Albistea entzun

Doinu guztiak dira beharrezko

EOSek eta arauz kanpoko funtzionaltasuna duten 19 pertsonak 'Soinu Mosaikoa' proiektuaren emaitza aurkeztuko dute, lau kontzertutan. Urtebetez batera aritu dira.
Proiektuan parte hartu duten kideek entsegua egin zuten atzo Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostian duen egoitzan.
Proiektuan parte hartu duten kideek entsegua egin zuten atzo Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostian duen egoitzan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2016ko abenduak 21 - Donostia

Txaloka ari dira erritmoa markatzen taldekideak, borobilean. Kazetariak sartu zaizkie entsegu lekura, baina ez dute traba gaizki hartu, eta beroketa ariketekin jarraitzeko baliatu dute bisita; txaloen erritmoan lehenik, eta oin kolpeka gero, agurtu dituzte bisitariak. Nork bere lekua hartu du ondoren; pianoan emakume bat, alboan beste bat biolina eskuetan, dunbal banaren ondoan bi mutil, mikrofonoaren parean beste bat, eta aulkietan eserita gehienak, musika tresna txikiekin. Isiltasuna egin da. Hori, eta pieza guztiak zehatz kokatuta behar baititu orkestrak obra interpretatzen hasteko. Tresna txikien hotsak hasi dira entzuten, eta, ondoren, pianoaren eta biolinaren doinuak. Mikrofonotik, tarteka, Jose Saramagoren Munduko lorerik handiena ipuinaren zatiak errezitatzen ditu beste kide batek. Entsegua txaloka bukatu dute guztiek, musikarietako batek gogorarazi dien arte: «Nola egiten dugu orkestran?». Oinekin lurra joz erantzun dute denek segituan.

Ez baitziren musikari profesionalak atzo EOSen egoitzan entseatzen ari ziren guztiak. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten hemeretzi lagunek parte hartu dute, EOSeko hainbat musikarirekin batera, Soinu Mosaikoa izeneko proiektuan. Musikarekin harremanik apenas zuten gehienek lehenago, baina soinu sorkuntzaren inguruko tailer bat egin dute hilero azken urtebetean. Hiru orduz, musika tresnak probatzen eta inprobisazioak lantzen aritu dira, elkarrekin, EOSeko musikariak eta Aspace, Gautena eta Uliazpi elkarteetako kideak. Eta laster egongo da aukera emaitza entzuteko, EOSek bere Abonamendu Denboraldian eta Musika Familian zikloan sartu baitu emanaldia. Datorren urteko urtarrilaren 27an eta 30ean kontzertu bana egingo dute Donostiako Kursaalean, eta otsailaren 2an beste bat Gasteizko Principal antzokian, denak Abonamendu Denboraldiaren barruan. Musika Familian zikloarekin, berriz, Munduko lorerik handiena Kursaalera itzuliko da otsailaren 4an.

Urtebete da jada tailerrak egiten hasi zirela, baina lehenagokoa da abiapuntua, 2009an hasi baitzuten elkarlana EOSek eta Fevas Adimen edo Garapen Urritasuna duten Pertsonen Elkarteen Euskal Federazioak. Elkarlan horrek egindako ibilbidearen ondorio da, beraz, proiektua, eta aurten, estreinakoz, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Euskal Herriko hamalau orkestratara zabaldu da —tartean dira Bilboko eta Nafarroako orkestrak ere—.

Emilio Aragon konpositoreak espresuki proiekturako sortu du Munduko lorerik handiena lana. Tailerretan, baina, pertsona bakoitzaren gaitasunak eta gustuak aintzat hartuta, hainbat musika tresna esploratzen eta inprobisazioak lantzen aritu dira, eta pieza txikiagoak sortu dituzte, obra nagusia oinarri hartuta. Horri guztiari Jose Saramagoren izenburu bereko ipuina gehitu diote, bi lagunek kontzertuetan euskaraz errezitatuko dutena.

Prozesuak du garrantzia

Musika tresna bat jotzen ariko da kontzertuetan Beatriz Gonzalez, eta ipuina kontatzen Endika Markotegi. Gustura daude biak proiektuarekin. Markotegi: «Ez nekien nolakoa izango zen, baina, lehen egunaren ostean, ez nuen utzi nahi. Ez dago hitzik azaltzeko; harremana hain izan da gertukoa pertsonen artean... horrek ez du parekorik. Askoz urrunago iritsiko den zerbaiten hasiera izatea nahi nuke». Guztientzat izan da aberasgarria, Gautenako arduradun Jimmy Brosaren esanetan. «Ez dakigu nola aterako den oholtzan, baina hori ez da garrantzitsuena, prozesua baizik». Aberasgarria izan da EOSeko musikarientzat ere, Carlos Rosatek eta Elena Martinez Murgiak esan zutenez. «Asko ikasi dugu elkarrengandik. Oso energia onarekin atera izan gara tailerretatik».

Mikel Cañada da proiektuaren sortzailea eta koordinatzailea, eta tailerretan egindako lana nabarmendu zuen. «Tresnak probatuz joan gara, eta loturak sortuz musikaren eta pertsonen artean. Musika ez dakien beste edozein pertsona talderekin bezala lan egin dugu». Hemeretzi lagunetatik hiruk zuten aurrez musikarekiko ezagutza handiago bat —batek partiturak irakurtzen daki; beste batek txikitatik jotzen du pianoa, belarriz; eta akordeoia beste batek, hark ere belarriz—, baina besteek ez. Proiektuarekin, «orkestrak gizartearekin duen konpromisoa» betetzen duela adierazi zuen Oriol Roch EOSeko zuzendariak. «Kultur proiektu gisa, zentzua ematen dio gure lanari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute
<em>Lobo feroz</em> filma. ©BERRIA
Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.