Albistea entzun

Dantza ukatua dutenen liburua

'Black is beltza' komiki liburua kaleratu du Fermin Muguruzak, Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete marrazkilariarekin.

Erakusketa ere zabaldu du Bilboko Alondegian
Harkaitz Cano idazlea, Jorge Alderete marrazkilaria eta Fermin Muguruza atzo, Bilboko Alondegian, <em>Black is beltza</em> lana aurkezten.
Harkaitz Cano idazlea, Jorge Alderete marrazkilaria eta Fermin Muguruza atzo, Bilboko Alondegian, Black is beltza lana aurkezten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko azaroak 14 - Bilbo

Egunkariko irudiak jo zuen lehenik Fermin Muguruza: Iruñeko erraldoiak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean dantzan. Eta 1965eko argazki haren azalpenak eman zion errematea. Bertan azaltzen zenez, lege arrazisten ondorioz konpartsako erraldoi beltzek ez zuten kalean desfilatzerik izan. Aspalditik zuen istorio horrekin zerbait egiteko ideia buruan, eta orain bost urte hartu zuen erabakia: helduentzako animazio film luze bat egingo zuen. Gidoia ere prestatua zuen, Harkaitz Cano idazlearekin batera, baina zinema aretoetarako bidea bihurritu nonbait, eta komiki liburu, erakusketa eta kanta bilakatu zaio azkenean Muguruzari animaziozko film izateko zena. Black is beltza deitu du Canorekin eta Jorge Alderete marrazkilari argentinarrarekin batera osatu duen proiektua. Euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu berri du orain eleberri grafiko modura; Bilboko Alondegian zabaldu zuen atzo erakusketa gisa, eta Interneten jarria du kantua jadanik. Bereari eusten dio Muguruzak, halere. «Ez, ez, helduentzako animaziozko filmaren ideia ez da bertan behera geratu; bide horretan egindako urratsa da hau».

Hasieran hitza izan zen. Urteak eman zituen Iruñeko erraldoien bira amerikarrari buruzko egunkariko orriak Muguruzaren etxeko horman itsatsita, eta 2009an heldu zion azkenean ideiari. Azken batean, 60ko hamarkada erdialdeko giroa kontatzeko baliatu nahi zuen erraldoien anekdota Muguruzak, eta horretarako jo zuen Canorengana. Eta esaldi bakarrean azaldu du giro hori idazleak. «Garai hartan, txanpona oraindik airean zegoen; ez zen orain dirudien bezain argi ikusten kapitalismoaren aldera eroriko zenik». Eta musika, iraultza eta intriga uztartzen ditu komikiak hegaldi hori kontatzeko. «Desfilatzea debekatu zieten erraldoien anekdota abiapuntu hartuta, garai hura xehatu dugu».

Manex Unanue izeneko erraldoi dantzariaren bitartez egin dute garai haren erretratua. Muguruzak egin du sinopsia: «Iruñeko konpartsakoek erraldoi beltzak ez zituzten eraman New Yorkera berez, baina guk, lizentzia bat hartuta, komikian New Yorkera eramaten ditugu erraldoi beltzak, eta ika-mika bat sortzen da haiek dantzarazi behar dituzten gazteen artean. Gazte horietako batek New Yorken gelditzea erabakitzen du: gure protagonistak. Han, neska kubatar batekin maitemintzen da, eta badoa Kubara. 1967an misio berezi bat enkargatzen diote han. AEBetan dagoen Black Panther bat anulatu nahi du CIAk, eta hura handik atera eta Kubara eramateko eskatzen diote. Baina hori egiteko ezkutatu egin beharko du, kubatarrek ez dutelako nahi inork jakiterik mugimendua laguntzen ari direla. Oso bidaia luzea egingo du gure Manexek misio hori betearazteko. Kito». Hamar hiri ezagutuko ditu horregatik protagonistak bidaian, eta hamar hiritan antolatu dute horregatik Alondegiko erakusketa ere.

Komikiko irudiak, Aldereteren marrazki originalak, eta dokumentazio lana ageri ditu erakusketak. Hiriz hiri osatu du erakusketa Sahatsa Jauregik. Eta komikiko protagonistak bisitatuko dituen hiri guztien izenak ageri dituen mapa bat aurkituko du bisitariak sarreran. Komikian ageri den Muguruzaren erreferentzia baso trinko bera da paneletan hedatzen dena. Otis Redding musikaria, Che Guevararen argazkiak, 1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta handik astebetera ospatu zen 1967ko Monterreyko musika jaialdia, Muhammad Aliren ukabilkadak, Mexikoko Jai Alaia, Pantera Beltzen mugimendua, Andy Warhol artistaren The Factory mitikoa...

Eroso aritu da mundu horretan Alderete marrazkilaria. «Orain arte ez nuen sekula eleberri grafikorik egin, baina gertukoa nuen generoa, eta banekien noizbait heldu beharko niola horri». Rock taldeen diskoak diseinatu ditu nagusiki argentinarrak orain arte, eta baita kontzertuetarako kartelak ere. Horregatik ezagutzen zuen haren lana Muguruzak, eta horregatik pasatu zion Cano eta bere artean sortutako gidoiaren itzulpena. Film zena jaso, eta eleberri grafiko bihurtu behar izan du, baina eroso sentitu dela dio. «Istorio hau oso musikala zen. Niretzat geruza musikal horrek lotzen du istorio guztia, eta niretzat oso erraza izan da hori ulertu eta irudi bilakatzea. Musika irudietara itzultzea da nire lana».

Manu Chaoren hitzaldia

Ezezkotik baiezkora pasatu zen Cano. «Nik ordurako uko egina nion gidoi gehiago idazteari, mordo bat idatziak banituelako eta inoiz ez zirelako pantailara heltzen». Muguruzaren ideia entzun, ordea, eta onartu egin zuen proposamena. Eta azkenean film ez, baina eleberri grafiko bilakatu da. Eleberri grafiko, oraingoz.

Erakusketarekin, kantarekin eta komikiarekin nahikoa ez, eta hiri osora hedatu nahi izan du proiektua Muguruzak. Hitzaldi, kontzertu eta topaketa egitarau paraleloa antolatu du horregatik Alondegian bertan, Ambigu jatetxean, Bilboko Kafe Antzokian eta Zinebi zinema jaialdian. Alderetek tailerra eskainiko du gaur, adibidez. Komikiaren nondik norakoei buruz arituko dira hizketan sortzaileak asteartean. Maika Makovskirekin topaketa antolatu dute asteazkenerako. Eta azaroaren 21 eta 22an Manu Chao musikaria izango da Bilbon, Jacek Wozniakekin eta Madjid Fahemekin batera egingo duen topaketan. Ruper Ordorika, Afrika Bibang eta Belako taldeko musikariak ere izango dira ekitaldi zerrenda horretan, eta Muguruza bera arituko da saio guztien gidari. Alondegiaren webgunean ikus daiteke egitarau osoa.

«Gure bonba hedakorra da». Hala deskribatu du Black is beltza proiektua Muguruzak. Nazioarteko bilakatu du proiektua, izan ere. Mexikon izango da datorren asteetan eleberri grafikoaren mexikar bertsioa aurkezten, eta katalanezko itzulpena eta frantsesezkoa ere bidean direla aurreratu dute egileek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.