Industrian izan ezik, behera segitzen du Ipar Euskal Herriko ekonomiak

Eraikuntza sektorearen egoera «kezkagarria» dela adierazi du Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariak.

Tren bidaiak ere apalduz doaz; portua, berriz, egonkortuz

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko martxoak 11
Hobetzeko itxuraz, baina oraindik ere apal. Hala dago Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) emandako azken datuen arabera. Hain zuzen, sektore guzietan nabari da beheranzko joera, baina ondoko sei hilabeteetan hobera eginen duen itxaropenez. Inbertsioek gora egin dute, erraterako, eta hori esperantza iturri da, Andre Garreta MIGeko lehendakariak azaldu duenez. Sektore gehienetako datu orokorrak ez dira onak, nolanahi ere. Eraikuntzan, adibidez, okerrera egin dute negozioek, irabaziek, inbertsioek zein langile kopuruak. Garraioetan ere badira ahuleziak. Aireko zirkulazioa, erraterako, %3,1 apaldu da, eta trenbideetakoa %10,1. Baionako portuak, ordea, egonkortzera egin du: %0,7ko apaltzea bertzerik ez du izan 2014an.

«Euskal Herrira berandu etorri zen krisia, eta atera ere berandu eginen gara». Hala adierazi zuen Garreta MIGeko presidenteak atzo Ipar Euskal Herriko ekonomiari buruzko datuak ematerakoan. Hain zuzen, haren hitzetan, ezaugarri bereziak ditu lurraldeak: enpresa txikiak eta gehienbat zerbitzuetara bideratutakoak daude. Kontsumitzaileen araberakoa da, beraz, ekonomiaren egoera ere, azaldu duenez: «Kontsumo egoera gaizki doanean, ekonomia ere gaizki doa». Horrexegatik da industria, hain justu, gutxien kalteturiko sektorea: «Kanpo merkatuek erakartzen dute, eta horrek barne merkatuen lozorroa orekatu dezake».

Eraikuntzari dagokionez, Hego Euskal Herriarekiko mugan egoteak eragiten du bereziki arazoa, Garretaren iritziz: «Espainiatik eta Portugaldik datoz eraikuntza enpresak, eta kalte fiskalik ez dutenez, prezio merkeagoak eskaintzen ahal dizkiete bezeroei». Arau fiskal eta sozialek ondorio ezkorrak dituzte, haren aburuz, Ipar Euskal Herriko eraikuntza enpresentzat, eta, hori gutxi ez dela, eraikuntza eskaera publikoek ere behera egin dute. Horrek guziak diru arazoak sortzen dizkie enpresei, eta, ondorioz, inbertsioak egiteko ezintasuna. Estatistikek erakusten dute beherakada hori: 2014an, hain justu, etxebizitza berrien eraikuntzak %32,7 egin du behera, eta jarduera guneenak, berriz, %12,3.

Eraikuntzan ez bezala, joera positiboak ageri dira turismo eta merkataritza sektoreetan, eta ondoko sei hilabeteetarako aurreikuspenak ere onak direla azaldu dute. Turismoan, erraterako, inbertsioek 13 puntuz egin dute hobera. Hala eta guziz ere, indar handiagoak egin beharko direla ohartarazi du MIGeko lehendakariak. Bertzeak bertze, berrikuntzak eta Hego Euskal Herriarekiko harremanak garatu beharko dira, haren ustez. Horri guziari aurre egiteko Baionako MIGa mantentzearen alde mintzatu dira bertako kideak: «Lagunduko dituen hurbileko zerbitzu bat behar dute enpresek».

Konfiantza gutxiago

Ekonomiaren egoera ahula denez gero, enpresek gero eta konfiantza gutxiago dute etorkizunari begira, MIGaren barometroaren arabera. 600 enpresek parte hartu dute otsailaren 2tik 13ra egindako azterketa horretan, eta emaitzek diote, hain zuzen, enpresen %68k dutela konfiantza geroan. Joan den urtekoa baino hamar puntu apalagoa da datu hori: 2014ko otsailean %78 ziren.

Langabeziak, bertzalde, berdintsu segitzen du: %8,9 da langabezia tasa. Lanaren bila ari direnen kopurua gero eta handiagoa da, ordea. Urtarrilean 23.702 lagun ari ziren lan xerka Ipar Euskal Herrian, eta horietatik 15.883k ez zuten lanik egin azken hilabetean, hots, iaz baino %5,9k gehiagok. Horietatik %49,6 emazteak dira. Adinei dagokienez, 25 urtetik behera dute lan bila ari direnen %15,4k, eta 50 urte baino gehiagokoak dira %22,7. Iraupenari begira, berriz, lan bila urte bete baino gehiago igaro dutenen kopurua ere gorantz doa: 9.260 pertsona dira Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarren, hots, iaz baino %11,3 gehiago.

RSA gutxieneko errenta ere gero eta jende gehiagok eskatzen du: 2014 bukaeran 8.426 lagunek jasotzen zuten, hau da, urte batean %5,3 handitu da hartzen dutenen kopurua. Garretak azaldu duenez, gainera, ugaritzen ari dira lana izan arren diru laguntza hori eskatzen dutenak: prekaritatearen gorakada erakusten du horrek, haren arabera.