Kostaldeari begira, eta metroa eskura

Klima aldaketak XXI. mendean euskal kostaldean izango duen eragina aztertu dute hainbat adituk. Beren ikerketen emaitzak Uhinak kongresuan aurkeztuko dituzte, asteon, Irunen.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2015eko urriak 4
Pixkanaka, baina temati. Itsasoaren maila gora joan da azken hamarkadetan, eta gorago joko du, adituek dituzten datuen arabera. Tenperaturek ere antzeko portaera izango dutela diote, eta muturreko fenomeno meteorologikoak ohi baino usuago gertatuko direla mundu osoan.

Euskal Herria ez da libratuko, baina geografiak, nolanahi, Euskal Herriaren alde jokatzen du, adituen arabera: latitudeagatik eta inguru geografikoa kontuan izanda, aldaketak epelagoak izango direla uste dute.

Aurrean diren erronka horiei kontra egiteko bideak aztertuko dituzte asteartetik aurrera Ficoban (Irun, Gipuzkoa) bilduko diren adituek. Espektro zabal baten erakusle dira hizlariak: administrazio publikoetako ordezkariak, zientzialariak eta nazioarteko adituak izango dira bertan. Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko Uhinak kongresuak «klima aldaketak itsasertzean duen inpaktuari buruzko ziurgabetasunei erantzuteko ibilbide orria definitzea dauka xedetzat», antolatzaileen arabera.

Bi kontzeptu maneiatzen dituzte gehien arlo horretan aritzen direnek: agertokia eta ziurgabetasuna. Eta, horien arabera, ikerketak egin eta horien emaitzak argitara ematen dituzte. Zuhurtziaz, betiere, baina datuek ematen duten kezka ezkutatu ezinik.

«XX. mendean itsasoaren gorakada azkartu egin da euskal kostaldean», azaldu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologo Alejandro Zearretak —kongresuan parte hartuko du—. Erregistro geologikoek ematen duten informazioaren arabera, azken 7.000 urteekin alderatuta, azkartze horretan 3 eta 6 arteko gorakada egon da. Joera hori bat dator IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak planetaren beste erregio batzuetan izan den gorakadari buruz esaten duenarekin. «Neurketa tresnen datuak eta erregistro geologikoak esaten dutena alderatzen baditugu, antzeko balioak ematen dituzte». Ikertzaileak eman dituen datuen arabera, XX. mendean batez bestez urteko 2,08 milimetroko gorakada izan da itsasoan. «Euskal populazioaren gehiengoa kostaldean bizi da, eta bereziki itsasadarren inguruan batzen da. Eta horiek dira, hain justu, uholdeen aurrean arrisku gehien duten eskualdeak», ohartarazi du Zearretak.

Itsasoari so, gertutik

Populazioa kostaldean pilatzea ez da Euskal Herriko kontua bakarrik, BC3 Basque Centre for Climate Change taldeko ikertzaile Elisa Sainz de Murietak azaldu duenez. «Itsas mailaren igoera klima aldaketaren inpaktu nagusienetakoa izango dela aurreikusten da, batez ere munduko biztanleriaren %40 inguru kostaldean bizi delako». Eta badirudi hori larritu egingo dela ondorengo hamarkadetan. «Nazio Batuen Erakundearen aurreikuspenek kostaldeko biztanleriaren hazkunde nabarmena erakusten dute; beraz, arriskupean egongo den jendearen, etxebizitzen edota azpiegituren kopurua handiagoa izango da».

Ikertzaileak kostaldeko hiru gune arakatu ditu bereziki, Muskiz, Plentzia eta Urdaibaiko itsasadarrak (Bizkaia), eta bertan izango diren inpaktu fisiko eta ekonomikoak aztertu ditu. «Itsas mailaren igoerak berak eta batez ere berari lotutako muturreko gertakariek (itsas ekaitz bortitzak, adibidez) izango luketen eragin fisikoa» abiapuntu izan du, betiere erregistro geologikoetan oinarrituta.

Zuhurtziaz eman ditu datuak Sainz de Murietak, behin-behineko zenbakiak direlako. Hala ere, ikertzaileak egin dituen hasierako kalkuluen arabera agertoki ezkorrena kontuan hartuz gero, Urdaibaiko paduren galerari lotutako inpaktu ekonomikoa 610.000 eurokoa izan liteke. Plentziari dagokionez, muturreko gertakari bakoitzak sortutako galera 0,7 milioi eurokoa izango litzateke 2030ean. 2100ean, berriz, kopurua nabarmenki haziko da: 10,8 eta 12,2 milioi euro artean.

IPCCko txostenetako agertokien arabera, euskal kostaldean izango den egoera ikertu du FIC Klimaren Ikerketarako Fundazioko Robert Monjo klimatologoak ere. Esku artean dituen datuen arabera, 50 urte barru Euskal Herriko zenbait eskualdetan muturreko fenomenoen agerraldia %20 handitu liteke. Udan eta udaberrian, berriz, prezipitazioak %30 eta %10 artean urritu litezke.

Datuak etengabe jasotzea ezinbesteko tresna da etorkizuna aurreikusten saiatzen diren zientzialarientzat. Angeluko (Lapurdi) eta Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzetan izaten diren denboraleak ikertzen ditu Paueko Unibertsitateko ikertzaile Denis Morichonek. Bertan, AZTI-Tecnaliaren lankidetzarekin, bideokameraz erregistratzen dituzte ekaitzak. «Lan horren bitartez, kostaldeetan denboraleen aurreikuspenak hobetu nahi ditugu, arrisku egoerak hobeto kudeatu ahal izateko», adierazi du.

Larrialdi egoerak

Jose Antonio Aranda Euskalmet zerbitzuaren arduraduna da. «Berdin dio muturreko egoerak maizago gertatu ala ez; garrantzitsuena horiei aurre egitea da». Urteetan pilatutako esperientzia lagungarri izan du Arandak erronka berriei ekiteko eta larrialdi zerbitzuak hobetzeko. «Kontzeptu berri bat sortu dugu: kostaldeko inpaktua. Izan ere, kostaldean bizi direnek eta itsasoan nabigatzen direnek arazo ezberdinak dituzte, baina orain arte hori ez genuen aintzat hartzen».

Arandak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzan aurrez aurre jarri dituzte azken 11 urteetan denboraleek sortutako kalteak eta ozeanoaren eta meteorologiaren arloan diren aldagaiak. Datuak aztertuz, indize berriak sortu ahal izan dituzte. Hemendik aurrera, olatuen norabideak eta olatu motak, itsasaldi astronomikoak zein meteorologikoak eta kostaldearen topografia kontuan hartuko dituzte larrialdi abisuak prestatzeko orduan.

Erronka ez da makala, eta naturarekin erlazioa duten gai guztiekin izan ohi den bezala, orotariko ikuspegia izatea premiazkoa da. AZTIko ikertzaile Angel Borjaren arabera, azken hamarkadetan hobetu da itsas ekosistemen inguruko ikerketa, baina kudeaketa egokia egin ahal izateko are gehiago ikertu behar da oraindik ere.

Bioaniztasunaren rola kontuan hartzea eta gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana sakontzea dira Borjak proposatu dituen erronketako batzuk. Itsasoen ekosistemak kudeatzea ere garrantzitsua da, ikertzailearen aburuz. «Monitorizazio eta ebaluazio sistemak garatu behar ditugu, eta gizakia ekosistemen barruan kokatzea ere premiazkoa da. Ulertu behar dugu nola itsasoak eskaintzen dizkigun bere zerbitzuak, eta aldi berean horiek babestu egin behar dira. Horrela jokatuz gero, itsasoko baliabideen erabilera iraunkorragoa izatea lortuko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna