Bilboko auzapezekin biziki harreman ona dut. Gipuzkoako Diputazioak ere harremanak eraikitzeko borondatea erakutsi du, eta hor ziren asteleheneko batzarrean. Ipar Euskal Herri osoa biltzen duen egitura bat izanik, normala da nirekin elkartu nahi izatea, eta nik ere plazer handiz egiten dut. Mugaz gaindiko harremanak lantzeko ordezkaritza berezitu bat izanen da Euskal Elkargoan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

'Egia Ez Da Preskribatzen' jardunaldiak ezagutarazteko agerraldia. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Foro Sozial Iraunkorra: «Egia ezagutzea funtsezkoa da biktimen erreparaziorako»

Xabier Martin

Egia jakitea «eragozten duten mugak gainditzeko» ekimenak bultzatu behar ditu gizarte zibilak, Bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren arabera.

Baldintzapean aske utzi ostean Mikel Irastorzari -erdian, loreekin- Baionako tren geltokian egindako harrera, 2017an. ©Euskal Irratiak

Mikel Irastorza preso ohia urtarrilean epaituko dute, Parisen

Berria

Gaizkile taldeko kidea izatea leporatzen diote Lapurdin bizi den donostiarrari.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Hiru urte hauetan frogatu dugu serioak garela»

Iosu Alberdi

Akordio «zabala» itxi dute Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan. Kritikak ere entzun dituzte zenbait diru sail direla eta. Ulertzeko zailak dira kritika horiek, Aizpuruaren ustez.
Ubarretxenaren atarian egindako pintaketa. ©EAJ

Pintaketak egin dituzte Arrasateko alkatearen etxeko atarian

Xabier Martin

EAJk salatu du asteazken gauean esprai batez egin zituztela pintaketak, «jarduera publikoaren eremuaren muga eremu pribatu eta familiarrera igarota». Mozal legearen aurkakoa zen margoketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...