Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

19. Korrika

«Hitzetik, bizitzera»

Mundu bat bildu da egun osoan Urepelen, 19. Korrikari hasiera emateko.

Adur elkarteko kideek eta Korrikako arduradunek hartu dute hitza ekitaldi nagusian; AEK-ko irakasleek hasi dute bidea.

Iruñera iritsiko da gaur iluntzean Korrika
Korrikak jendetza handiaren babesarekin hasi zuen bidea Urepelen. Adin guztietako jendeak hartu zuen lekukoa.
Korrikak jendetza handiaren babesarekin hasi zuen bidea Urepelen. Adin guztietako jendeak hartu zuen lekukoa. BOB EDME

Hodei Iruretagoiena, Berriemaile berezia -

2015eko martxoak 20 - Urepele

Zuloan dago Urepele (Nafarroa Beherea), mendi artean. «Ametsa zen Korrika hemendik hastea. Erokeria». Adur elkarteko kideek 19. Korrikaren hasiera ekitaldian esandako hitzak dira. Atzo arte. Estu, baina elkartu ziren Urepelera joandako milaka euskaltzaleak. Eltze batean nola, borborka egosi ziren hurbildutako euskaldunen sentimenduak, egun osoan. Ordu seinalatua iritsi arte. Oholtza ondoko kartelean zegoen jarria: 1. Kilometroa. 17:00. Eta lehertu zen Korrika. Atzo hasita, Euskal Herri osoa zeharkatuko du 11 egunez.

Irrintziak, txalaparta, kantuak, bertsoak... Denetik izan zen leherketaren aurreko ekitaldian. Mixel Aire, Maddalen Arzallus eta Aimar Karrika aritu ziren bertsotan, Korrikako ordezkariak taulara igo aurretik: Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailea, Asier Amondo Korrikaren arduraduna... Amondok sartu zuen aurtengo mezua lekukoaren barruan. Bilbora bidean, eskuz esku pasatuko dute euskahaldunek.

Euskara irakasleak omendu ditu Korrikak aurten, eta haien guztien izenean eman zituzten lehen pausoak Laida Etxemendik eta Peio Iputxak, lekukoa eskuan. Atzetik, irakasle eta irakasle ohiak, Korrikako elastikoa soinean. Bidea ireki egin behar izan zuten antolatzaileek, jende artean. Aurrera eta atzera zebiltzan zanpantzarrak ere, leku egiten. Plaza zeharkatu, eta, furgoneten atzetik, Urepeletik atera ziren denak. Atzetik, jende oldea: irriak, kantuak, era guztietako adierazpen eta ikurrak. Jendea eta jendea. Lekukoa herritik aterata, ordu laurdenetik gora behar izan zuten azkenengoek korrika abiatzeko. Urepeletik Aldudera bidean, mundu bat zetorrela zirudien. Lasterraldi bat, eta geratu. Beste lasterraldi bat, eta geratu. Hala egin zituzten lehenengo metroak.

Euskara, biziberritzeko

Beste hainbaten artean, Adur elkarteko Karine Etxeberrik hartu zuen hitza ekitaldian: «[Fernando Aire] Xalbadorren herria da Urepele. Herri baserritar eta leku bukoliko gisa ezagutzen duzue denek; hori ez da errealitate osoa». Badira gutxienez hiru urte lanean ari direla, euskara ardatz hartuta. Eta gehiago barnetegia ere martxan dela: «Badira euskaldun zaharrak, eta badira euskaldun berriak». Eskerrak eman zizkien Adur elkarteak boluntario lanetan aritu diren guztiei.

Aurreko Korrikako mezua ekarri zuten gogora: «Euskararik gabe, ez da Euskal Herririk izanen». Kezka hori azaldu zuen Etxeberrik: «Nahiz eta jende gehiena euskalduna izan, gutxiago erabiltzen da orain». Eta, esaterako, bailara biziberritzeko, baldintza ezinbesteko zaie euskara. Lehengaia da haientzat: «Ez dugu uste bailararen garapen ekonomiko edo kulturalik egin daitekeenik gure hizkuntzaren inguruko gogoeta kolektiborik egin gabe». Mezu hori eman zuten Korrikako arduradunek ere. Oroitarazi zuten gogoetaz gain lege baliabideak ere beharrezko dituela euskarak.

Bazkalordurako, beteak ziren Korrikaren abiapuntuko inguruak. Bankatik eta, batez ere, Aldudetik aurrera, oinez joan zen jende gehiena Urepelera. Korrika Txikiarekin hasita girotu zuten eguna. Eguerdirako, goraino betea zen pilotalekua ere, herri bazkarirako. Gosea aseta, kantaldiarekin pasatu zuten arratsaldea. Plazan ere bazen kolorea. Bazter batean izan zituzten, adibidez, euskaltegiko ikasleek eta bertako euskaldunek elkarlanean egindako erraldoiak.

Aurten, Xalbadorren babesean abiatu da Korrika, kantuak dioen gisan. Xalbadorrek ere sarri kantatu zion euskarari; askotan, ez oso baikor: «Hemen duzu ama bat, bere haurrek hila». Atzo, euskaldunen kolore guztiak bildu zituen Urepelek, Korrika aitzakia hartuta. Eta honela kantatu zion Xalbadorren seme Mixel Airek plaza beteari: «Jende maitea, zuek edertu duzue zinez Urepele». Eta, atzo, euskaraz zebiltzan jolasean inguruko ikastetxeetatik etorritako haurrak.

Haiei begira zeuden irakasleak, bazkaritan. Tartean, Maialen Etxeberri, Ortzaizeko ikastolakoa: «Gomita egin digute egun-pasa egiteko hemen haurrekin, eta, ondoren, Bankan, ikastolako kilometroan parte hartuko dute gehienek». Garrantzitsua da haientzat Korrika, «haurrei erakusteko festa giroan ere euskara erabil daitekeela». Eredu elebidunean ari dira, eta garrantzitsua da Korrika inguruotatik hastea: «Balio du erakusteko festa giroan ere euskara erabil daitekeela, haurrei erakusteko eskolatik at ere erabiltzen dela; ez dela ikastolako edo eskolako hizkuntza bakarrik. Balio du erakusteko euskarak zein pisu duen, zenbat jendek hitz egiten duen gure hizkuntza».

Festa girotik abiatuta, martxan da 19. Korrika. Urepelen hasita, Aldudetik Bankara, eta handik Baigorri aldera jarraitu zuen atzo. Iluntzean, Donibane Garazira heldu zen. Nafarroa Garaian izango da gaur, eta iluntzean sartuko da Iruñera. Bilbora iritsi arte, hamaika herri pasatuko ditu bidean, euskara hitz hartuta, bizitza koloretsua sortzeko pasatzen den lekutik. Adur elkarteko kideek esan bezala: «Belaunaldi bakoitzak erabakiko du euskaraz bizitzea. Hitzetik bizitzera, bagoaz».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
Juan Mari Aburto lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. ©BILBOKO UDALA

Frankismoak espetxeratutako andreak omendu dituzte Bilbon

Iosu Alberdi

Bilboko Udalak eta Gogora institutuak plaka bat jarri dute Orue Txaleta zegoen lekuan. Eraikin hura espetxe izan zen 1937tik 1942ra bitarte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.