Albistea entzun

18.000 urte baino gehiagoko irudiak aurkitu dituzte Zestoako koba batean

Gutxienez, bost animalia ikus daitezke, orein eta ahuntzak, Goi Paleolitokoak.

Antxieta elkarteko kideek egin dute aurkikuntza.

Eremua babestuko duela baieztatu du Eusko Jaurlaritzak
Zestoako Danbolinzulo haitzuloan aurkituriko irudietako bat; 18.000 eta 32.000 urte artean dituela baieztatu du EHUko aditu talde batek.
Zestoako Danbolinzulo haitzuloan aurkituriko irudietako bat; 18.000 eta 32.000 urte artean dituela baieztatu du EHUko aditu talde batek. ANTXIETA ELKARTEA

Gorka Erostarbe -

2015eko urtarrilak 13 - Donostia

Zestoako Danbolinzuloko haitzuloan (Gipuzkoa) gutxienez 18.000 urte izango dituzten labar irudi berriak aurkitu izanak funtsezko lurralde bilakatzen du Euskal Herria, «sinbolismoaren eta artearen jatorria ikertzeko eta Goi Paleolitoko gizakiaren mugikortasuna eta interakzioa ulertzeko», Marcos Garcia Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeko eta Ikerbasque fundazioko kidearen hitzetan. Garcia aditua da paleolitoko labar artearen ikerketan, eta aurkitutako margolanak benetakoak direla baieztatu zuen atzo Donostian, Gipuzkoako Diputazioan egindako aurkezpenean: «Inolako zalantzarik ez dugu benetako labar irudiak direnik. Oinarri zientifiko guztiak betetzen dituzte egin ditugun azterketek». Hala ere, barrunbeko labar arteaz dakitena «oso azalekoa» da oraingoz, bisita bakar batean lortutakoa baino ez baita. Bistakoak diren bost animalia irudi gutxienez antzeman dira (orein emea eta ahuntzak), eta horiei gehitu behar zaizkie, seguruenik, beste hiru —bost ere izan daitezkeenak—, baina oraintxe bertan egoera kaxkarrean daude ondo antzemateko. «Irudi guztiak gorriz eginak daude, burdin oxidoz, eta horietako batzuetan puntuzko trazatua antzeman daiteke, hatzarekin edo tanpoi batekin egindako puntu txikiak». Gehienak trazatu laburrez egindako irudiak dira, adituaren hitzetan, eta «ingerada mugatzeari garrantzia ematen diote; alabaina, irudi horietako batean, orein emearenean, barrualde guztia kolore gorriz beteta agertzen da». Ezaugarri horiekin guztiekin, gutxienez 18.000 urte dituztela ondorioztatu dute adituek, baina 32.000 urtera arte izan ditzakete. Garciaren beraren iritzian, 23.000-24.000 urte inguru izango lituzkete ziurrenik.

Danbolinzuloko barrunbea txikia da neurriz, eta ezaguna zen lehenagotik, baina orain artean inork ez zuen margolanik ikusi haren hormetan. Zientzialariek 1980. urteaz geroztik ezagutzen dute, Antxieta Jakintza Taldeak handik historiaurreko zenbait material zeramiko berreskuratu zuenetik. Duela gutxi, iragan berri den urteko abenduaren 14an, inbentarioa eginda zeuden zenbait haitzulo berrikusten ari zirela aipatutako talde horretako kide batzuek pigmentu gorriko arrastoak eta ustezko animalia irudiak ikus zitezkeen panel bat aurkitu zuten. Ondoren, abenduaren 21ean, kide horietako batzuk eta Alvaro Arrizabalaga, Marcos Garcia eta Mari Jose Iriarte EHUko Historiaurreko Taldeko kideak haitzuloa ikustera joan ziren; aurkikuntza benetan historiaurrekoa zela egiaztatu zuten, eta irudi berriak zeudela adierazi zuten. Javier Maiz Antzieta elkarteko kidea izan zen aurrenekoz labarreko margolanak ikusi zituena. «Animalia buru tankerako bat ikusi nuen aurrena, adarrak gero; bizkarra ere behar zuela pentsatu nuen, eta han zen...». 1980ko hamarkadan, artean ez zeuden ohiturik Euskal Herrian begi zehatzez begiratzen hormei, eta horregatik igaro da horrenbeste denbora margolanak aurkitu artean.

