Albistea entzun

Frantsesa baztertzea leporatuta

Prozedura akats baten ondotik, berriro egin dute Uztaritzeko Herriko Etxearen aurkako auzia.

Epaileak berretsi du frantsesa soilik dela ofiziala.

Hilaren 27an emanen dute epaia
Paueko Administrazio Auzitegian egin zuten atzo Uztaritzeko Herriko Etxearen aurkako auzia.
Paueko Administrazio Auzitegian egin zuten atzo Uztaritzeko Herriko Etxearen aurkako auzia. BERRIA

Maddi Ane Txoperena Iribarren, Berriemaile berezia -

2015eko urtarrilak 14 - Paue

Euskara frantsesaren hein berean jartzeagatik epaitu dute Uztaritzeko Herriko Etxea (Lapurdi), baina euskara frantsesaren gainetik ezarri nahi izana iradokita. Izan ere, Pauen (Okzitania) atzo eginiko auzian oroitu zutenez, frantsesa da Frantziako hizkuntza ofizial bakarra, eta, beraz, bertze hizkuntza bati estatus bera ematea konstituzioaren aurkakoa litzateke. Hala dio, hain zuzen, konstituzioaren bigarren artikuluak: «Frantsesa da errepublikako hizkuntza».

Argudio hori behin eta berriro entzun zen atzo Paueko Administrazio Auzitegian, baina, funtsean, ez da deus berririk izan herriko etxearen defentsarentzat. «Ez dugu sorpresarik izan», erran zuen Maite Haran Uztaritzeko axuant eta hizkuntz arduradunak. Hain justu, epaiketaren errepikapena izan zen atzokoa: abenduaren 16an egin zuten lehen aldiz, eta, prozedura akats bategatik gibelatuta, atzo berriro egin zuten. Urtarrilaren 27an emanen dute deliberoa, eta orduan jakinen da Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial egiteko erabakia gibelera bota beharko duen ala ez.

Florence Reau defentsako abokatuak azaldu duenez, espero zuten txostengileak erabakiaren aurkako iritzia erakustea: «48 ordu lehenago idatziz adierazitako bera eskatu du, hau da, herriko etxearen erabakia gibelera botatzea». Gehiago harritu zuen abenduan gertatutakoak. Izan ere, epaiketa lehen aldiz egin zutelarik, txostena herriko etxearen aldekoa zen, baina ahoz irakurtzean alderantzizkoa erran zuen magistratuak. «Prozedura mailan hori ezinezkoa da: horregatik egin da berriz».

Haranek ere uste zuen halakoa izanen zela txostengilearen jokabidea, baina ez, ordea, epailearena. «Behin eta berriz aritu da erraten frantsesa baztertuko dugula, baina ez da egia. Ez dugu sekula erran frantsesa desagerraraziko dugunik; bakarrik euskara frantsesaren hein berean ezarriko dugula». Praktikan jada egiten dutela oroitu du, gainera: «Galdetu digute euskara ofizial eginez gero dokumentu guziak euskarara itzuli beharko ote genituen, baina hori egiten dugu jadanik». Bertze herri batzuetan eta herri elkargoan ere hala lan egiten dutela adierazi du axuantak, eta bide beretik mintzatu da Reau abokatua ere: «Nahi dugun bakarra da praktikan eta egunero egiten duguna ofizialki egin ahal izatea».

Konstituzioaren barnean

Frantziako hizkuntza frantsesa dela dio konstituzioaren bigarren artikuluak, baina bada bertze hizkuntzei lekua ematen dienik ere; erraterako, testu bereko 75.1 atala. Honela dio: «Eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira». Reauk salatu duenez, ordea, magistratuak ez du argudio hori aintzat hartu txostena osatzerakoan.

Azkenaldian Frantzian eta nazioartean hamaika aldiz aipatu den adierazpen askatasunari ere egin dio keinua abokatuak epaiketan: «Konstituzioak bat egin beharko luke adierazpen eta komunikazio askatasunarekin, eta dagoen errealitatea kontuan hartu». Hain zuzen, Uztaritzeko herritarren nahia da, haren ustez, euskara hizkuntza ofiziala izatea. «Euskaraz ikasi eta irakasteko aukera dugu, irrati eta telebistak ere baditugu euskaraz, administrazioko dokumentu ugari bi eletan dira... Herritarrei aukera eman nahi diegu haien ama hizkuntza ofizialki erabiltzeko».

Auzitegiaren deliberoa ezein izanik ere hartutako erabakia ez dela alferrikakoa berretsi du Haranek: «Ez da porrota, zeren eta pentsatzen baikenuen erantzuna ezezkoa izan zitekeela». Bertze udalerri batzuk urrats bera egitera deitu ditu: «Beharbada aitzindariak garelako erran digute ezetz, baina lortuko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioa, Iruñean, iaz azaroaren 25ean. / ©Jagoba Manteroa, Foku

Gizon batek urruntze agindua hautsi eta labanaz eraso die emazte ohiari eta hiru seme-alabei Eguesibarren

Jon Ordoñez Garmendia

Alaba nagusia buruan zauritu du labanarekin. Emakumeak eta beste bi seme-alabek ihes egin ahal izan dute. Gizonak bigarren solairutik behera bota du bere burua. Mugimendu feministak asteazkenean biltzera deitu du, erasoa gaitzesteko.

Milaka herritarrek parte hartu zuten protestan, atzo, Baionan. ©Patxi Beltzaiz

Bigarren etxebizitzen kontrako manifestua aurkeztu dute Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

3.500 pertsonatik gora elkartu dira Herrian Bizi plataformaren mobilizazioan. Abisatu dute heldu den urtetik aitzina ez dute bigarren etxebizitza berririk onartuko

Iruñeko Buztintxuri auzoa, artxiboko argazkian. / ©Aritz Loiola, FOKU

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, emakume bat bortxatzea egotzita

Jon Ordoñez Garmendia

Erasoa duela bi aste gertatu zen, Buztintxuri eta Sanduzelai auzoen artean trenbidea zeharkatzeko lur azpian dagoen pasabide batean.

Gabi Arestegi, Herrian Bizi plataformako kidea. ©BERRIA

«Etxe batzuen erabilpenak ez dira gehiago onargarriak»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Herrian Bizi plataforman sartua da hastetik Gabi Arestegi. Indar harremana atxiki nahi dute gaiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...