Inork gura ez zuen aurkaria
San Mamesen jokatuko dute joanekoa, datorren astean, eta Camp Noun itzulikoa, astebete geroago

Asteazkenean Madrigalen garaipen baliotsua lortu ostean, gauza bakar batean etorri ziren bat zuri-gorriak: Espainiako Kopako final-laurdenetan ez zuten jokatu gura Bartzelonaren aurka. Iazko finala ez zuten errepikatu gura horren goiz. Baten eta bestearen bideak zenbat eta geroago elkartu, orduan eta hobe. Aukeran, topo ez egitea onena. Athleticeko jokalariek eta Kopan jarraitzen duten gainerako sei taldeetako ordezkariek gauza bera pentsatu zuten. Inork ez baitu gogoko onenaren kontra indarrak neurtzea. Bada, eskatzea nahikoa da zozketan kontrakoa gertatzeko: Athletic-Bartzelona. Berriz ere.
Etsipena sortzen du sasoi ahaztezina osatzen ari den talde horren kontra jokatu beharrak. Motibatuta daudenean, garaiezinak dirudite. Munduko jokalaririk onentsuenak batu, eta talde bat egitea lortu dute. Frank Rijkaardek hasi zuen bidea; Pep Guardiolak eraman zuen gorenera; eta Luis Enrique taldea berrasmatzen ari da orain. Hirurek dute eredu Johan Cruyff. Eta, era berean, hirurek izan dute Leo Messi eta haren inguruko jokalari apartak zuzentzeko aukera.
Bada, horrek guztiak etsipena eragiten du aurkariengan. Baina Athleticeko jarraitzaileek badute gainerako ia talde guztietan ikusten ez den dohain bat: hazi egiten dira horrelako partidetan. Ez dute ezinezkorik ikusten. Sekula. Horregatik, atzo ezinezkoa zena gaur gaitza dela pentsatuko dute. Bihar, Superkopan gertatutakoa gogoratuko dute; etzi, kanporaketa bidez erabakitzen diren lehietan talde oso sendoa dela pentsatuko dute; eta, horrela, kanporaketari aurre egiteko eguna ailegatzen denerako, guztiek izango dute argi miraria lor daitekeela; finalerdietara sartzeko aukera badagoela sinetsita joango dira San Mamesera. Bete egingo dute Katedrala, gustukoen duten txapelketan beste gau magiko bat igarotzeko irrikan.
Futbola ilusioa baita. Txikiak handia gainditzea ezinezkoa dela pentsatuz gero, ez luke mereziko pasioz bizitzea. Baina, era berean, hankak lurrean izan behar dira. Ezinezkorik ez dagoen arren, aurrera egiteko dena ondo egin beharko dute bizkaitarrek. «Aurkaririk gaitzena egokitu zaigu. Guztiok gura izaten dugu horrelako erronkei aurre egitea, baina geroago espero genuen», adierazi zuen atzo Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak. «Zaleak gogotsu etorriko dira zelaira. Bestalde, eurei ere ez zien grazia handirik egingo gure kontra lehiatu beharko dutela jakiteak».
Athleticek eta Bartzelonak hiru aldiz jokatu beharko dute elkarren aurka hurrengo hamar egunetan. Bihar ligako bigarren itzuliari hasiera emango diote Camp Noun, eta gero etorriko dira Kopako bi lehiak. Askorentzat gaindosia denak antzekotasun handiak ditu abuztuan gertatutakoarekin. Orduan, Espainiako Superkopa eta ligako estreinakoa jokatu zituzten. Eta ez da aurrekari txarra. Izan ere, Athleticek soilik irabazi dio Bartzelonari final bat.
«Lehentasuna da Kopa»
«Bartzelonaren aurka jokatzeak ahalegin handia eskatzen du. Hirutik bi partida ondo jokatu genituen, baina, behera egin genuen. Hala ere, ahalegindu egingo gara». Valverdek azpimarratu zuen «ilusio handia» daukatela erronkari aurre egiteko. «Klubarentzat lehentasuna da Kopa. Gaitza izan arren, ez gara konformatuko final-laurdenak jokatzearekin». Hurrengo asteazkenean jokatuko dute joanekoa, San Mamesen (21:00), eta Luis Suarezek ezin izango du parte hartu, zigortutako dagoelako. Astebete geroago jokatuko dute itzulikoa.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.