Sanferminak
Irain artean, torturaren kontra
Hainbat pertsonaren irain matxistak jasan behar izan dituzte protestariek

«Hobe sukaldean egonen bazina!», oihu egin dio agure batek PACMAren kamiseta daraman neska gazteari. Alkandora zuri ezin garbiagoz jantzita doa gizona. Nafarroako armarridun zapi gorria, purua ezpainetan, eta lisatzearen marka gordetzen duten praka dotoreak. Iruindar peto-petoaren antz osoa du, eta ez dirudi horditurik dagoenik. Alkohola ez, amorrua da masailak gorritzen dizkiona. Aurrean ditu 50 bat pertsona emakumeak, gehienak, animalien eskubideen alde protestan. Zezenketen kontrako jarrera aktiboak, ordea, zenbait festazaleren senik oldarkor eta ilunena pizten du, eta denetarik entzun behar izan dute manifestariek: «Zoazte etxera!», «alde hemendik!», «urdangak!», «nor uste duzue zaretela?»... Oihuka hasi direnetako batzuek seme-alaba txikiak daramatzate, eskutik helduta.
Elkarretaratze bikoitza egin zuten PACMA alderdi animalistako kideek atzo eguerdian: Gazteluko plazan eta entzierroaren monumentuan. Bi guneotan, animalien kontrako tratu txarrak salatu zituzten parte hartzaileek, eta horien kontra protesta egiteko erabiliko duten ikurra aurkeztu zuten: zapi beltza. «Nafarrak gara, eta sanferminak ospatu nahi ditugu, hauek gure festak ere badirelako, baina guk torturarik gabeko festak aldarrikatzen ditugu, XXI. mendeko sanferminak; horiek bermatzen ez diren bitartean, zapi beltzak jantziko ditugu, dolua erakusteko», adierazi zuen PACMAko bozeramaile Yasmina Larunbek, atzoko agerraldian. Ez zuen hitzaldia eten ezta gizon batek, sutan, «esne behi zikin halakoa!» bota zionean ere. «Haiek iraintzen bagaituzte, guk txaloka erantzunen diegu», esan zuen soilik, irribarreari eutsi nahian.
Beste borrokak gogoan
Bere hitzaldian, askatasunaren eta eskubideen aldeko borroka sozialak gogoan izan zituen Larunbek, eta antiespezismoaren kausarekin lotu zituen horiek denak: «Sanferminak ezagunak dira 1920ko hamarkadan idazle estatubatuar batek nobela batean aipatu zituenetik. Ordutik, botoa emateko debekua kendu zaigu emakumeoi, adulterioa ez da jada delitu bat, homosexualei ez zaizkie alfer eta gaizkileen kontrako legeak aplikatzen, gazteek ez dute urtebete eman behar zerbitzu militarra egiten, eta heriotza zigorra iraganeko kontua da hemen. Animalien eskubideak, ordea, ez dira errespetatzen. Alor horretan, askok erakusten duten enpatia falta onargaitza da XXI. mendean».
Animaliak objektu gisa tratatzen dituzten horien erruz, Iruñearen bihotzean zezenketen eta entzierroen abolizioa eskatzeko adorea behar dela onartu du Larunbek: «Garai batean, zezenketak eta horien gisako ikuskizun krudelak oso ohikoak ziren, eta testuinguru horretan hazitako belaunaldiek oso modu bortitzean erantzuten dute, hori guztia zalantzan jartzera ausartzen bazara. Zorionez, ordea, gero eta gehiago gara krudelkeriarik gabeko festak aldarrikatzen ditugunak, eta gure kontra orroka ari diren horiek guztiek badakite euren jai eredua zaharkitua dagoela, iraganeko kontua dela».
Antiespezismoak borroka ideologikoa irabazia duela eta animalien kontrako tortura ororen debekua «berandu baino lehen» helduko dela gaineratu du PACMAko ordezkariak: «Bidea urratzen hasiak gara, eta, hemendik aurrera, geldiezina izanen da animalien aldeko mugimendua. Bartzelonak eman zuen lehen pausoa, Kanariak eta Palma de Mallorca batu ziren gero... Iruñea izan liteke tauromakiaren azken gotorlekua».
Badakite zaila izanen dela egoera iraultzea, baina iruindarren zezenzaletasuna «itxurakeria hutsa» dela uste dute. «Iruñea ez da dirudien bezain zezenketazalea. Nafar askok urteak daramatzagu sanferminez gozatzen Zezen Plazara joan gabe edota entzierroak ikusi gabe, eta praktika krudelak salatzen».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
