Hutsean huts

Marten suntsituriko 'Schiaparelli' zunda, eta atzo leherturiko 'Progress' kohetea azken kasuak besterik ez dira. Asko eta askotarikoak dira espazioaren esplorazioan eginiko hanka sartzeak. Hainbatetan, oso huts txatxuengatik gertatu dira.
<b>1. SCHIAPARELLI</b>
1. SCHIAPARELLI ESA

Edu Lartzanguren -

2016ko abenduak 2
Ez da hutsala huts egitea espazioko hutsean. Haatik, izugarri garestia da. Atzokoa da azken adibidea: Nazioarteko Espazio Estaziora jana eta bestelako ezinbestekoak zeramatzan Errusiako Progress MS-04 kohetea lehertu egin zen, aireratu eta sei minutura. Urriaren 19an, Marteko azal gogorra jota suntsitu zen Europako Espazio Agentziaren Schiaparelli zunda. Nola liteke, ordea, halako okerrak gertatzea sistemak behin eta berriz probatzen dituztenean, eta, gainera, batek huts egiten duen kasurako, sistemak bikoiztuta daudenean? Schiaparelli- eta Progress MS-04 azken kasuak besterik ez dira. Kasurik sonatuenak aztertuta, ikus daiteke zergatik gertatzen diren hutsak.

1. SCHIAPARELLI

Softwarearen akatsa

Urriaren 19an, Marteko atmosfera finean sartu zen Schiaparelli zunda, orduko 21.000 kilometroko abiaduran. Planetan lurreratzeko teknologia probatzea zuen helburua, baina baita, azaleratu ondoren, Marteren atmosferaren inguruko datuak Lurrera bidaltzea ere. Ez zuen aukerarik izan. Gailuarekiko komunikazio oro galdu zen, programaturiko lurreratzea baino 50 segundo lehenago. Bi egun geroago, ESAk adierazi zuen paraxuta goizegi askatu zela, eta erorialdia geldotzeko motorrak, 30 segundoz funtzionatu beharrean, hiru segundoz baino ez zirela aritu. Antza, altueraren berri eman behar zuen sentsoreak Marteko azaletik jasotzen zuen seinalea gaizki interpretatu zuen, eta softwareak ondorioztatu zuen ontzia Marteren azalera heldua zela, nahiz eta azaletik lau kilometrora egon oraindik. Beraz, erorialdi librean jausi zen, orduko 300 kilometroko abiaduran. «Marteko grabitatea Lurrekoa txikiagoa den arren, zaplaztekoa ederra izan zen», esan du Jose Felix Rojas astrofisikaria eta EHUko Planeten Zientzien taldeko kideak. Baina, ez al zegoen sentsorea ongi probatuta? «Lurrean probatzen da Lurreko baldintzetan eta hemengo materialekin», esan du Rojasek. Marteko azaleko materialak nolakoak diren oso modu orokorrean ezagutzen dituzte astrofisikariek. «Altuera jakiteko, sentsorearen azpian une horretan zegoen materiala ez duzu zertan ezagutu aurreko misioetatik, eta ez dakizu uhinak nola islatzen dituen». ESAk dena den, ontzat eman du Schiaparelli-rekin eginiko saioa, lurreratzeko sistema probatu egin duelako, nahiz eta argi geratu ez duela ongi funtzionatu.

2. AKATSUKI

Huts egin arren, zientzia

Txiste erraza egin nahi izanez gero, Akatsuki zundak hutsegitea izenean bertan zuela esan daiteke. Baina, serio esanda, japonieraz egunsentia esan nahi duela argitu beharko da. 2010eko abenduaren 6an hasi zen gailua Artizarraren orbitan jartzeko maniobra. «Motor nagusiak huts egin zuen, eta pasatu egin zen, Eguzkiaren orbitan geratu arte». Zorionez, ez zen izan erabateko porrota, Artizarrera hurbildu zen hurrengoan, haren orbitan jarri zuten, oso orbita eliptikoan bazen ere. Gaitz erdi. Aurtengo maiatzean hasi da Akatsuki Artizarra ikertzen.

3. NOZOMI

Nahi eta ezin

Japonieraz nahia esan nahi du Nozomi hitzak, eta horretan geratu zen Marteren atmosferaren goiko zatia ikertzeko satelitea. «Balbula bat zabalik geratu zen, eta erregai asko galdu zuen; ondorioz, ez zuen iristerik izan espero zen orbitara», azaldu du Rojasek. Horrez gain, arazo elektriko ugari izan zituen. 2003ko abenduaren 31n galdutzat eman zuten. Barruan, besteak beste, Kanadako ia bost milioi euroko plasma aztergailu bat zeraman.

4. BEAGLE 2

Onik, baina mutu

«Espazioko misioetan, mugitzen diren piezek ematen dute beldurrik handiena», esan du Rojasek. Horren adibidea da ESAren Beagle 2 zunda, Erresuma Batuko espaziorako ingeniarien beste porrot handia. Marten iraganean bizitzarik egon ote zen ikertu behar zuen. 2003ko abenduaren 25ean lurreratu zen planeta gorrian, baina ez zuen inoiz seinalerik bidali Lurrera. 2015eko otsailean aurkitu zuten, onik, Marteko azalean, satelite batek bidalitako irudietan. Ikusi zutenez, gailuaren lau eguzki plaketako bi ez ziren behar bezala zabaldu, eta horiek komunikazio antena blokeatu zuten. «Espazioko esplorazioan, azkarra denak okerretatik ikasten du, eta hurrengoan ez du huts bera egiten», esan du Rojasek.

5. MARS POLAR LANDER

Schiaparelliren aurretik

Okerretatik ikasten dela esatea polita da, baina Mars Polar Lander gailuaren kasuak erakusten du bitan gerta daitekeela antzeko hondamendia, antzeko okerrengatik. Izan ere, Schiaparelli-rekin berriki jazotakoa pairatu zuen NASAren zundak, 1999ko abenduaren 3an.

Marteko hego polotik gertuko lautadako zorua eta klima ikertu behar zituen gailuak. Baina, jaisten ari zela, hankak hedatzeko mekanismoa piztu zenean, horren bibrazioak lurreratu izanaren seinaletzat hartu zuen softwareak. Zunda iritsi zelakoan, motorrak itzali zituen, 40 metro falta zitzaizkiola.

6. MARS CLIMATE ORBITER

Neurria garrantzitsua da

Marteren inguruan orbitan jartzekoa zen NASAren Mars Climate Orbiter satelitea, 1999ko azaroaren 23an. Beste planeta bateko eguraldia aztertuko zuen lehen satelitea izan asmo zuen. Baina ia 120 milioi euroko gailua bat-batean galdu zen. NASAkoek ondorioztatu zutenez, gehiegi hurbildu zen gailua Martera, eta atmosferaren goiko zatiarekin erre egin zen. Arrazoia aztertu zutenean, inork ezin zuen sinetsi halako okerra egin izana: gailuaren motorrak gobernatzeko softwareak indarra libratan kalkulatzen ari zen, baina kontrolatzaileek newton unitatetan, hau da, sistema metriko hamartarrean zegoela uste zuten. Programatzaileen eta kontrolatzaileen arteko koordinazio huts larria beraz. Nolatan? Zunda egin zutenean, NASAN sistema metriko hamartarrera aldatzen ari ziren. Baina, ohi bezala, gailu bat egiteko askoz lehenago eskatzen da. Beraz, AEBetako neurri sistema zaharrarekin eskatu zuten, eta, gailua jaso zutenerako, NASAko guztiak ari ziren sistema metriko hamartarrean lanean. «Inori ez zitzaion bururatu zenbaki haiek sistema zaharrean zeudela pentsatzea», esan du Rojasek. Espazioaren esplorazioaren porrotetan, arrazoia giza hutsegiteak izaten dira gehienetan, Javier Armentia astrofisikariaren arabera. «Makinek hobeto egiten dituzte gauzak, baina beldurra ematen digu onartzeak».

7. HUBBLE

Teleskopio miopea

Lurraren inguruan orbita baxu samar batean dago Hubble espazio teleskopioa, 1990eko apirilaren 25etik. Lehen irudiak Lurrera bidali zituenean, zientzialariak txundituta geratu ziren: lausotuta zeuden, gailuak miopia balu bezala. 100.000 milioi dolarreko tresna batek oinarrizko akats bat zuen. Nola liteke? Teleskopioa Lurrean egin zutenean, hainbat kontrol sistema erabili zituzten, «baina denek huts egin zuten», Rojasen arabera. Lentea egiteko prozesua ordenagailuen bidez gauzatu zuten. Iraultzailea izan zen sistema orduan. Ordenagailuak ondo egin zuen bere lana, baina beste gailu batek emaniko datuetatik abiatuta. Haatik, azken gailu hori gaizki muntatu zuten: torloju bat gehiegi estutu zuten, eta 1,6 milimetro desbideratu zuten. Beste sistemek ohartarazi zieten zientzialariei neurriak ezinezkoak zirela, baina zaharragoak zirenez, akats tartea zutela ondorioztatu zuten. Deformazioa konpentsatuko zuen beste lente bat egin behar izan zuten, eta hiru urte geroago teleskopioari jarri. Betaurrekoak, alegia.

8. GALILEO

Euritakoa ezin zabaldu

Jupiterrera bidali zuten Galileo ontzia 1989. urtean. Sekulako informazioa bidali behar zuen hango atmosferaren inguruan, xehetasun handiekin eta denbora bereizmen handiarekin, mugimenduak ondo ikusteko. Baina ezin izan zuen egin. Izan ere, irrati antena bat zuen, parabolikoa. Tolestuta joan zen, gero euritako bat bezala zabaltzeko. Ez zen inoiz guztiz ireki, zabaltzeko mekanismoa erdian trabatu zelako. Gero jakin da lubrifikatzailea izan zela arazoa: higatu egin zen ontzia kamioiez Kaliforniatik Floridara (AEB) eraman zutenean, eta inori ez zitzaion bururatu berriz ematea. «Irudi interesgarriak bidali zituen misio hark, baina egin zezakeenaren %1 ere ez zuen gauzatu», esan du Rojasek.

Milioika euro eta lanordu kopuru kalkulagaitza galtzen dira halako akats bat gertatzen den bakoitzean. Rojasen arabera, langintza arriskutsua da espazioaren esplorazioa, eta arrisku hori onartu egiten da. «Zientzian beti zaude mugan, soka gainean, eta eror zaitezke».

Schiaparelli erregaiz beterik lehertu zen Marten duela aste gutxi. «Gizakiok Martera bota dugun lehen bonba izan da», esan du Armentiak. Iruñeko Planetarioa zuzentzen du astrofisikariak, eta zuzenean sentitu zuten ontziaren azken zortzi minutuetako agonia han. «Asko sufritzen dugu porrot hauekin, jendeari ilusioa piztu nahi izaten diogulako». Armentiaren arabera, halakoak saihesteko bidea adimen artifizialean datza. «Jasotako datuekin zunda hauek aurreikuspenak egiteko gauza izan behar dira, eta euren erabaki propioak hartzeko gai, azkar erreakzionatzeko». Schiaparelli-ren eta Mars Polar Lander-ren kasuan, zunden sentsoreak ez zeuden integraturik sistema adimentsu batean. «Hori da atera behar dugun irakaspena: sistema horiek integraturik egon behar dira, eta erabakitzeko autonomia izan behar dute». Euren burua gidatzen duten autoak jarri ditu Armentiak adibide on gisa.

Espazioaren esplorazioan gastatzen diren dirutzekin kexu direnei argudio gehiago ematen diete halako akatsok? Rojas harritzen da horrekin, inoiz ez duelako ikusten halako zalantzak «futbol talde batek urtean gastatzen duen diruarekin». Aseguru konpainiek ordaintzen dutela uste dutenentzat albiste txarrak ditu irakasleak. Espazioari loturiko jarduera komertzialek aseguruak dituzte, komunikazio edo nabigazio sistemetarako sateliteak orbitan jartzeko misioek, esaterako. Enpresa pribatuek egiten dituzte, eta erantzukizuna dute bezeroekin. Baina zientzia misioek ez dute asegururik izaten, «aseguruak misioa bezainbeste kostatuko lukeelako».

Gogorrak izaten dira halako porrot txatxuak, Rojasen arabera, baina, beti gertatuko dira, «bizitza arriskua baita». Uste berekoa da Armentia, eta espazioaren esplorazioaren historia, hutsegite horien historia dela gaineratu du. «Halakoetan, ideiarik ez duen jendearen artean askoz oihartzun handiagoa izaten dute hutsegiteek, misio hauek ematen duten guztia baino», kexu da astrofisikaria. «Ez da bidezkoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna