Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Armagabetzearen «formulan» sakondu nahi du Foro Sozialak

Publizitatea

Politika

Armagabetzearen «formulan» sakondu nahi du Foro Sozialak

Herrietara eraman nahi du instituzioen, alderdi politikoen eta eta gizarte zibilaren arteko elkarlan dinamika. Bizikidetza esperientzia lokalak landuko dituzte hilaren 29an Gernikan
Foro Sozialeko Sabin Ibazeta, Aitzpea Leizaola eta Juanjo Espina, EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean eginiko agerraldian, atzo.
Argazkia: G. RUBIO / ARP

2017-04-21 / Jokin Sagarzazu

ETAren armagabetzeak, euskal gatazkaren konponbidean aurrera egiteko aukerak zabaltzeaz gain, bide hori egiteko «formula» ere jarri du mahai gainean, Foro Sozial Iraunkorrarentzat: instituzioen, alderdi politikoen eta sindikatuen, eta gizarte zibilaren arteko elkarlana, edo, haren hitzetan, eragile horien arteko «triangulazioa». Luze gabe, bide horretan sakondu nahi dute foroko kideek, eta proposatu dute metodologia hori erabiltzea gatazkaren «gainontzeko ondorioei aurre egiteko errezeta gisa». Lantzeke daudenen artean, hauek azpimarratu dituzte: justizia eta erreparazioa biolentzia mota ezberdinak jasan dituzten biktima guztientzat; memoria; preso eta ihesean dauden pertsonen itzulera; eta giza eskubideen errespetua.

Eragile ugariren arteko elkarlana udalerri mailan ere garatu nahi du Foro Sozialak, herritarren esperientzietatik abiatuta eta instituzioekin elkarlanean. Hala, «herri mailako sektore guztien arteko kontsentsu transbertsalak lortzea» jarri du helburu. Horri begira, eta lehen urrats gisa, egun hainbat udalerritan lantzen ari diren «bizikidetza esperientziak» aztertuko ditu, eta horiek zabaltzea proposatuko du. Horretarako, ekitaldi bat antolatu du hilaren 29rako, Gernika-Lumon (Bizkaia), Bizikidetza eraikitzen lelopean. Atzo aurkeztu zuten programa Sabin Ibazetak, Aitzpea Leizaolak eta Juanjo Espinak, Donostian eginiko agerraldi batean. Hamazazpi entitatek osatzen dute Foro Sozial Iraunkorra.

Hitzorduak dinamikaren hirugarren saioa izango da Gernika-Lumokoa. Aurretik, biktimen auziaz aritu dira, Nafarroan: giza eskubideen urraketa ezberdinak pairatutakoen testigantzak entzun dituzte parlamentuan. Orain, bizikidetzan oinarrituko dira, eta lan horretan ari direnei emango diete hitza. «Esparru lokaletan gauzatutako espresioetan pilatutako esperientzian oinarrituko gara, horiek jasoz, balioa emanez eta ekinaldi berriak sustatuz», azaldu du Leizaolak.

Izan ere, Foro Sozialak uste du gizarte zibila «alderdi politikoak baino aurreratuago» dagoela «elkarbizitzaren eraikuntza prozesuari dagozkion akordio eta kontsentsuetan». «Diagnosi» horretatik abiatuta, lortu nahi dute «gizarteak berak» sustatzea lan hori, «instituzioekin elkarlanean». Foroko kideek, gainera, uste dute gaur egun gehiengo zabal bat dagoela «bide sozial bat» lantzeko prest, eta hori garatu daitekeela instituzio, eragile eta herritar gehienek bat egin dezaketen hiru oinarriren gainean: inolako ekidistantzia edo anbiguotasunik gabe biolentzia ezberdinen biktima guztiak errespetatuz, Euskal Herrian jasandako sufrimendu ezberdin guztiak aitortuz eta gertatutako guztiaren gaineko analisi kritikoa eginez.

Foro Sozialaren arabera, hiru lerro horiek osatzen dute «elkarbizitza eraikitzeko bide zentrala», eta, hain zuzen, ideia hori garatuko du Gernika-Lumoko ekitaldian, hitzaldi batean. Foroko kideek, gainera, uste dute oinarri horietara batu daitezkeela eragile gehiago; horien artean, baita ETAren armagabetzearekin «mesfidati» agertu diren batzuk ere. «Sinetsita gaude euskal gizarte osoa eta alderdi politiko guztiak batzen dituen kontu bat badela: oinarri sendoen gaineko elkarbizitzaren eraikuntza», esan du Leizaolak.

Ekitaldia Gernika-Lumon egingo dela eta, foroko kideek gogora ekarri dute 1936ko gerra, eta horri eman zitzaion eta eman zaion erantzun instituzionala jarri dute «egin behar ez denaren» adibide gisa. «Gatazka hura irabazle eta galtzaileen logika baten baitan itxi zen. Umiliazio logika bati erantzunaz, aitortzarik gabe, justizia eta erreparaziorik gabe biktimen alde oso batentzat. Ondo itxitako gatazka bat da berriz gertatuko ez delako bermearekin ixten dena», azpimarratu du Leizaolak.

Baionakoa, mugarri

ETAren armagabetzearen inguruko balorazioa ere egin du Foro Sozialak. «Orain 15 hilabete norbaitek esan izan baligu egun armagabetze prozesua amaituta eta ETA erakunde armagabetu gisara topatuko genituela, inork ez zukeen sinetsiko», adierazi Sabin Ibazetak. Prozesu horretan gizarte zibilak jokatu duen rola nabarmendu du foroak. «Gizarte zibilaren bultzada izan da ekinaldia bide onetik eraman duena, agenda propioa eraikiz eta kosta ahala kosta garatuz». Gogoratu du, halaber, Euskal Herriko hiru instituzio nagusien lana, eta elkarlan horretan sakontzera deitu du. «Uste dugu armagabetzean lortutako kontsentsu transbertsal eta inklusiboa beheko kanpaleku ezin hobea dela oraindik trabatuta jarraitzen duten gainontzeko gaien gaineko kontsentsu are zabalagoak lortzeko».

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Publizitatea