Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Bakearen mezulariak

Donostia 2016k antolaturiko 'Stop War' jaialdian parte hartuko dute Inna Modjak, Nick Lowek eta Bob Geldofek asteburuon.

Geldofen presentziak azaleratu du kritikarik
1
1 Z / EZEZAGUNA

Gorka Erostarbe -

2016ko martxoak 25

Formulak erraza eta eraginkorra dirudi, edo efektista. Nazioartean oihartzuna duen artista ezagun bat eta jarraitzaile andana duen Euskal Herriko rock talde bat elkarrekin jarri, gerraren aurkako aldarria egiteko, eta, zubia sinbolotzat hartuta, elkarbizitzaren aldeko mezua zabaltzeko. Donostia 2016k antolaturiko Stop War jaialdiak gaurtik igandera bitarte iraungo du. Gauero Maria Kristina zubian egindako kontzertuek emango diote errematea eguneroko egitarauari. Kontzertuak doanekoak izango dira.

INMA MODJA

Maliko sustraietara itzulera bidaian, soinu modernoz

Salif Keita musikari eta bizilagunak babestuta egin zituen lehen urratsak musikaren munduan Inna Modjak (Bamako, Mali, 1984). Umetatik bere herrialdeko musika tradizionala eta soul nahiz rhythm and blues klasikoa (Ray Charles, Ella Fitzgerald, Otis Redding) entzunagatik, ez baitzuen erraza emakume izanik musikari izatea. Emakumeen aurkako bortxa salatu izan du bere kantuetan, La Valse de Marylore-n, adibidez, eta emakumeen genitalen mutilazioaren aurka ere kantatu izan du, bai berak eta baita bere bost ahizpek pairatu baitzuten ablazioa. 2009an egin zuen debuta Everyday Is a New World lanarekin. Bere herrialdeko erritmoetatik aldenduta, ingelesez sortu zituen kantuak, swing eta disco eremuetatik pop eta soulerako bidea eginez. Musikariz gain, modelo gisa ere lana egin izan du, eta Parisen egonkortua zegoen. 2011n atera zuen bigarrena, Love Revolution, jazz-pop, blues-folk, soul, eta gospela Maliko eraginekin uztartuz. Iaz kaleraturiko Motel Bamako du orain arteko lanik pertsonalena. Zati handi bat Bamakon grabatu zuen, eta bere sustraiei inoiz baino gehiago erreparatu zien; ingelesez eta bambaraz abestu zuen, eta kora eta mandingo gitarra darabiltza, pop eta oinarri elektronikoak uztartuz. Tomboctou kantua da adibide garbiena. Haren aurretik, Niña Coyote eta Chico Tornadok argitaratzear duten lan berriko kantuak aurkeztuko dituzte. Riffez ondutako rock pisutsua.

BOB GELDOF

Musika eta filantropiaren nahasketa gatazkatsu hori

Musikaria eta aski diruduna izanik, musikari bezainbat denbora filantropiari eskaintzen dion musikari leinukoa da Bob Geldof irlandarra (Dublin, 1951). Parekatu liteke haren ekinbidea, ñabardurak eta gustuak alboratuta, Sting edota U2-ko Bonorenarekin, esaterako. Ezagun egin zen Geldof 1985ean, artean Boomtown Rats punk eta new wave taldeko kide zela, Afrikako gosetearen aurkako bi kontzertu erraldoi antolatzea lortu zuenean. Londresen eta Filadelfian (AEB) egin zituzten kontzertu horiek, aldi berean, eta besteak beste, Queenek, Elton Johnek, Bob Dylanek, Phil Collinsek eta beste dozenaka artistak parte hartu zuen. Orduz geroztik. bere ibilbidea filantropia moldeko humanismorantz bideratu zuen Geldofek. Zenbaiten begietara, heroi bilakatzen du horrek; beste zenbaiten begietara, keinu filantropiko hutsekin burua zuritzen duen artista ustekoa. Donostiako jaialdira etortzearekin kritiko azaldu da asteon bertan, esaterako, Juan Etxenike Almeida, Afganistango eta Irakeko gerraren aurkako Gipuzkoako plataformako kidea. Naiz agerkarian idatzitako artikuluan esaten du Geldofen jarduera «filantrokapitalismoa» dela.

Musika kontu hutsei erreparatuz, 1986an hasi zuen bakarkako ibilia Geldofek, Deep in the Heart of Nowhere irregularrarekin. The Vegetarians of Love-rekin (1990) goia jo zuen irlandar folk sustraietara joz eta Dylanen tankerako ahots karrankariz. The Happy Club-en ( 1993) ostean zortzi urteko pausa egin zuen, harik eta 2001ean Sex, Age & Death apokaliptiko eta aski pertsonala plazaratu zuen arte. Ordutik gaur arte beste bi disko atera ditu, Under the Influence (2004) eta How to Compose Popular Songs That Will Sell (2011) izenburu ironikokoa. Sei disko 30 urteko bakarkako ibilian. Boomtown Rats taldea lagun hartuta ariko da bihar (22:30). Aurrez Gose hirukoa entzuteko aukera izango da (21:00).

NICK LOWE

Bizitza oso bat musikari emana, klasikotasun lurrinez

Hiruetan musikari beteranoena da Nick Lowe ingelesa (Walton-on-Tames, 1949). 40 urteko ibilbidean 15 disko plazaratu ditu, 1978an Jesus of Cool eta 1979an Labour of Lust ederrekin estreinaldia egin zuenetik. Punkaren osteko Erresuma Batuko musikaren loraldian figura ezinbestekoa izan zen, bai musikari modura eta baita soinu produktore gisan (Dr Feelgood, Elvis Costello, Graham Parker...). Loweri ez zaio arrotz suertatuko Donostian aritzea, 2008an Kursaalen aritu baitzen At My Age laudatua aurkeztuz, eta Antzoki Zaharrean, 2013an. Iaz zuzeneko disko bat argitaratu zuen, eta, aurrez, 2013an, Quality Street: A Seasonal Selection for All the Family. Pop kantu goxoak ditu sarri eta gustukoenak, folk, soul eta country ahaire bat bereganatzen dutenak. Festari amaiera emateko, berriz, Nick Loweren musikarekin zerikusi gutxi duen Esne Beltza taldeak bere Esna azken lana aurkeztuko du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...