Plazera zerumugan

Leizearen goxotasunean geratu, ala bertatik atera eta bide berriak urratu. Bigarren aukera egin duten gizakiak izan dira, eta horiei esker posible izan da planeta osoan barreiatzea eta mundu berriak aurkitzeko grina mantentzea. Zirraragarriena da, ordea, egitear dagoen bideak luze joko duela. Aurten jakin denez, unibertsoan gutxienez bi bilioi galaxia daude, duela gutxira arte uste zen baino hamar aldiz gehiago. Bi bilioi galaxia, adi, 2.000.000.000.000 galaxia dira. Esne Bidean bertan 200.000-400.000 milioi izar omen daude. Biderketa egiteak ere zorabioa egiten du. Ezagutzaren bidaian aurten izandako aurrerapenak egunkari osoa betetzeko modukoak dira. Horra adierazgarrienetariko batzuk:
UNIBERTSOAREN SINFONIA
Advanced Ligo behatokiak grabitazio uhinen aurkikuntzaren berri eman zuen otsailean. Duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzek egindako talkaren seinalea izan zen atzemandakoa. Zehaztasun handiko tresnak erabili dira uhinek sortutako asaldura ñimiñoak antzemateko: lau kilometroko luzera duten bi laser izpiren alde txikia neurtu dute, atomo baten tamainako zehaztasunez. Beste «entzunaldi» bat ere izan zen, ekainean. Albert Einsteinen teorien baliagarritasuna frogatzeaz gain, unibertsoa aztertzeko ate berri bat ireki du grabitazio uhinen aurkikuntzak. Bi mila urtez, gizakia unibertsoari begira egon da, baina, hemendik aurrera, grabitazio astronomiaren bitartez, unibertsoa «entzuteko» gai ere izango da. Astronomia berri horrek unibertsoaren hasierako momentuak nolakoak izan ziren ulertzeko aukera emango duela espero dute adituek. Zulo beltzak, supernobak eta gamma izpien eztandak ere hobeto ikertu ahal izango dira. Neurketa are zehatzagoak eskuratzeko bidean, hurrengo pausoa LISA izeneko esperimentua izan liteke. Eguzkiaren inguruan hiru satelite artifizial jartzea da helburua, bost milioi kilometroko ertza eta laser bidezko loturak izango dituen triangelu aldeberdina sortuta.CRISPR TEKNIKA
Lehen aldiz, CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren bidez eraldatutako geneak gizaki batean txertatu dituzte, Txinan. Biriketako minbiziak jota zegoen paziente batengan egin zuten, azaroan, Lu You onkologoaren zuzendaritzapean. Guztira, hamar bat lagunengan egingo dute saioa. Orain arte ez dute jakinarazi sendabide gisa arrakastatsua izan ote den. Erresuma Batuak, bestalde, tresna giza enbrioietan erabiltzeko aukera ireki du. Genetistek argi dute teknika horrek benetako iraultza sortu duela, geneak azkar eta merke «editatzeko» aukera ematen duelako, baina erabilerak duda etikoak ere piztu ditu.ESPAZIORA, ERRAZAGO
Astronautika pribatuaren arloan aurrerapen nabarmenak egin dira. Apirilean, SpaceX enpresak Nazioarteko Espazio Estaziora bidalitako suziri batek itsasoan zegoen oholtza batean lurreratzea lortu zuen. Zehazki, Falcon 9 suziriaren lehen fasea da onik berreskuratutakoa. Erretrosuziriak erabili dira horretarako —orain arte, zientzia fikziozko filmetan besterik ez ziren ikusi horrelakoak—, baina argi dago teknologia horrek garapen handia izango duela. Blue Origin enpresak ekoitzitako New Shepard suziriak ere horrela hartzen du lurra jada, baina, kasu honetan, suziri suborbitala da, eta, beraz, ez ditu gainditu behar Falcon 9 suziriak aurrean dituen bezainbeste zailtasun tekniko. SpaceX enpresaren jabe Elon Muskek, bestalde, agerian utzi du Marterako misio tripulatu bat prestatzeko asmoa.MARTE, TEMATI
Planeta gorriaren lurrazalera onik ailegatzeko, ordea, zailtasun tekniko asko gainditu behar dira oraindik. Hala erakutsi dute, bederen, ESA Europako Espazio Agentziaren Exo Mars 2016 misioaren emaitza gazi-gozoek. TGO zundak eman du poztasunerako bidea, planeta gorriaren orbitan espero zen moduan txertatu zelako, baina Marten lurreratu behar zuen Schiaparelli moduluak azken segundoetan kontrola galdu zuen, lurrazala jota. Proiektuaren zientzia esperimentu gehienak, ordea, ongi mantendu dira TGO zundaren barruan, eta, horri esker, Marten dauden gasen inguruko analisiak egin ahal izango dira, besteak beste.PLANETA BERRIA ALBOAN
Abuztuan, Eguzkitik gertuen dagoen izarraren inguruan —Proxima Centauri—, Lurraren tamaina duen planeta bat topatu zuen Guillem Anglada-Escude astronomo katalanak. Lau argi urte «eskasera» dago planeta hori, eta, hara joateko teknologia garatzeak luze joko badu ere, noizbait exoplaneta batera misio bat bidaltzeko ametsa piztu du aurkikuntzak. Bere izarretik gertuegi badago ere, Proxima Centauri izar nano gorri bat da —Eguzkia baino ahulagoa—, eta, horregatik, astronomoek uste dute Proxima B planeta bizigarritasun eremuan dagoela, hau da, ur likidoa mantentzeko moduko tenperatura egon litekeela han. Horrek, baina, ez du esan nahi ezinbestean bizitzarako egokia denik.ZIKA, JOMUGAN
2015ean, ebola egon zen lehen lerroan, eta 2016an, berriz, zikak erakarri du arreta gehien, maila globalean. Eltxoen bitartez hedatzen den birus horrek, batez ere, haurdun diren emakumezkoen egoerari begira piztu du kezka, jaioberriengan mikrozefalia garatzeko arriskuarekin lotu baita zika. Brasil jo du bete-betan, baina, guztira, 75 herrialdetan atzeman dute. Birusari aurrea hartzeko ahaleginetan aurrerapauso nabarmenak izan dira aurten, eta hasierako txertoak garatzen hasi dira. Brasilek, bere kontura, eltxo transgenikoak askatu zituen izurriteari aurre egiteko.CO2, HARRI BIHURTUTA
Lur azpian artifizialki gordetako karbono dioxidoa harri bilakatzea lortu zuen CarbFix izeneko esperimentuak. Hellisheidiko (Islandia) zentral geotermikoan sortutako gasa erabili zuten horretarako. Bi urte baino ez dituzte behar izan 400-800 metroko sakoneran injektatuko gasaren %95 kareharri bihurtzeko. Egitasmo esperimentala izanda ere, aditu askok uste dute karbono dioxidoa lurperatzea izan daitekeela klima aldaketak sortutako erronkei heltzeko bide bat.ADIMEN ARTIFIZIALA, GORA
Alpha Go programak go jokoaren goi mailako jokalari Lee Se-dol korearra gainditu zuen martxoan. Adimen artifizialaren garapena sustatzen duen Deep Mind enpresak garatu du Alpha Go softwarea, eta arlo honetan izandako garapenaren erakusle izan da, askoren ustez. Azken bi hamarkadetan, ordenagailuak gai izan dira xake jokoan gizakia gainditzeko, baina txinatar jatorriko go jokoa askoz konplexuagoa dela diote.AUTO AUTONOMOEN AROA
Adimen artifizialak izan dituen aplikazioen artean, auto autonomoenak eman du, seguruena, zeresan gehien. Tesla markako autoek Autopilot izeneko sistema darabilte gidaria laguntzeko, eta sistema hari lotutako lehen istripu larria izan da aurten mintzagai —uztailean izan zen, AEBetan—. Auto horiek etorkizunean hartu beharko dituzten erabaki etiko zailak ere aztertu dituzte zientzialariek: istripua izatekotan, argi dago ahalik eta heriotza gutxien eragiten dituzten ekintzak hobesteko programatu beharko direla autoak. Baina kanpoan direnak salbatzeko, softwareak auto barruan doazenak sakrifikatu beharko ditu? Hortxe galdera deserosoa.METASTASIA ETA GANTZAK
Abenduan Bartzelonako ikertzaile talde batek tumoreen metastasian gantzek betetzen duten rol garrantzitsua argitu du. Gakoa CD36 genean dagoela aurkitu dute, gene hori gehiago espresatzen baita metastasia eragiteko gai diren zeluletan. Era horretan, gantzak metastasia azkartzeko lagungarriak izan daitekeela uste dute. Hainbat elikagai prozesatutan maiz erabiltzen den palma olioan jarri dute, bereziki, arreta.UZTAK HOBETZEKO AUKERA
Azaroan, Illinoisko Unibertsitateko biologoek landareen fotosintesia hobetzea lortu zuten. Funtsean, argi gehiegi dagoenean hostoek beroa kanporatzen dute, eta itzala dagoenean, berriz, sistema hori orekatzen dute berriro ere. Baina hodei batek une batez eguzkia oztopatzen duenean, landareak ez dira gai aldaketa horretara azkar egokitzeko. Aldaketa genetikoa erabilita, uzten produktibitatea %15-20 hobetzea lortu dute, eta teknologiak aurrera jo ahala uztak %50 handitzea espero dute. Prozesuak, hala ere, transgenikoen inguruko eztabaida indartsua gainditu beharko du.BIZIAREN 473 ADREILUAK
Martxoan, Craig Venter biologo ospetsuaren lan taldeak 473 gene dituen organismo artifizial bat sortzea lortu zuen. Ondorioztatu zutenez, horiek dira organismo batek bizirik irauteko ezinbestekoak dituen geneak. JCVI-syn3.0 izenaz bataiatutako zelula horrek botika eta sendabide berriak garatzeko atea ireki dezakeela espero dute ikertzaileek.Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.