Aurrez lurrazaleko material arkeologikoak topatu zituzten, zeramika arrasto gutxi batzuk. Horiei esker jakin zen Brontze Aroan gizakia ibilia zela inguru horretan. Danbolinzuloko horma irudiek antzekotasunak dituzte Kantauri aldeko beste barrunbe batzuetakoekin. «Trazatu gorriak, irudien barrualde batzuk beteta egoteak, klima hotzeko animaliak ez agertzeak eta anatomiaren trazatu laburrak erabiltzeak beste horma irudi batzuekin lotzen ditu danbolinzuloko irudiak», Garciak dioenez.

Danbolinzuloren azterketak mota horretako irudiak ezagutzeko prospektiba berriak zabalduko ditu, eta funtsezkoa den informazioa emango du gizadiaren lehen artearen hasierako faseen kronologiari buruz eta multzoaren sinkroniaren edo diakroniaren inguruko eztabaidari buruz.

Euskal Herrian Paleolitoko labar artea duten kobazulo gutxi daude, Kantauriko eta Piriniotako gainerako lurraldeekin alderatuz gero. Kantabrian 60tik gora daude, eta Asturiasen, 40 inguru; Euskal Herrian, berriz, gaur egun 11 barrunbe daude, eta horietatik bost (Ekain, Altxerri, Astigarraga, Praileaitz eta Aitzbitarte IV) Gipuzkoako kosta inguruan daude.

Azken urteotan Euskal Herrian egindako arkeologia lanei esker, ugaritu egin da labar artea duten aztarnategien eta kobazuloen kopurua. Inguruko lurraldeek dutenaren antzeko errealitate arkeologikoa azaleratu da, eta agerian geratu da Euskal Herriak egiteko nabarmena izan zuela giza taldeen kokaleku nahiz pasabide modura.

Barrunbe babestua

Gipuzkoako Foru Aldundiak Danbolinzuloko barrunbea itxi egin du egoera onean iraungo duela bermatzeko, eta horren ostean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, zuloa osorik aztertzeko proiektu bat diseinatzen ari da bi helbururekin; batetik, bertan egon diren giza taldeen eta garatu duten labar artearen berri izatea; eta, bestetik, etorkizunean ondo zainduko dela bermatu ahal izateko kontrol neurri batzuk zehaztea. Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendariak ziurtatu zuen, atzo egindako aurkezpenean, barrunbea legez babesteko neurriak hartuko dituztela eta Euskal Herriko labar artearen banku digital bat sortzeko asmoa duela. Orotara, labar artearen 245 irudi inguru daude Euskal Herrian.

Danbolinzulotik ez oso urrun labar artearen gailurretako bat dago, Ekain. Duela 14.000 urte margotutako eta grabatutako 76 irudi daude han. Haren erreplika jasotzen duen zentro-museoa, Ekainberri, 2008ko irailean zabaldu zuten. Osinbeltz harrobitik 350 metrora dago kobazuloa. Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak zehaztu zuenez, harrobian egin asmo den hondakin geldoen biltegiak ez dio eragingo kobazuloko aurkikuntzari. «Alderantziz, lagundu egingo lioke».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gure Artea sariak banatu dituzte gaur goizean, Gasteizko Artium museoan ©Irekia

Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira 2022ko Gure Artea sarien irabazleak

Unai Etxenausia

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Herrero; sorkuntza lana aitortu diote Aurrekoetxeari; eta arte plastiko zein ikusizko arloan egindako lana hartu diote aintzat Consonni arte ekoizle eta editorialari.

Neil Tennant, Pet Shop Boys taldeko abeslaria, 2017an. ©M.SAYAO / EFE

Albait uhin gehien

Itziar Ugarte Irizar

The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, Nathy Peluso eta J Balvin izango dira Bilboko BBK Live jaialdiaren izarretako batzuk. Bihar hasi eta igandera bitarte, ehun artistatik gora igaroko dira hamabi agertokitatik, askotariko proposamenekin
Maialen Berasategi itzultzailea, Clara Zetkinen <em>Faxismoaren aurka borrokan</em> liburua eskuetan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Faxismoa ulertu, aurre egiteko

Andoni Imaz

Katakrak argitaletxeak Clara Zetkinen testu batzuk bildu ditu 'Faxismoaren aurka borrokan' liburuan, Maialen Berasategik euskaratuta. Testu nagusiak 1923ko bi txosten dira

Antxon Ezeiaza zinemagilea, artxiboko irudi batean. ©Gari Garaialde / Foku

Euskadiko Filmategiak Antxon Ezeiza zinemagilearen lana katalogatu du

Leire Perlines Apalategi

Zinemagilearen funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa gorde dituzte Euskadiko Filmategiaren artxiboan. 2020an, Errenteriako, Pasaiako, Hernaniko eta Andoaingo Udalek Ezeizaren ondarea filmategian uztea erabaki zuten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...