Albistea entzun

UPNk irakasle elebakarrak ez hartzea aholkatzen zuen agiria ezkutatu zuen

Uxue Barkosek azaldu du 2013ko txosten teknikoa «tiradera batean» gorde zuela aurreko gobernuak.

Mendoza kontseilariaren azalpenak entzun ondoren, deialdiarekiko jarrera aldatu du Ahal Dugu-k
Barkos lehendakaria, Aierdi eta Laparralehendakariordeekin, atzo.
Barkos lehendakaria, Aierdi eta Laparralehendakariordeekin, atzo. J. MANTEROLA / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz - Jone Amonarriz -

2015eko azaroak 13 - Iruñea

«Gaztelania hutsezko lanpostu gehiegi daude gaur egun, PAIren ezarpenaren ondorioz. Programa hori hedatu ahala, gero eta gehiago dira tokirik ez duten irakasle elebakarrak; baina azken urteetan, ez dut ahots kritiko bakar bat entzun legebiltzar honetan. Zergatik? Bada, arazo horretaz ohartarazten zuen 2013ko txosten teknikoa tiradera batean ezkutatu zuelako UPNren gobernuak». Nafarroako hezkuntzako lan deialdiaren auzia koska bat harago eraman zuen Uxue Barkos lehendakariak atzo. Legebiltzarreko osoko bilkuran, informazioa ezkutatu izana leporatu zion Javier Esparzaren alderdiari. Barkosen esanetan, aurreko gobernuak bazekien irakasle erdaldun elebakarrentzako lanpostuak eskaintzea teknikarien irizpideen kontrakoa zela, baina informazio hori gorde egin zuen. «Parlamentariei ez zitzaien informazio hori helarazi. Sekretuan gorde zenuten, eta gobernu berria kargura iritsi arte, ez da 2013ko txostena azaleratu», aurpegiratu zien UPNko legebiltzarkideei.

Izan ere, hezkuntzako lan eskaintza publikoaren afera izan zen atzoko bilkurako gai nagusia Nafarroako Legebiltzarrean. Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariaren agerraldia eskatu zuten hainbat taldek, eta egoera baliatu zuten askok, galdera teknikoak bainoago, mitin politikoak egiteko.

«Lan deialdi partziala eta alderdikoia izanen zela uste genuen, baina gure amesgaizto txarrenetan ere ez genuen hau bezalako hondamendi identitarioa espero. Arrazionaltasunari eginiko iraina da hau. Sektarismoa lehenetsi duzue, beharrezkoa denaren kaltetan», esan zion Carlos Gimeno PSNko legebiltzarkideak kontseilariari. Gogor aritu zitzaion, oihuka kasik.

Gimenoren aburuz, irakasleen zerrenda bateratua da lan deialdiaren arazorik larriena: «Euskaraz dakiten irakasleek, D ereduko postuak eskuratzeaz gain, aukera izanen dute A eta G ereduetako oposizioetan ere parte hartzeko, eta lanpostua lortuko ez balute ere, lan poltsan geldituko lirateke. Halakorik ezin da onartu».

Oposizioko alderdiek soilik ez. Aldaketaren gobernua babesten dutenetako batzuek ere kritika zorrotzak egin zizkioten Mendozak proposatutako lan deialdiari: «Ez da berdintasun printzipioetan oinarritzen, desoreka sortzen du behin-behineko irakasleen artean, eta arazoak sortuko ditu etorkizunean ere», esan zuen Ezkerrako Marisa de Simonek. Haren ustez, lan deialdiaren arazoa ez da lanpostuen kopurua, D ereduari pisu gehiegi ematea baizik: «Erabat bidegabea da proposatzen duzuen banaketa. Behin-behineko irakasleen %70ek ez dakite euskaraz. Hori eztabaidaezina da. Eta zuek euskaraz dakien gutxiengoari eskaini nahi dizkiozue lanpostu gehienak. Egin nahi duzuen hori bazterkeria da».

Kritiken inguruan, lakoniko azaldu zen Mendoza. Datu hutsak eman zituen, konfrontazioaren dialektikan sartu gabe: «Hezkuntza Departamentuko teknikarien analisian oinarrituta eta eredu bakoitzean hutsik dauden postuak kontuan izanda egin dugu proposamena». Aurreko egunetan egin zuen bezala, ingelesez ikasteko programaren ezarpenari egotzi zion kontseilariak egungo egoera katramilatua. «Irakasle erdaldun elebakarrak baztertu ditu PAI programak. Orain arte, UPNko arduradunen irtenbidea izan da behin-behineko irakasleak kontratatzea, jakin bazekitelako lan eskaintza publiko bat eginez gero errealitate hori agerian geldituko zela».

Ahal Dugu-k, atzera

Ingeleseko C1 maila duten irakasleak kontratatzeko nahia ere agertu zuen Mendozak, baina argitu zuen ezinezkoa dela gaur egun: «Espainiako Gobernuak onartutako 276/2007 dekretuak debekatzen du ingelesezko maila duten irakasleak kontratatzea. Beraz, bi aukera ditugu: Espainiako lege hori aldatzea ala prozedura propio bat antolatzea. Lanean ari gara horretan, baina oraingoz, ezin dugu besterik egin».

Orain arte, kontseilariaren azalpenekin konforme agertu dira Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariak. Atzo, ezustean, Ahal Dugu batu zitzaien. Iragan astelehenean, lan deialdiaren kontrako bi mozio babestu zituen alderdi horrek, baina atzoko informazioarekin, iritzia aldatu dutela adierazi zuen Laura Perez bozeramaileak: «UPNren eta PSNren mozioak babestu genituen, informazio nahikorik ez genuelako. Orain dakigunarekin, gure botoa bestelakoa izanen litzateke». 2012tik aurrera sektoreak pairatutako murrizketak «iraultzeko» asmoa ere agertu zuen Perezek.

ETB eta euskaltegiak

PSN eta Ezkerrako ordezkariek eginiko galderen ostean, PP eta UPNren talde parlamentarioek hartu zuten hitza; eta ordura artekoa borrokaldi dialektiko gogorra izan bazen, eskuineko blokeak harago eraman zuen eztabaida, demagogiaren lokatzetan murgiltzeraino. Euskaltegiak, ikurrina, ETBren emisioa, Euskalerria Irratiaren lizentzia eta gobernuak eremu euskalduneko udaletara igorritako agiri ofizialak nahastu zituen Javier Esparza UPNko buruak, gobernua kritikatzeko: «Ezin da hezkuntza sistema erabili proiektu nazionalista bat inposatzeko. Nafarroako herritarren %90ek ez dakite euskaraz, eta horiek marjinazio egoerara bultzatu nahi dituzue. Mozorroa kendu du Barkosek, eta agerian utzi du bere obsesio identitarioa: ikurrina nonahi, ETB legez kanpo emititzen... Noiz arte emanen diozue bizkarra legebiltzar honen gehiengoaren borondateari?».

Antzeko argudioak erabili zituen PPko kide Ana Beltranek ere. Haren esanetan, «sektarismo gorena» praktikatzen du Nafarroako Gobernuak, eta adibide gisa jarri zuen Euskarabideak helduen euskalduntzerako emanen duen 132.000 euroren diru laguntza: «Euskaltegiei dirua ematea, nafar gizarteak gaur egun dituen beharrizan guztiak kontuan izanda. Baina zer da hori? Euskara pribilegio egoeran jartzen duzue, nafarren %13k soilik hitz egiten duten arren».

Zeharka bada ere, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak ere lan eskaintza publikoak sortutako kalapita izan zuen hizpide. Proposamena azaltzeko garaian, formak ere garrantzitsuak direla nabarmendu zuen. «Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko apustua egin dugunok jakin behar dugu aldaketa kudeatzen eta ongi azaltzen; bestela, akatsak larrutik ordainduko ditugu».

Dei zuzena egin zien Mendozari eta Barkosi, Nafarroako eliteek eta hedabideek esaten dutenari so egin beharrean, hartutako erabakietan tinko mantentzeko. «Ausartak izan behar dugu, erregimenak esaten duenari jaramonik egin gabe. Konfiantza behar dugu geure indarrengan. Mandatu bat betetzen ari gara; bestelako Nafarroa eraikitzeko eskatu zigun gizartearen zati handi batek, eta hori egin behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lodosa Bizirik taldeko kideak, bi kaleren izenak euskaraz jarri eta gero. ©BERRIA

'Ahobizi' izan nahi, eta ezin

Itsaso Jauregi

Aurten ez da egingo Euskaraldia Lodosan, baina Lodosa Bizirik elkartekoek lanean jarraituko dute euskara normalizatzeko asmoz
Alternatibak atzo Gasteizen antolatutako mahai ingurua. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Ez gara arrisku bat: gu gaude arriskuan»

Edurne Begiristain

Alternatibak antolatuta, Espainiako trans legeari buruzko «gezurrak» ezeztatu dituzte mahai inguru batean. Mar Cambrollek esan du transek «subjektu aktiboak» izan behar dutela

Euskarari eta teknologiari buruzko solasaldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Puntako teknologia euskaraz

Isabel Jaurena

Hizkuntza gutxituak eta berrikuntza uztartzeari buruz jardun dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Euskaraz funtzionatzen duten zenbait gailu aurkeztu dituzte

Ezkerretik eskuinera: Otxandiano, Otegi, Aranburu eta Tobar bileraren osteko agerraldian, atzo, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Konfluentzia» nahi dute EH Bilduk eta LABek, publikoen eta ikastolen «onena» hartuta

Irati Urdalleta Lete

EH Bildu eta LAB hezkuntzaz aritzeko bildu dira. Aitortza egin diete sare publikoari eta ikastolei. Grebak aipatuta, esan dute bat egiten dutela langileen eskaerekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...