Ismael Manterola
BEGIZ

Altxamenduak

2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Izenburu honen pean aurkeztu da Bartzelonako Kataluniako museo nazionalean Georges Didi-Huberman pentsalari eta arte historialari frantsesak antolatu duen azken erakusketa.

Erakusketak gizakiak altxamendurako duen joeraren irudikapenak biltzen ditu. Didi-Hubermanek gizakiaren altxatzeko arrazoiak aztertu nahi ditu bost ataletan bildutako marrazki, argazki, pintura, bideo eta dokumentuen bidez. Komisarioaren arabera, altxamenduak keinu, hitz, istilu edo desioek bultzatuta pizten dira; horregatik, horien guztien irudikapenak biltzeko ahaleginak egin ditu.

Erakargarria den erakusketak ideia asko eta irudi gehiegi aurkezten dizkigu komisarioak defendatzen duen tesia babesteko. Bost ataletan banatutako erakusketa bada ere, altxamenduaren ideia orokorra irudikapenekin lotzen du emozio kolektiboak eta gertaera politikoak ardatz hartuta. Lehen aipatu bezala, altxamenduak bultzatzen dituzten arrazoiak dira lehenbiziko atalean aurkezten zaizkigunak, bigarrenean keinuak, hirugarrenean hitzak, laugarrenean istiluak eta bosgarrenean desioak. Hala ere, sarritan, ez gaude oso seguru zein den tokatzen zaigun atala, edo atal batzuetan azaltzen diren artelanak beste ataletan ere erabilgarriak izan zitezkeela pentsatzen dugu. Gainera, hain ideia abstraktuen azpian ia edozein artelan bildu daitekeela argudia genezake.

Irakurleak espero duen modura, erakusketan artelan oso ezberdinak topatuko ditugu,Goyaren grabatuetatik hasi eta errefuxiatuen inguruan egindako azken bideoraino, gerrazibileko karteletik edo manifestazioen prentsa argazkitik pasatuta.

Baina, erakusketa ikusi ondoren, altxamenduak erakusketa aretoan sartzeko modukoak ez ote ditugun bihurtu galdetu nion nire buruari. Altxamenduak bultzatu, pentsatu, eraiki, borrokatu edo bizi beharrean museoan sartzeko ordua iritsi zaien sentsazioarekin bukatu nuen benetan gozatutako erakusketa. Nostalgia dei diezaiokegu, baina gizartean gaiaren inguruko begirada estetikoa nagusitu dela iruditzen zait, eta hortik kanpo ez dut hain garbi ikusten erakusketaren arduradunak aurkezpen testuaren bukaeran idatzi duena: «horma altxatzen den une bakoitzean, matxinaturen bat egongo da salto egiteko prest, hau da mugak zeharkatzeko norbait. Nahiz eta irudimenaren bidez besterik ez izan. Irudiak asmatzea gure itxaropen politikoak berrasmatzen —era xume batean batzuetan, indartsu bestetan— lagunduko balu bezala».

Baikorregia, errealitatea pantaila batetik ezagutzen dugun irudi bihurtutako garairako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.