Albistea entzun

AEBetako hauteskundeak. Emaitzak

Amerika handiaren utopia

Donald Trumpen garaipenak agerian utzi du AEBetako herritar askoren haserrea eta deskontentua. Kanpainan ez bezala, batasunerako deia egin die herritarrei. Clintonek laguntza eskaini dio Trumpi
Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2016ko azaroak 10

AEBetan, historia egin zuten Etxe Zurirako presidente beltz bat aukeratu zutenean. Emakume bat ere jartzekotan egon dira, beirazko sabaia haustekotan, baina alde horretatik ez da historiarik egin. Ohio estatuko mapan begiratu, besteak beste, herri bateko eta besteko emaitzak ikusi, eta Barack Obamak hogei punturen aldea atera zuen lekuan atera ditu Donald Trumpek lauzpabost. Beltz asko eta asko etxean geratu dira; Pennsylvaniaren gisako industria eremuetako langile asko, berriz, oraingoan atera egin dira botoa ematera, duela lau urte ez bezala. Emakume zuri gehiagok eman diote botoa Trumpi Clintoni baino —ez, ordea orokorrean: %54k babestu dute Clinton—. Zer esanik ez, gizon zuriek. Baita Floridako hispano kopuru handi batek ere, Mexikoko hesia, eta handik igarotzen diren latinoamerikarrak oso urrun eta urruneko dituztelako. Baina zergatik gertatu da hori?

Trumpek azken mitinean botatako esaldi honetan daude gakoetako batzuk: «Nork nahi duzue Amerika gobernatzea, klase politiko ustelduak ala jendeak? Hark [Clintonek] diru emaile asko dauzka, baina zuek zarete nire interes bakarra». Alegia, Hillary Rodham Clintonek, aspaldiko politikari ezagunak, ordezkatzen ditu klase politiko usteldua, boteredunen jarduna eta ezaguna denarena, bizitza gain behera sentitzen duten herritarrentzat, gero eta pobreagoak direlako —mexikar eta gainerako hispanoen erruz, uste dutenez—. Emakume askorentzat ere presidente berriaren misoginia eta sexismoa baino indartsuagoak izan dira. Horren aldean Trumpek eskaini duena, berriz, Amerika handia da, ederra, utopikoa, paradisua kolonoen oinordekoentzat. Obamak ekarri ez diena.

Haserrea orain arte isilean bizi izan dutenen botoa gailendu da —shy vote edo boto lotsatia esaten diote—, egunkarien botereak eragiten ez dietenena —komunikabide guztiak aurka izan ditu Trumpek—. Eta horiek nahikoak ez, eta hauteskunde sistemak berak ere gorrien alde egin du. Clintonek 200.000 botoren aldea atera dio Trumpi: 59.624.426 jaso ditu hautagai demokratak eta 59.424.248 errepublikanoak, baina estatuz estatu irabazten duenak eramaten ditu ordezkari guztiak, aurkariak lortzen dituen botoak hutsean geratuz, eta oraingoan, presidentetza ez ezik, Ordezkarien Ganbera eta Senatua ere errepublikanoen aldera geratu da.

Estatuz estatu

1992tik gaur arte, demokraten alde bozkatu izan dute hemezortzi estatutan, eta, estatistikei kasu eginez, Florida eskuratzea nahikoa zuen Clintonek irabazteko. Inkestak bezala, ordea, estatistikak apurtu ditu gertatutakoak: Wisconsin erori zaie demokratei, eta Florida ez dute eskuratu. Aldiz, swing state edo estatu aldakorretan Trump nagusitu da. Floridan, Ipar Carolinan eta Georgian, ere bai, berez, immigrante kopuruarengatik Clintonen aldeko izan zitezkeenetan; estatu horietan, 2008an eta 2012an, zuriak baino afro-amerikar gehiago atera ziren botoa ematera, eta etxean geratu dira oraingoan. Pennsylvaniak ere, teorian, Clintonen aldekoagoa behar zuen, baina ez. Horiez gain, Ohio, Michigan, Iowa, Mexiko Berria eta Arizona eskuratu ditu Trumpek, bere aldera egiten duten ohiko hamahiru estatuez gainera. Clintonen aldera erori dira, berriz, Maine, New Hampshire, Virginia, Colorado eta Nevada. Oso emaitza justuak izan dira gehienetan, eta horregatik jo zuten luze atzo emaitzen jakinarazpenek.

Biharamun gazi-gozoak

Trumpek biharamun gozoa izan du. Hain gozoa, bere aurkari «ustel eta iruzurgileari», kartzelan sartu behar zuen horri, eskerrak eman baitizkio bere ibilbidean «egindako lanarengatik», irabazi egin duela jakin bezain laster. Jarraitzaileak ere harrituta utzi ditu, eman duen mezu lasai eta baketsuarekin. Kanpainan gizartearen zatiketaren irudia muturreraino eraman duenak uste du «ezberdintasunen zauria ixteko unea» dela, «elkarrekin jende batua osatzeko garaia».

Trumpen aurpegi zoriontsuari kontrastea jarri dio Clintonek: hauteskundeen emaitzak jakin ostean ateratzekoa zen oholtzara; beirazko sabaia ere irudikatua zuen aretoak, nork daki, agian, jendaurrean hausteko asmoa zuen irabazi izan balu, baina arratsaldera arte ez zen jendaurrera atera. Berarekin lanean aritu diren emakumeak izan ditu gogoan bereziki. «Oraindik ez dugu beirazko sabaia apurtu, baina egunen batean baten batek apurtuko du, eta agian uste baino lehenago izango da». Aurpegi zurbilduan mina nabaritzen zitzaion hitz egiterakoan, eta halaxe aitortu zuen: «Oso mingarria izan da porrota, eta denbora askoan izango da», baina hitz onak besterik ez zituen egin Trumpentzat. «Atzo zoriondu nuen Trump, eta errepublikanoekin lan egiteko eskaini nion neure burua. Ikusi dugu gure herria inoiz baino banatuagoa dagoela, baina nik oraindik Estatu Batuetan sinisten dut, eta beti sinistuko dut».

Barack Obamak ere ez zuen ospatzeko askorik atzo, azken batean, eraikitzen utzi dioten legatua arriskuan baitago, besteak beste, osasun erreforma eta hainbat eskubide zibil. Ordea, ez da arrazoi, haren ustez, zatiketa bultzatzeko, izan ere, «talde berean» daude errepublikanoak eta demokratak: «amerikarrak gara lehenik, abertzaleak lehenik, eta denok nahi dugu onena gure herriarentzat. Hori behar du herrialdeak, batasuna». Trumpek ere izaera horri eutsiko diola espero du Obamak. Horretarako, bere esku dagoen guztia agindu du: «Trantsizio baketsua» izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harrotasun eguneko desfilea aurten, New Yorken. / ©Peter Foley, EFE

AEBetan 'X' genero izendapena duen lehen pasaportea eman dute

Jon Ordoñez Garmendia

Datorren urterako pasaporte sistema erabat egokituta egotea eta izendapen berria normalizatuta egotea espero dute.

Poloniako presidnte Andrzej Duda, urri amaieran Varsovian egindako ekitaldi ofizial batean. / ©Radek Pietruszka, EFE

Egunean milioi bat euroko isuna ezarri dio Europako justiziak Poloniari

Berria

Uztailean Europako Justizia Auzitegiak agindu zion Varsoviari behin-behinean eten zezala Poloniako Auzitegi Goreneko diziplina batzordea, baina hark ez zuen agindua bete. Poloniak «xantaia» egitea egotzi dio Bruselari.

Jair Bolsonaro presidentea Boa Vistan, Venezuelako mugatik gertu. / ©Isac Nobrega, EFE

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio Brasilgo Senatuak Bolsonarori

Arantxa Elizegi Egilegor

Sei hilabeteko ikerketa baten ostean onartu du Senatuak txostena, eta fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain.

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.