Albistea entzun

Malin 27 lagun hil ditu talde islamista batek, luxuzko hotel bati eraso eginda

Armadak ustezko hamahiru erasotzaile hil ditu, Frantziak eta AEBek lagunduta.

Al-Qaedari lotutako bi taldek hartu dute beren gain atentatua.

Bezero atzerritarrak eduki ohi ditu Bamakoko hotelak
Militarrak Radisson Blu hotelean zauritutako herritar bat laguntzen, atzo, Bamakon.
Militarrak Radisson Blu hotelean zauritutako herritar bat laguntzen, atzo, Bamakon. STR / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko azaroak 21

Talde armatu batek hamar ordu inguruz dozenaka lagun bahituak izan zituen atzo Maliko Bamako hiriburuko luxuzko hotel batean, eta gutxienez horietako 27 hil zituen, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Maliko agintarien arabera. Soldaduek, berriz, ustezko erasotzaile guztiak hil zituzten; hamahiru, denera. Mali gerran dago 2012tik, baina atzoko erasoak nazioarteko hedadura hartu du. Izan ere, Al-Qaedari lotutako bi taldek hartu dute beren gain atentatua, hamalau herrialdetako gatibuak zeuden bahituen artean —Mendebaldeko bezeroak hartu ohi ditu hotelak—, eta Frantzia esku hartzen ari da Maliko gerran. Hain zuzen, Frantziako eta AEBetako indar bereziek Maliko armadarekin parte hartu zuten gatibuak askatzeko operazioan.

Maliko Barne Segurtasunerako Ministerioko koronel Salif Traorek hedabideei azaldu dienez, erasotzaileak 07:00etan sartu ziren Radisson Blu hotelaren eremuan auto batean, haien aitzinetik delegazio diplomatiko baten matrikulak zeuzkan auto bat sartzera zihoala baliatuta. Traoreren arabera, jarraian arma automatikoekin tiroka hasi ziren, «Ala akhbar» oihukatzen zuten bitartean(jainkoa handia da, arabieraz). Erasoa ikusi zuen lekuko bat aipatuz Reuters agentziak argitaratu duenez, erasotzaileak solairuz solairu igo ziren hotelean, eta «tarteka» tiro hotsak aditu zituen. Ehundik goiti bezero zeuden, eta soldaduek arratsaldeko lehenbiziko orduetan erreskatatu zituzten azkenak. France 24 kateko berriemailearen arabera, denera 132 lagun atera zituzten hoteletik. Hala ere, erasotzaileetako batzuek hotelaren zazpigarren solairuan eutsi zieten militarrei ordu batzuez.

Atentatuaren ondoren hotelera bertaratutako NBEren Minusma misioko kideek adierazi dute beheitiko solairuan hamabi gorpu ikusi zituztela, eta bigarren solairuan, berriz, hamabortz. Erasoak iraun zuen orduetan informazio nahasgarria eta batzuetan kontrajarria eman zuten hiru iturri nagusiek —Maliko Gobernuak, hotela kudeatzen duen enpresak eta Minusmak—, eta, eguna bukatzerako nagusi zen bertsioaren arabera, 27 gatibu hil zituzten erasotzaileek, eta soldaduek, berriz, ustezko hamahiru erasotzaile.

Hamalau herrialdetakoak

Gutxienez hamalau herrialdetako bezeroak zeuden hotelean: Frantziako eta Turkiako hegazkin konpainietako langileak, Txinako turistak, Indiako hogei herritar... Belgikak berretsi du bere herritar bat hil dutela, Valoniako Parlamentuko kide bat.

Frantziako eta AEBetako tropa bereziek parte hartu zuten hoteleko erasoan. Parisek jakinarazi zuenez, 14:00etan sartu ziren Frantziako indarrak, Malikoekin batera. Jean Yves Le Drian Defentsa ministroak adierazi zuen Maliko Gobernuak eskatu ziola laguntza Frantziakoari. Mark Cheadle AEBetako armadak Afrikarako duen saileko (Africomeko) bozeramailearen arabera, 25 militar estatubatuarrek lagundu zieten atzo Maliko soldaduei.

Muturreko talde islamista sunitek erasoak egiteko herrialde batean baino gehiagotan hautatu duten helburu mota da Bamakoko hotela: Mendebaldeko zerbitzu diplomatikoen, enpresarien, konpainietako langileen eta turisten presentzia handia duen eremu bat. Parisko atentatuetatik astebete zehatzera egin dute Bamakokoa, baina agintariek ez dute loturarik ezarri.

Pariskoa Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain. Bamakokoa Malin jarduten duten bi talderen izenean aldarrikatu dute, Interneten argitaratutako mezuetan: Al-Murabitunen izenean lehenik, eta AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaedarenean gero.

Le Drianek «dudarik gabe» Mokhtar Belmokhtar Al-Murabituneko buruari leporatu dio atzoko erasoa agintzea. David Rodriguez Africomeko komandanteak, ordea, AQMIri egotzi dio. Belmokhtar aljeriarra da, eta 1991n Afganistanera joan zenetik egon da lotuta muturreko talde islamistekin. 2013ko urtarrilean egin zen nazioartean famatu, hari egotzi baitzioten Aljeriako In Amenas guneko gas azpiegitura baten aurkako erasoa agintzea —37 gatibu atzerritar hil zituzten—. Ordutik, Sahelen droneekin egindako erasoetan zenbaitetan hiltzat eman izan dute.

Mali, 2012tik gerran

Bamakoko erasoak, hortaz, testuinguru hirukoitz bat du: potentzia nagusiek EIri deklaratutako «gerra», Sahelen azken urteotan muturreko talde islamisten hazkundea, eta, batez ere, Maliko gerra. 2012an Mali iparraldeko Azawad lurralde zabaleko MNLA miliziak independentzia aldarrikatu zuen, baina hurrengo hilabeteetan muturreko talde islamistak kaosaz baliatu, eta Azawad gehiena hartzea lortu zuten. 2013ko urtarrilean, Bamako hartzeko bidean zirenean, Frantzia sartu zen. Gaur egun talde horiek ez dute hiririk kontrolatzen, baina erasoak egiteko gaitasun handia mantendu dute. Orain arte Bamakon atentatu bakarra egina zuten: iragan martxoan, bortz lagun hil zituzten tiroz.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pedro Castillo, artxiboko irudi batean. ©Paolo Aguilar / EFE

Castillok Peruko Kongresua desegin du, eta salbuespenezko gobernua ezarri

Paulo Ostolaza

Ordu gutxi barru ziren presidentearen aurkako zentsura mozio bat bozkatzekoak, urte eta erdiko agintaldian hirugarren aldiz. Estatu kolpea ematea egotzi diote bere alderdiak eta Cesar Landa kantzilerrak, besteak beste.

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. ©DEMIAN ALDAY / EFE

Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Raphael Warnock hautagai demokrata bart, bozak irabazi ostean. ©JIM LO SCALZO / EFE

Senatuan gehiengoa handitu du Alderdi Demokratak, Georgian irabazita

Berria

Raphael Warnock demokrata nagusitu zaio Herschel Walkar errepublikanoari, eta demokratek ez dute beharko Kamala Harrisen botoa berdinketak hausteko.

Errusiako armadako tanke batzuk ariketa militarrak egiten Rostov eskualdean, iazko urtarrilaren amaieran. ©EFE

Neguak gerrari eragingo dio

Igor Susaeta

Elurrak, hotzak eta eguzki orduen urriak baldintzatuko dituzte guda zelaiko mugimenduak eta horien ondorioz sortutako abaguneei eman beharreko erantzunak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.