Zaintza partekatua baldintza batzuen arabera jarriko da, ez lehentasun gisa

Eusko Legebiltzarrean, ixtear dute lege proiektua EAJk, PPk eta UPDk, eta litekeena da PSE ere ados agertzea.

Kidetzaren testua nabarmen aldatu dute atal batzuetan.

Hil amaieran onartuko dute legea
Zaintza partekatua ezartzearen aldeko kartel bat, Azpeitian.
Zaintza partekatua ezartzearen aldeko kartel bat, Azpeitian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko ekainak 20
Hiru urteko tramitazioaren ostean, zaintza partekatuari buruzko legea onartuko du Eusko Legebiltzarrak. Guraso bananduen Kidetza elkarteak aurkeztu zuen herri ekinbide legegilea. Parlamentuan, ordea, asko aldatuko dute planteamendua, BERRIAk eskuratutako txostenen arabera. Zaintza partekatua ez da izango beti lehenetsi beharreko sistema; baldintza batzuk bete beharko dituzte gurasoek umeen zaintza banatzeko. Bikoteak bereiztean ondasunak nola kudeatu ere, aldaketa nabarmenak daude Kidetzaren proposamenaren eta azkenean onartuko dutenaren artean. EAJ, PP eta UPD ari dira legea negoziatzen, baina, aldaketak ikusita, litekeena da PSE-EEk ere babestea. EH Bilduk ez du oraingoz asmorik.

Legea prestatzeko lantaldeak atzo egin zuen azken bilera. Azkar joango da tramitazioa hemendik aurrera. Datorren astean, batzordera iritsiko da proiektua, eta, hilaren 30ean, osoko bilkura egingo dute legea behin betiko onartzeko. Ez da ohikoa. Osoko bilkurak ostegunetan egiten dituzte, baina parlamentuko mahaiak hilaren 30ean ere batzarra egitea erabaki du —asteartea da—, udako oporren aurretik legea onartuta uzteko —hori posible izango zela agindu zuen UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok; EAJk eta PPk ezinbesteko dute haren botoa osoko bilkuran gehiengoa lortzeko—.

Asko atzeratu da zaintza partekatuaren legea. Proposamena aurreko legealdian aurkeztu zuten. Asteon, kexu agertu da Kidetza, beste proposamen batzuen aldean askoz mantsoago joan delako.

Eztabaida handiak izan dituzte legebiltzarrean. Alde batean aritu dira EAJ, PP eta UPD; legea aurrera ateratzeko gidaritza hartu dute lantaldean, eta zuzenketak adostu dituzte. Beste aldean egon dira EH Bildu eta PSE-EE; ez dute ontzat jo Kidetzaren proposamena. Ez dute jarrera bera izan biek, hala ere: EH Bilduk zuzenketa sorta bat aurkeztu du lantaldean, eta PSE-EEk, bat ere ez. Azkenean, ordea, litekeena da sozialistek lege proiektua babestea hiru alderdiek egindako aldaketengatik. EH Bilduk, aldiz, ez du onartuko.

ZAINTZA PARTEKATUA, NOIZ?

Proiektuaren gakoa da: bikoteak banatzean, zein kasutan ezarri zaintza partekatua? Kidetzaren nahia argia zen: «Lehentasunez, zaintza partekatua ezarriko du epaileak, haurren interesagatik».

Ez da hala izango. «Lehentasunezkoa» ez da izango zaintza partekatua. Epaileak erabakiko luke ezarri edo ez, baldintza batzuen arabera. Hauek: gurasoek aurrez seme-alabekin izandako «jarduna» eta «jarrera», haiekiko daukaten «lotura», umeen kopurua eta adina, haien iritzia —«nahiko zentzu» badaukate edo 12 urte baino gehiagokoak badira—... Kidetzak zehaztuak baino baldintza gehiago dira. Bat bada nabarmentzekoa: «Gurasoek zenbat bete dituzten seme-alabekiko betebeharrak». Baldintza horrekin, keinua egin diote banatu aurretik ere aita-amek izan beharreko ardurari. Zaintza partekatua ezin dela hasi bikotea banatu denean.

Sistema hori ezartzeko, gurasoetako batek propio eskatu beharko dio epaileari, eta ezarri ahalko dute nahiz eta bestea aurka egon.

Aldaketa nabarmena dago, beraz, hasierako testutik oraingora. Hau da oraingo planteamendua: «Epaileak, aldeetako batek eskatzen dionean, zaintza partekatua ezarriko du, betiere ez bada kaltegarri adingabeen interesarentzat, eta inguruabar batzuei kasu eginda». Ikuspegi aldaketa da. Aurreko testuarekin, eredu partekatua zen araua, eta besteak, salbuespenak; oraingoarekin, umeen interesen araberakoa da partekatua.

Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidea hartuko dute: esana du umeen interesa izan behar dela kontuan. Are, esana du orokortu beharreko eredua dela, umeen interesaren arabera. Adostasunaren gaian dago kontraesana: gurasoak ados egotea eskatu du auzitegiak, bestela ezin delakoan umeen interesa ziurtatu. EAEko legeak ez du baldintza hori jarriko.

Planteamendu aldaketa horrek PSE-EE gerturatzea eragin du. Alderdiko ordezkariak zain daude azken proiektua ikusteko, botoa erabakitzeko. Baiezkoa izan daiteke. Sozialistek gogorarazi dute PSOEk ahalbidetu zuela zaintza partekatua ezartzea Espainiako legea aldatuta, eta sistema horretarantz jotzen ari direla epaileak.

EH Bildu ez dute konbentzitu. Aitortu du «aurrerapausoak» dituela Kidetzak aurkeztutako lege proiektuaren aldean, baina ez du nahikotzat jo. Bikote bakoitzaren araberakoa izan behar da erabakia, koalizioaren arabera. Bide horretatik, ez du egokitzat jo zaintza partekatua ezartzea gurasoetako bat ados ez dagoenean.

BISITEN BANAKETA, NOLA?

Zaintza partekatua ez ezarrita ere, umearekiko agintea bi gurasoek izango dute, non eta epaileak ez dion gurasoetako bati kentzen —salbuespeneko neurri gisa ageri da proiektuan—. Zaintzaren ardura ez daukan gurasoak eskubidea izango du seme-alabak bisitatzeko, haiekin harremana edukitzeko eta haiekin egoteko. Epaileak zehaztuko du. Salbuespenak badira: genero indarkeriagatik zigortutako pertsonek ez dute izango umeen zaintzarik, eta ez diete bisitak egiteko edo harremanetan jartzeko erregimenik ezarriko. Sententzia irmoa badute, betiere.

Epaileak, gainera, aintzat hartu beharko du, sententziarik egon ez arren, genero indarkeriari lotutako zantzurik badagoen. «Zantzu sendoak» ikusten baditu, muzin egin ahalko dio zaintza partekatua ezartzeari, eta bisitei ere bai.

Kidetzaren proiektua aldatu dute hor ere. Proposamena zen aski ez izatea epaileak genero indarkeriaren «zantzu arrazoizkoak» topatzea. «Umearen osotasuna» arriskuan dagoela frogatzeko txostenak ere behar lirateke zaintza edo bisitak ukatzeko, Kidetzaren testuaren arabera. Areago: salaketa bera nahiko arrazoi ez izatea proposatu zuen, eta genero indarkeriagatik zigortutako pertsonek zaintza eta bisitak izateari atea erabat ez ixtea, epailearen esku utziz erabaki hori. Parlamentuak atzera bota du atal hori.

ETXEBIZITZAREKIN, ZER?

Bikotea banatzen denean, bideratu beharreko auzi nagusietako bat da: zein geratuko da etxean? Zaintza guraso bakarraren esku dagoenean, ohikoa da hura geratzea bikotearen etxean. Hori ezarriko du lege berriak ere: zaintza nork daukan, etxean hark segituko du. Zaintza partekatuaren kasuarekin, ordea, zaildu egiten da hori bideratzea. Bi aukera jarriko dituzte legean: etxea biek txandaka baliatzea edo baliabide gutxien dituen gurasoak jarraitzea etxean.

Kidetzaren proposamena argia zen: bien izenean baldin badago, etxea likidatzea. Hori «arau» izatea proposatu zuen; alegia, etxea bietako batek erostea, besteari bere zatia ordainduz, edo beste pertsona bati saltzea etxea osorik, eta salmentako dirua banatzea. Ez da aurrera aterako eskari hori.

Etxea likidatzea kasu guztietan aipatu zuen Kidetzak, baita zaintza guraso bakarraren esku geratzean ere. Kasu horretan, epe bat jarri zuen: bi urtez segitu ahal izatea gurasoek eta umeek etxean, harik eta likidazioa egin arte. Eskari hori neurri batean hartu du kontuan legebiltzarrak. Gurasoetako batek etxea «beharragatik» badauka, zaintza partekatuaren kasuan adibidez, bi urtez jarraitu ahal izango luke etxean, «behin-behinean». Epea mugarik gabe luzatzeko aukera legoke, hala ere.

Bada kontuan hartzeko atal bat etxebizitzari dagokionez. Parlamentuan taxutzen ari diren legearen arabera, etxean bizitzen segitzen duen gurasoak alokairu gisako bat ordaindu beharko lioke bikotekide ohiari; «konpentsazio bat», etxea erabiltzeko eskubidea galdu duelako. Diru kopurua zehazteko, bi faktore hartuko dituzte: antzeko etxeen truke zenbateko alokairuak ordaintzen dituzten eta bi gurasoek zenbateko gaitasun ekonomikoa daukaten. Ez dute gehiago zehaztu zati hori.

ORDAINKETAK, NORK?

Epailearen eskumena izango da zehaztea seme-alaben beharretarako dirua nork eta nola jarri. Gurasoetako bakoitzak zenbat diru ipini behar duen zehazteko, hau hartu beharko du kontuan: haurren beharrak, guraso bakoitzaren ahalmen ekonomikoa, guraso bakoitzarekin zenbat denbora pasatzen duten umeek, etxea nork daukan, zein den umeen bizilekua... Ohiko diru kopuruaz gain, ezohiko gastuak sortzen direnerako aurreikuspena ere egin beharko du epaileak —umea dentistarenera eraman behar denerako, adibidez—: bakoitzak gastuaren zer portzentaje ordaindu.

Ordainketak egiten ez direnerako, funts bat sortuko du Jaurlaritzak, gastuak pagatzeko. Urtebeteko epea du funtsa eratzeko.

AKORDIORAKO AUKERARIK?

Adostasunik ez dagoen kasuetarako neurriak zehaztu arren, legeak aipamen berezia egiten die familia bitartekaritzako erakundeei —sei hilabeteko epean, zerbitzu horiek handitu beharko ditu Jaurlaritzak—. Bikoteak akordioa lortzen badu, epaileak kasu egingo dio, umeentzat kaltegarria edo legez kanpokoa ez bada. Bikoteek, banatzean, itun baterako proposamena egin beharko diote auzitegiari, bai aurretik ados jarrita, bai bakoitzak berea proposatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna