Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Eskerrik asko, John Berger

Publizitatea

Kultura

BEGIZ

Eskerrik asko, John Berger

 

2017-01-17 / Haizea Barcenilla

Begiratzea ez da zorizko ekintza. Ikusi, nahi gabe ikusten dugu, baina begiratzeak intentzioa darama soinean. Begiradan hautaketa dago: zein materia, kolore edo formaren gainean geratuko diren gure begi ikusnahiak; zenbat denbora pasatuko duten bertan; zein detaile bilatuko dituzten; zeri begiratuko dioten ondoren, konexioak sortuz. Begiratzen dugunean, munduarekin harremana ezartzen dugu.

Begiratzea guztiz markatua dagoen elementu historiko eta kulturala da. Erdi Aroko pertsona batek eta guk ez ditugu katedral gotikoak berdin ikusten; ziur asko, pertsona horrek bere bizitzan guk hilabete batean topatzen ditugunak baino irudi kopuru txikiagoa ikusiko zuen. Urrean, kolore urdinean edo Evari agertzen zaion sugean irakurriko zituen mezu sinbolikoen intentsitateak ez du gurearekin zerikusirik.

Japonian, urtean behin, biztanle guztiak parkeetara abiatzen dira lana bertan behera utzita, gereziondoen loratzeaz gozatzera. Orduak pasatzen dituzte zuhaitzen koloreei begira, lore-hostoen jaiotza antzematen. Eta begiespen kultural horrek, ikasitako begiratzeko moduak, oihartzuna du museoetan, esaterako, minutu luzeak zeramika edo bionbo bat kontenplatzen pasatzen duen jendearengan.

Irudia mugimenduan hezkuntza bisualaren oinarritzat izan dutenek, aldiz, zailtasunak dituzte geldoa den irudikapen bati hamabost segundo baino gehiago dedikatzeko. Begirada garaikide bat da, ez okerragoa, ez hobea, baina bai munduarekin ezartzen dugun erlazioa eraikitzearen arduradun.

Begiratzen ikasten da. Ikasten da azkar edo poliki begirada finkatzen, ikasten da forma baten bihurriak prezatzen, hari lotzen zaizkion balio kulturalak irakurtzen, haietatik sortzen zaizkigun galderak ezartzen. John Bergerren Modos de ver liburuak irakatsi zidan hori Artearen Historiako lehen mailan, Iñaki Diaz Balerdi irakasleak eskuratuta, eta egun nik eskuratzen diet liburu bera ikasleei, Bergerrek erakutsi zidalako, eta erakusten jarrai dezakeelako, norberak aukeratu behar duela nora eta nola begiratu nahi duen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak