Ismael Manterola
BEGIZ

Testuingurua

2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bartzelonako Tapies Fundazioak Tapiesen lanaren epealdi zehatza aukeratu du 1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta menia izeneko erakusketarekin bat egiteko. Ekimen interesgarria da horrelako zentro batek behin-behineko erakusketak hartzen dituenean betiko bilduma aldatzea eta artistaren lanaren inguruan ikuspuntu zehatza lantzeko erabakia hartzea. Horregatik, Antoni Tapies 1966-1976 bilduma izeneko erakusketa behin-behinekoa bezain interesgarria iruditu zitzaidan.

Erakusketaren helburua, berriz, azken frankismoaren egoera politikoak Tapiesen lanean utzitako aztarna aztertzea da. Artistaren konpromisoa garai latz horietan ezaguna da, baina gutxitan sumatzen dugu pintatutako koadroetan edo egindako beste artelanetan. Ikusgai dauden 20 lan inguruen artean batek harritu ninduen, batez ere testuinguruan jartzeko aldamenean duen oharragatik. L'esperit Català izenburua daraman koadro handia (200 x 275 cm) Tapiesek 1971. urtean pintatu zuen, eta Huarte familiak Parisen erosi omen zuen pare bat urte geroago. Koadroa Maria Josefa Huarteren esku geratu zenez, gaur egun Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko museoan gordetzen da, Maria Josefak herentzian utzi ondoren. Koadroak argi eta garbi azaltzen ditu hondo hori batean, Kataluniako lau barra gorriak, baina horma balitz bezala, esaldi esanguratsuak daude idatzita horiaren hondo urratuan: democracia, Visca Catalunya, verdad...

Tapies Fundazioak ohar batekin erakutsi du Nafarroako Unibertsitateko koadroa. Testu luze xamar batean, koadroa Huartetarrek Parisen erosi zutela esaten da, eta argitzen dute zein zen huartetarren diruaren jatorria. Francoren erregimenarekin izandako konplizitatea, Erorien Haraneko eraikuntza lanekin egindako dirutza adibidez, eta ETAk Felipe Huarte bahitu zuela 1973. urtean. Huartetarren enpresetan egindako langileen kaleratzeak konpontzeko eskaerarekin batera, ETAk erreskatearen dirua Carrero Blanco hiltzeko erabili omen zuen. Azkenik, 2014. urtean Nafarroako Gobernuak Felix Huarteri Nafarroako urrezko domina eman ziola esaten da, UPNren eta PPren babesarekin.

Asko harritu ninduen horrelako testuingurua azaltzea erakusketa bateko artelanaren aldamenean. Ez da ohikoa, oraindik beldur handia dagoelako antolatzaileen aldetik, frankismoaren memoria historikoari erreferentziak egiterako orduan. Horregatik, asko poztu nintzen Tapies Fundazioak hartutako erabakiarekin eta Nafarroako Unibertsitateak modu batera edo bestera bere bildumaren iragana onartu duelako. Hala ere, ez litzateke ariketa txarra izango Nafarroako Museoaren web orrian Tapiesen koadroaren fitxan testuinguruari buruzko zerbait azaltzea, iruzkin estetiko formalekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.