Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Bizirik iraun dutenen bozgorailu

Publizitatea

Gizartea

Bizirik iraun dutenen bozgorailu

'Ikusteko ahotsak. Emakumeen aurkako indarkeriaren lekukotzak: bidegabekeria normalizatu bat' liburua argitaratu du Bizkaiko Aldundiko Berdintasuna sustatzeko sailak
Farrukak kolektiboak iazko sanferminen aurretik egindako performancea, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko manifestazioan.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-03-08 / Maialen Unanue

Indarkeria matxistaren inguruko liburu bat kaleratu berri du Bizkaiko Diputazioak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko sailaren eskutik: Ikusteko ahotsak. Emakumeen aurkako indarkeriaren lekukotzak: bidegabekeria normalizatu bat. Lau elementu nagusi ditu: Teresa Laespada diputatuaren hitzaurrea, Miguel Lorente Acosta auzitegi medikuaren saiakera, hamabi testigantza eta material didaktikoa. Kamarakako lagunek koordinatu dute edizioa.

Izenburutik bertatik igartzen da liburuaren helburua: indarkeria matxistaren biktimak izan diren andreei ahotsa ematea. Ahots horiek ikusaraztea, alegia. Bizirik iraun dutenena: «Izugarrikeria hori nola bizi izan duten ezagutzea». Izan ere, «aurkakoak diren sentimenduak» ditu Laespadak zeregin horretan nahikoa sakontzen ote den edo ez. «Gauzak egiten dira, baina uste dut eragin txikia duela herritarrengan; andre bat hiltzen dutenean, inpaktua eragiten du, baina ez eragin behar lukeenaren adinakoa».

Laespadak azpimarratu duenez, beharrezkoa da indarkeria matxistaren kausez eta aurrekariez analisi sakona egitea: «Eraso matxistarekin soilik gelditzen bagara, errealitatearen parte bati soilik begiratuko diogu». Gaineratu duenez, gizartea gizonek andreak azpiratzen dituzten egituran oinarritzen da: «Soinean daramatzagu gizarte patriarkaletatik datozen etiketa horiek oraindik».

Gizon «aktiboagoak»

Izan ere, «berdintasun faltsuan» bizi da gizartea, haren ustez; berdintasuna lortu den uste okerrean. Indarkeriatzat hartzen ez diren ekintza asko egiten dituzte diputatuaren arabera ?«umiltzeak, desmoralizazioak»?. Eta horiek gizartearen parte diren heinean, errora jo eta «erradikalak» izan beharra dagoela nabarmendu du: «Guztiz erradikalak izan behar dugu, eta ezin dugu onartu gutxiespenik txikiena ere».

Analisi sakon hori gizarteak eta administrazio publikoek elkarlanean egitea garrantzitsua dela uste du Laespadak: «Denok bultzatu behar dugu norabide berean». Administrazioek erantzukizun handiagoa dutela azpimarratu du; haiena dela egoraren larritasunaz ohartarazteko ardura.

Aldaketa soziala gertatzea beharrezkotzat du, eta, horretarako, kontratu sozial berri bat eskatu du. «Berdinen arteko ituna» litzateke: gizonek historikoki izandako boterearen eta ikusgarritasunaren zati bat emango lukete. Hala azaldu du liburuan: «Bidezkoa ez ezik, apustu inteligentea da: emakumeak espazio publikoetan sartuz gero, gizarteak dagokion adimenaren erdia bereganatuko du, gaur egun hamaika kristalezko sabairen erruz alferrik galtzen dena». Emakumeentzat ez ezik, gizonentzat ere onurak izango lituzke horrek: «Pisu publikoaren zati bat galduta, eremu pribatuan eta familiarenean gehiago sartuko dira, euren seme-alabekin harreman estuagoa izango dute, baita adinekoekin ere».

Hilketak dira indarkeria matxistaren adierazlerik lazgarrienak, eta «tokatzen denean» pankartaren atzean jarri behar lukete gizonek ere. Baina ez hori bakarrik: «Kontzientziatuta dauden gizonei itxurakeriatik harago joan daitezen exijitzen diet. Eta exijitzen diet askoz ere aktiboagoak izan daitezela, berdintasunaren alde baldin badaude». Laespadak ohartarazi du berdintasunaren kontzientzia oso barneratuta duten gizonak badirela talde eta erakunde guztietan, baina «aktibo izateko orduan, zulo dezente» sortzen direla.

Adibide «tentel» bat jarri du Laespadak. Duela zenbait aste saskibaloi ligako bi final jokatu ziren; emakumeena eta, astebete geroago, gizonena. Andreek ez zuten podiumik izan; gizonek, bai. «Berdinak bagara, denean izan behar dugu berdin: gustatuko litzaidake gizonek podiuma kentzeko keinua egin izan balute».

Indarkeria normalizatzea

Indarkeria matxista jasan eta bizirik iraun duten hamabi emakumeren testigantzak bildu dituzte liburuan. Laespadak azaldu duenez, Kamaraka taldea izan da kasu horiek aurkitu eta aukeratu dituena. Diputazioak hitz egiteko moduan egon zitezela bermatu zuen, eta diskurtsoa osatzeak haiei kalterik ez egitea. «Halako egoera bat bizi ostean, andre guztiak ez daude prest harreman hain gogor batek egin dien mina hitzez adierazteko». Beraz, testigantza horiek aukeratzeko irizpidea andreek eurek hitz egiteko borondatea edukitzea izan da.

Andreen testigantzak bere gordinean jaso dituzte, propio, haiek pairatutakoek eragina izan dezaten irakurleengan, eta zer pentsatua eman diezaien. «Ez da gauez irakurtzeko lan bat; saiakera bat da, eta lasaitasunez irakurri behar da. Indarkeria matxistaren biktimei beste begirada batekin begiratzea da helburua».

Miguel Lorenteren saiakera bat dago liburuan. Besteak beste, Mi marido me pega lo normal liburuaren egilea da Lorente (Senarrak ohiko neurrian jotzen nau); auzitegi medikua izan zen, eta esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen. 'Ohiko neurrian jo nau', edo 'gaur pasatu egin da' bezalakoak entzuten zituen kontsultan; indarkeria matxistaren normalizazioaren adierazleak dira». Hain zuzen, indarkeria matxista justifikatzea ez dela onargarria azpimarratu du liburuan.

Material didaktikoa ere sartu dute, bakarka edo taldean lantzeko modukoa. Laespadak azaldu duenez, argitaraldi «txikia» izan du, eta amaitu egin zaie; bigarrena prestatzen ari dira. Beste material batzuk ere prestatzen ari dira, pedagogikoagoak, azaroaren 25era begira ?Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ?.

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak