Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Estatuaren biktimek sufritutako «bakardadea» salatu dute

Publizitatea

Politika

Estatuaren biktimek sufritutako «bakardadea» salatu dute

Ane Muguruzak «autokritika» egiteko eskatu dio estatuari, Eusko Legebiltzarreko Memoria lantaldean. Alde guztietako biktimen aitortza eskatu du ETAren biktima batek
Ane Muguruza, atzo, Memoria lantalderako bidean, Ana Oregi presidenteak lagunduta.
Ane Muguruza, atzo, Memoria lantalderako bidean, Ana Oregi presidenteak lagunduta. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-12 / Edurne Begiristain

Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen lekukotzak jasotzen jarraitzen du Eusko Legebiltzarreko Memoria lantaldeak. Baita gaur egun onartu gabe dauden biktimen testigantzak ere. Haiek ere sufritu dutelako, eta badutelako zer esan. Ane Muguruzak, 1989an eskuin muturrak tiroz hildako Josu Muguruza HBko diputatu zenaren alabak, estatuaren indarkeriaren biktimen sufrimenduaren berri eman die legebiltzar taldeei, eta erakundeetatik pairatutako ahanztura salatu du : «Urte askotan estatuaren biktimok bakardadea sentitu dugu erakundeen aldetik».

Orain arte, eta oraindik ere, ukatutako errealitateak baitira estatuaren biktimen oinazeak. Hala gogoratu du Muguruzak legebiltzarrean. Izan ere, oraindik ez dira biktima gisa onartuak izan —Espainiako Auzitegi Nazionalak kalte-ordaina ukatu zien gerra zikinaren hainbat biktimari, tartean Muguruzaren sendiari— eta horrek sufrimendua areagotu egin diela azaldu du.

Erakundeen babes faltak eta estatuaren autokritikarik ezak, biek sakondu dute euren saminetan, Muguruzak azaldu duenez. «Hainbat sektoreri autokritika exijitzen ari zaie bizikidetzan aurrera egiteko, baina, aldi berean, ez diete exijentzia bera egiten estatuari». Areago, Muguruzaren ustez, estatua atzerapausoak ematen ari da esparru horretan, hainbat biktimaren heriotzak «justifikatuta». Hala, uste du ezinbestekoa dela estatuko boterean daudenek ere autokritika ariketa egitea, biktima guztiek aitortza eta ordaina jaso dezaten.

Eusko Jaurlaritzarentzat ere izan ditu kritikak, Poliziaren Biktimen legea gogoan hartuta. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak erabaki berri du etenda jarraituko dutela lege horren hainbat artikulu. «Jaurlaritzak aldebikotasunaren gainean hausnartu beharko luke bizikidetzan aurrera egin nahi badu». Horrez gain, kritikatu egin du Konstituzionalaren erabakiak agerian utzi duela «1978ko erregimena inoiz baino indartsuago» dagoela eta haren erruz, estatuaren biktimen «biktimizazioa» bikoitza dela.

Alderdiei eskaera

Estatuarenak ez ezik, bestelako indarkeriaren biktimen ahotsak ere entzun dira Memoria lantaldeko saioan. Mari Carmen Hernandezena batetik —2000. urtean ETAk hildako Jesus Maria Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna da— eta Ines Nuñez de la Parterena, bestetik —1977an manifestazio batean parte hartzen ari ez, baina ondotik pasatzean haren aita jipoituta hil zuten—.

Hernandezek adiskidetzearen eta zubiak eraikitzearen aldeko hitzak izan ditu, eta, ildo horretan, eskaera zehatza egin die Memoria lantaldeko ordezkariei: ados jar daitezela alde guztietako biktimek aitortza bera izan dezaten. «Samina alde bietan egon delako, eta oraindik ere aitortzarik jaso ez duten biktimak daudelako», Hernandezek azpimarratu duenez. Biktima horien artean aipatu ditu torturak eta bestelako giza eskubideen urraketak jasan dituztenak. «Biktima guztiok justizia eta egia nahi ditugu, baina baita aitortza eta ordaina modu bidezko batean ere».

ETAren, Poliziaren eta GALen hamabost biktimaren senideek Eraikiz agiria aurkeztu zuten 2015ean, eta sinatzaileetako bat izan zen Hernandez. Dokumentu horretan, besteak beste, biktima guztientzako tratu berdintasuna eta biktima guztiak babesteko lege esparru bat garatzeko eskatu zuten. Agiri hori gogoan, alderdiak ados jartzea eta urratsak egitea ezinbestekoa dela esan du Hernandezek. Uste du «malgutasuna» behar dela akordioak lortzeko, alderdiek «eskuzabal» jokatu beharko dutela eta denek amore eman beharko dutela.

Haren iritziz, PPk ere parte hartu beharko luke Memoria lantaldean, inor ez dagoelako sobera foro horretan, eta baduelako zer esan. «PPk lehenbailehen parte hartu beharko luke, bizikidetzan urratsak egiteko». EH Bilduri, berriz, eskatu dio indarkeriaren inguruko «autokritika» egiteko.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak