Albistea entzun

Airean, airea baino gehiago

Eten egin da duela zazpi urte hasitako bilakaera. 2015ean okerrera egin zuen Hego Euskal Herriko aire kalitateak. 2016aren erdia bete ez dela, troposferako ozonoagatik gertatzen ari den kutsaduraz ohartarazi du Ecologistas en Accion-ek, eta horri aurre egiteko planak egiteko eskatu.
Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2016ko ekainak 16

Ohartarazpena berriki gertatu da. Airearen kutsadurak legez ezarritako maila gainditu du Hego Euskal Herriko zenbait tokitan. Iragan asteko datuek hala islatu zuten. Troposferako ozonoaren presentzia handiegia izan zen Nafarroako eta Arabako hegoaldean, batez ere. Kutsatzaile horrek sintomak areagotu diezazkieke asma edota alergiak dituzten pertsonei. Ecologistas en Accion elkarteak eman zuen egoeraren berri, eta gaineratu zuen azken egunetakoa ez dela salbuespena: airea geroz eta kutsatuago dago.

2015eko airearen kalitateari buruzko txostenaren datuak babestu dituzte azken egunotako ohartarazpenek, hein handi batean. Iaz, okerrera egin zuen airearen kalitateak. Espainiako Ecologistas en Accionek urtero ikertzen du airearen kalitatea, administrazioen estazio neurgailuen datuak baliatuta. 2008tik 2014ra aire kutsadura maila apalduz joan zen. Azken txostenean, baina, bilakaera hori eten egin da. Horren atzean zenbait eragile egon daitezkeela hausnartu dute: industriaren susperraldia, energia berriztagarrien apaltzea eta ziklo konbinatuko zentralen erabilera handiagoa, errepideko zirkulazioaren gorakada...

«Ez dakigu behin-behineko zerbait den, edo joera aldaketa baten atarian gauden», ohartarazi du Miguel Ceballosek, airearen kalitateari buruzko txostenaren koordinatzaileak. Behinik behin, azken asteko datuak argigarriak dira. «Ekainean bagaude ere, urte baterako gehieneko datuak gainditu dira leku batzuetan».

OMEren irizpideak

Ecologistas en Accion-en txostena ez da baikorra. Hego Euskal Herria hamabi eskualdetan banatzen du, airearen kalitatea neurtzeko. Eskualde guztietan gainditzen dira OME Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutako gehieneko kutsadura tasak, dela kutsatzaile bategatik edo besteagatik. Hau da, 2015eko uneren batean gehiegi kutsatutako airea arnastu zuten Hego Euskal Herriko biztanle guztiek, OMEren irizpideen arabera.

Azken kontu hori nabarmendu du Miguel Ceballosek. Txostena OMEk egindako aholkuetan oinarritu dute. «Europako Batasunak ezarritako legezko mugak apalduz joan dira; horrela, irudikatu dute arazoa ez dela benetan den bezain larria». Ceballosek gogora ekarri du 1990eko hamarkadan hasi zirela Europako Batasuneko herrialdeak kutsatzaileei muga jartzen. Nazioarteko osasun erakundeen irizpideak ezarri zituzten hasieran, baina gero txikituz joan ziren. «Ikusirik horiek ezin zituztela bete, mugak moldatu zituzten, neurri eraginkorrak hartu beharrean: erregai fosilen erabilera mugatzea, adibidez».

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu dute indarrean dauden irizpideak ez direla OMErenak. Europako araudia errespetatuz gero, Hego Euskal Herriko airearen kalitatea ona dela argudiatu dute biek. Are gehiago, azken urteetan hobera egin duela azpimarratu dute. Edonola ere, 2015ean araudiaren mugak gainditu zituzten zenbait kutsatzailek.

NO2 eta ozonoa

Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko neurgailuak 54 mikrogramo NO2 atzeman zuen metro kuboko, batez beste, 2015ean. Nitrogeno dioxidoa ibilgailuek isurtzen dituzten gai kutsatzaileen oxidazioaren ondorioz sortzen da; hots, zirkulazioak eragiten du batez ere. Bilboko itsasadar inguruan ohikoa da. 2008tik urrituz joan da, eta, hala ere, 2012ra arte estazioren batek legez ezarritako muga gainditu izan du. 2013an eta 2014an ez zen halakorik gertatu, baina iaz kutsatzaile hori atzeman zuten berriz.

Ozonoa izan zen 2015ean legezko muga gehien gainditu zuen bigarren kutsatzailea. Nafarroako eta Arabako erriberako neurgailuetan atzeman zuten: Erriberrin eta Tuteran, hurrenez hurren, 37 eta 28 egunetan gainditu zuten muga arautua; eta Valderejoko natur parkeko neurgailuak 31 egunetan atzeman zuen. «Atmosferako haize-lasterrek Europako beste eskualde batzuetako kutsadura ekar dezake hona», argudiatu du Jaurlaritzak.

Plan baten falta

«Arauzko muga gainditzen denean esku hartu behar da, baina Nafarroako Gobernuak horri uko egin dio», kritikatu du Eduardo Navascues Nafarroako Ecologistas en Accion-eko kideak. Halako kasuetan Airearen Kalitatea Hobetzeko Plana abiarazi behar dela nabarmendu du. Elkarte ekologistak eta Tuterako Udalak plan hori martxan jartzeko eskatu dute, baina Nafarroako Gobernuak baztertu egin du.

Javier Bera Nafarroako Ingurumen Kalitateko zerbitzuburuak erantzukizunak banatu ditu: «Asko dira kutsatzaile hori eragiten duten faktoreak, eta seguru jatorrizko kutsatzaileak ez daudela Nafarroan; plan baten bidez esku hartzeko aukera gutxi dugu». Hori ikusirik, Nafarroako Gobernuak Espainiakoari proposatu dio plan bat abiaraz dezala, erkide kaltetuekin batera. Espainiako Gobernuak ez du oraingoz ezer erantzun.

Navascuesen iritziz, baina, neurri hori ez da nahikoa. «Espainiako Gobernuak argudio bera erabiliz gero, inork ez du ezer erabakiko, eta egoera larria da».

Kendutako neurgailuak

Eusko Jaurlaritzak egun ez du Arabako ipar-mendebaldeko ozono kutsadurari aurre egiteko planik, web orrian emandako informazioaren arabera. Edonola ere, Ecologistas en Accion-ek bestelako jokabideak kritikatu dizkio Iñigo Urkulluren gobernuari; hain zuzen ere, Bilboko itsasadarreko neurgailu «gatazkatsu» batzuk kendu edo lekuz aldatu izana. «Halako jokabidea ohikoa bada ere, Bilboko itsasadarrean egitea kezkagarria iruditzen zaigu», salatu du Ceballosek. Airearen kalitatea hobetzeko ahalegin handiagoa eskatu die gobernuei. «Pena da krisiaren testuingurua baliatu ez izana, besteak beste, ingurumena eta airearen kalitatea hobetzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Baionako Hazkurri Bankuaren urteko bilketa. ©Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Herri elkartasun premiatsua

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Urteko bilketa egin berri du Lapurdi eta Baxenabarreko Hazkurri Bankuak. Iaz baino doi bat gutiago bildu badu ere, araberan beste lekuetan baino gehiago eman du bertako jendeak. Beharrak emendatuz doaz

Donostia erietxearen aurrean egindako protesta. ©Goka Rubio / Foku

Langileek ez dute «hurbiltzeko borondaterik» ikusten Osakidetzaren partetik

Arantxa Iraola

Berriro ere elkarretaratzea egin dute Donostia ospitalearen aurrean. Iñigo Urkullu lehendakariak «lasaitasunera» dei egin du, eta adierazi du Osasun Saila eta Osakidetza plan estrategiko bat lantzen ari direla: «Uste dut egoera azkenean bideratuko dela; badut konfiantza».

Bilketa eguna, Basaurin ©Aritz Loiola / Foku

Gizartearen erantzuna eskertu du Elikagai Bankuak

Olatz Silva Rodrigo

2019ko datuak gainditu dituzte. 77.000 lagunen artean banatuko dute lortutakoa.

AHTaren obretan aurkitutak gaztelu erromatarraren aztarnak ©Nafarroako Gobernua

AHTaren obrek ondare arkeologikoan eginiko kalteak salatzeko deialdia egin dute, bi soldadu erromatarren mamuen izenean

Isabel Jaurena

Erromatar gaztelu baten aztarnak topatu dituzte Tafallan (Nafarroa), eta Nafarroako Gobernuak AHTaren obrak geldiarazi ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.