Noiz sortua: 2014-11-22 00:30:00

Itxaro Borda. Idazlea

«Ez-ulermenetik ez-ulermenerat iragan naiz beharbada»

Oragarren hazia eta Donapaleu, Paue, Paris eta Maulen hezia dela dio. Baionan bizi da. Postaria da lanbidez, baina idazteko afizioa ofizio bihurtzen ari zaio, «nahiz dirurik ez eman».
BOB EDME

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza -

2014ko azaroak 22
Zure hatzaren ez galtzeko olerki bilduma plazaratu berri du Itxaro Bordak (Baiona, 1959), Elkar argitaletxearekin. 1984an, Basilika nobela plazaratu zuen Susa argitaletxean. Ordutik hona izan duen literatur ibilbideaz eta jorratzen dituen gaiez ari izan da Ipar Euskal Herriko hedabideen Ahoan bilorik gabe saioan.

30 urteko gibelapenarekin nola ikusten duzu zure idazle ibilbidea?

Iduritzen zait, alde batetik, asko idatzi dudala; egun oroz izkiriatu dut euskaraz ene 12 urteetarik honat. Eta kasik egun oroz ez bada, aste oroz bederen, artikulu bat publikatu dut euskaraz euskal prentsan 1974tik gaur arte. Beraz, egiten du kasik berrogei urte; bata bestearen buruan hitz guziak ezartzen badira, beharbada egiten du behin munduaren ingurua. Gero, iduritzen zait idazten ari naizenean beti hasiberri bat naizela. Beti dela paper zuria desafio bat eta beti dela zerbait ateratzeko nobelaren baitatik, zerbait emateko irakurleari. Zeren eta batzuek erraten dute ez dugula irakurlerik, baina nik aspalditik sentitzen dut hor direla irakurleak.

Basilika-k bazuen toberaren hats bat. Geroztik, ikusi duzu zure idazkeran aldaketarik?

Uste dut gorputzak eta izpirituak bezala, idazkera ere aldatzen dela. Ez dut erranen hobetzen dela, nahiz eta batzuetan hala sentitzen dudan, denborarekin sakonago noala gaien barnerat. Baina iduritzen zait galdu dudala ene gazte denborako fiuratasun, airostasun, axolagabetasun xoxola hori idazteko orduan. Egia da hasieran biziki testu errazak idazten nituela erraten zidatela, halako kritika bat balitz bezala, eta orain, aldiz, alderantziz. Nik ere hizkuntza landu dut, eta denborarekin hori ere egiten da. Orain, «zailagoak eta ezin irakurriak» direla eta beste. Orduan, hori da ene ibilbidea; beharbada, ez-ulermenetik ez-ulermenerat iragan naiz, eta hori da idazlearen destinoa.

Orri zuriaren aitzinean garapenik ere sentitu al duzu?

Bai. Orain gehiago kasu egiten dut zer idazten dudan eta nola idazten dudan, hasi berrian baino. Nahiz eta hasi berrian ere berehala publikatzen hasi nintzen Herria-n. Hasieran, hilabete oroz bertso bat igortzen nuen, eta gero Oragarre eta Amikuzeko berriak ere. Hor ere kasu egiten nuen jadanik zer idatz, nola idatz. Uste dut badela halako ardura bat, sentitzen dudana. Behin idatzi dut poema batean beharbada dorpea zela idaztea. Ardura hori bada. Nahiz eta batzuetan ardura hori gordetzen duten fantasia eta holako axolagabeziaren gordegiaren azpian.

Halere, beharra baduzu nonbait jendea, mundua kitzikatzeko? Euskaltzaindia, Eliza, gizonak...

Emazteak! Bai, bada hori! Ardurak ez du erran nahi zorroztasunik ez dela behar. Uste dut hor ere tradizio molde batean sartzen ahal naizela. Ez dakit gure herrietako jendeez oroitzen zaretenetz, baina denek bazuten halako ironia bat mintzo ziren ber, trufa aire bat beren errealitatearen errateko. Uste dut nik ere ukan dudala hori ere en héritage [oinordekotzan]. Batzuetan, harritzen nau ene testuek duten ironia horrek. Batzuetan, gehiegizkoa ere kausitzen dut, bereziki itzuli behar dudanean beste hizkuntza batera. Euskaraz pasatzen da, zeren eta tradizioa ere horrelakoa dugu, baina beste hizkuntzetan ez da beti pasatzen.

Zure liburu berrian mota desberdinetako poemak badira, sozialak, politikoak, beste poetei egin erreferentziak... Hor ere irakurlea bat da?

Irakurlea bat izan daiteke plurala izanez! Batasun guziak holakoak dira. Tronpatzen gara pentsatuz batasuna kolore bakarrekoa dela. Uste dut batasuna dela egun oroz bizitzaren alde funtzionatzen dugun bezalakoa; hegal ezberdinek hunkitzen gaituzte, eta batzuetan hunkimen horiek ez dute loturarik beren artean, eta osotasun bat eskaintzen digute halere. Irakurle horiek sentsibilitate ezberdinak dituzte, baina, oroz bat, irakurleria bat osatzen dute; gure hizkuntza horretan bederen.

Zure azken poema liburuan bada bat laneko sufrikarioa ikertu duen Christophe Dejours psikiatrari eskainia.

Lan munduaren errealitate batean sartzen gaitu, bai. Egun oroz entzuten da hainbat eta hainbat suizidio, hainbat lantokitan. Uste dut hasi zela France Telecomekin eskandalu hori, eta enpresa guzietan badirela orain. Polizian barne; goiz honetan aipatu dute irratian. Iduritzen zait poesiak ez diela ihes egin behar gai horier. Hor bada ironia puska bat gainerat, zeren eta egun oroz entzuten dute langile guziek: «A, hi ez haiz akitzen! Eta hau eta hura!». Nehor ez da ohartzen azkenean lana sufrikario bat dela. Edozein lan, axaletik lasaiena iduritzen zaiguna ere. Nahi nuen omenaldi bat egin ere; justuki, aste horretan berean izan ziren bi suizidio saio Angeluko Posta horretan. (...) Gai honen bidez, Europa sartaldeko egoera sozioekonomiko guzia ikusten da. Diruaren palanka horrek zer sufrikario ekartzen duen jende ttipienetik handienera. (...)

Erran duzu ez zinela baitezpada hain abertzale senti. Errazu gehiago horretaz.

Egia da ez naizela sentitzen... batzuek erraten ahal duten bezala: «Ni abertzalea naiz! Nik poesia soziala egiten dut! Nik Euskal Herriaren independentzia nahi dut!». Hitz horiekin guziekin jostatzen naiz. Beste hizkuntza batzuetan, eman dezagun katalanarekin, aipatzen dut «dret a decidir» poema batean edo bestean, halako haran bat sortzeko gure eta hitz horien artean. Ez naizela abertzale... uste dut betidanik izan dudala arazo bat hitz horrekin, eta beharbada orain erraten ahal dut, ene gatazka giderrik handiena ene baitan izan dela borroka armatuaren tematika hori. Hastapen-hastapenetik, zorigaitzez, testuak idatzi ditut borroka armatuaren kritikatzeko. Anitzetan ber-koadratua izan naiz! Beraz, luzaz ere isilik egon naiz. Ho- rretako erraten dut biziki nekez ekartzen ahal dudala ene soinean abertzale izena. Beti dudak ukan ditut; beti izan naiz kritikatzen eta jorratzen, gaizki erranka beti.

Baina Euskal Herriaren gaur egungo egoera berrituak nonbait goxatu zaitu, halere?

A, bai, bai! Baina uste dut gozatu gaituela denak! Poema bilduma horretan ere ageri da goxotasun hori, biziaren berriz abiatze hori. Badakigu dena suntsitua izan dela, dena amildua dela, etxe arroinatu batean garela. Baina egitekoa duguna hor da. Hutsetik partitu, hutsetik berriz abiatu eta etxea eraiki. Orain nahi dugun moldean, eta nehork ez diezagula erran zer egin behar dugun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna