Albistea entzun

Popa, ardatz eta ipar bihurtuta

Oso Fan proiektuaren lehenengo diskoa argitaratu dute Giorgio Bassmattik eta Oriol Floresek: '21'44'. Poparen eta folkaren artean mugitzen diren zazpi pieza bildu dituzte
Giorgio Bassmatti musikariak Oso Fan deiturarekin argitaratu duen lehenengo diskoa da <em>21'44</em>.
Giorgio Bassmatti musikariak Oso Fan deiturarekin argitaratu duen lehenengo diskoa da 21'44. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2017ko abuztuak 26

Musikari ipurterrea da Giorgio Bassmatti (Donostia, 1974). Ipurterrea hamaika proiektu eta saltsatan sartzea gustatzen zaiolako, baina baita bere ingurunearen begirale zorrotza bilakatu delako ere denborarekin. Ezagun egin zen, kantuak egin eta berehala sarean jartzen zituelako etxean bertan egindako bideoak, eta, orduz geroztik, hiru disko argitaratu ditu, denak pop musikari dion maitasuna erakusten dutenak, baina, era berean, beraien artean oso ezberdinak direnak. Kafea eta galletak (2009) Gernikako izen bereko egitasmoaren barruan egindako grabazioa izan zen; Apropósito (2010) Yon Bidaurrekin egindako pop bilduma zuzen eta itsaskorra; eta Melodías concertantes (2014), berriz, Bidaurren laguntzarekin grabatutako lan bizi baina, aldi berean, malenkoniatsu eta orkestratua. «Oso polita gelditu zen disko hori, baina zuzenean jotzeko zaila zen, orkestrazio handiak zituelako». Eta ipurterre izaerari jarraituta, bestelako formatu batean ari da orain Oriol Floresekin, bateria eta gitarra hutsarekin, eta horren emaitza da Oso Fan proiektuaren lehen diskoa: 21'44.

Nahiz eta Kafea eta galletak-ek euskarazko abestiak bildu zituen, kantari eta gitarristak gaztelaniaz argitaratu izan ditu orain arte Giorgio Bassmatti markapean grabatutako kantu gehienak. Oso Fan, ordea, euskarazko proiektua da. «Garai batean, Euskadi Gaztean aurkeztu izan nuen hamabostean behin abesti berriren bat, eta, ia konturatu gabe, 10-15 inguru nituen. Horiek zuzenean jotzea, baina, arraroa egiten zitzaidan». Bassmatti marka beste eremu batean, «indie mailan eta gaztelaniaz», ikusten zuen, eta horregatik erabaki zuen Oso Fan deitura hartzea euskarazko egitasmorako: «Angel Aldarondok proposatu zidan izena. Irekia da eta gustatzen zait, euskaraz eta gaztelaniaz ulertu baitaiteke».

Poparen artisaua da Bassmatti, bai Bidaurren orkestrazioek lagunduta grabatzen duenean, bai bateriaren kolpeak dituenean lagun ia bakar. «Badira gitarra eta bateria hutsarekin aritzen diren taldeak, baina normalean kontu rockzaleak lantzen dituzte... Niña Coyote eta Chico Tornado, adibidez. Baina nik The Dodos, The Spinanes eta halakoak nituen buruan. Popa egiten dutenak».

Popa. Etengabe aipatzen du hitza Bassmattik. Popa ulertzeko modu bat, zehazki. «Abesti zuzenak egiten ditugu, bi minutu eta erdikoak. Bi lagun besterik ez gara, eta ezin gara lau minutuko kantuak egiten hasi! [barrez]. Ni beti izan naiz indie-a, The Stone Roses entzuten hasi nintzenetik. Eta popa egiten dut, Sarah Recordsen inguruan egiten zenaren estilokoa edo Eskozian egin izan denaren tankerakoa». Euskaraz orain arte asko landu ez den poparen aldaera da Oso Fanena, baina ez du horrek kezkatzen Bassmatti: «Iban Zalduak esan du Oso Fan dela euskal folka jotzen ez duen folk talde bat. Eta ideia polita da hori. Baina ez diot garrantzirik ematen euskaraz gehiago edo gutxiago egiteari. Gustatzen zaigun musika egiten dugu, eta euskaraz. Besterik ez».

21'44 disko laburra da, izenburuak berak adierazten duen bezala: sei kantu eta bonus track bat. Garaiek eskatzen dutena delakoan dago musikaria. «Gaur egun, oso zaila da entzulearen arreta mantentzea, singleen eta YouTuberen garaian baikaude. Eta guk badakigu non gauden eta zer leku daukagun». Diskoa argitaratzea bera nolabaiteko bidesaria ere bada. «Diskorik gabe ez dizute elkarrizketarik egiten! Zerbait fisikoa behar duzu esku artean. Bestela, ez dizute kasu handirik egingo».

Erkiziaren ekoizpena

Xabi Erkiziak ekoitzi du diskoa, eta haren ekarpena nabarmendu du Bassmattik. «Bera beste musika mundu batean aritzen da, baina aspalditik ezagutzen dugu elkar eta beti esaten zidan zerbait egin nahi zuela nirekin. Eta ikaragarria izan da berarekin lan egitea. Eroso eta lasai aritu gara... bera ideiak ematen eta gu eskatzen. Bere irizpideak oso inportanteak izan dira». Horren ondorioa da Bizitza erdia kantu zaharra berriro grabatu izana ere. «Aspaldi idatzia nuen eta bideoa ere egina nion, eta ez nuen asmorik berriro grabatzeko. Baina Xabik esan zigun berriro grabatzeko eta Erkiziak badio...».

Diskoko beste kantu batek (Calvin eta lagunak) Calvin Johnson Beat Happening taldeko kide eta K Records zigiluaren buruari egiten dio erreferentzia. Eta baita hark teknikari ematen dion garrantzi urriari ere. Hor baitu eredua Bassmattik. «Ez daukat teknikarekiko interesik. Iparra beste bat da, zalantzarik gabe. Galaxie 500-en diskoak entzutean, ohartzen zara afinazio akatsak daudela, baina, hala ere, izugarrizko zirrara eragiten dute. Edo The Pastels-en lanek. Disko perfektu-inperfektuak dira» Hori bilatzen du berak ere, Johnsonen bideari jarraituta. «Inperfekzioan ere gauza ederrak daude».

Kutxa Kultur Musika egitasmoaren barruan, 2017-2018ko ikasturtean egonaldia egingo duten sei taldeen artean dago Oso Fan, eta horrek emango dion aukerarekin pozik dago Bassmatti. «Izugarrizkoa» delako bere iritzian. «Gaur egun ez da erraza baldintza onetan aritzea, eta halako aukera bat! Egonaldia baliatuko dugu abestiak egiteko, grabatzeko, entseatzeko...». Hori baitu afizio, eta ez ofizio. Kantuak egitea. Eta horretan ari da gaur egun ere. Kantuak egiten. Eta ez da makala bere ekoizpena. Batetik, Oso Fanen abesti berriak ditu buruan: «Zikinagoak izango dira, edo arraroagoak behintzat. Pop kantuak dira, baina bihurriagoak». Bestetik, «etxean eta bakar-bakarrik», Giorgio Bassmatti izenpean udazkenean argitaratuko duen diskoa amaitzen ari da. «Aurrekoetan Bidaurrekin aritu naiz, baina orain ni ari naiz dena egiten, eta asko ikasi behar izan dut. Informatika musikala hain mundu zaila da!». Baina ez dira hor bukatzen bere asmoak. 2018rako gitarra eta ahots hutsezko lan bat argitaratu nahiko luke, eta baditu beste bi proiektu ere, «oraindik ezin direnak zabaldu».

Donostiako Aste Nagusian zuzenean jotzeko aukera izan du, baina Gipuzkoako hiriburuko musika giroa ondo ezagututa, beldurrez mintzo da zuzeneko musikak etorkizunean izan dezakeen egoeraz. «Gaur egun, dena espazio publikoetan egiten da, eta behar dira jotzeko tabernak. Beldurra ematen dit espazio horiek galtzeak. Bukowski, Dabadaba...». Azkenaldian hizpide bihurtu den turismoari begira ikusten baititu agintariak: «Pintxoek egin dute Donostia marka, eta hor jartzen da energia eta diru guztia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...