PAIren «inposizioa» bukatutzat jo du Mendozak

UPNren gobernuak ingelesez ikasteko programa «presaka» ezarri zuela uste du kontseilariak. «Zailtasunak» aurkitu dituzte programa ebaluatzean
Roberto Perez eta Jose Luis Mendoza, PAIri buruzko batzordean, atzo, Nafarroako Parlamentuan.
Roberto Perez eta Jose Luis Mendoza, PAIri buruzko batzordean, atzo, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Iñaki Berastegi -

2016ko urriak 26
Ikastetxe bakoitzak, eta ez Hezkuntza Departamentuak, erabakiko du aurrerantzean PAI ingelesez ikasteko programarekin zer egin nahi duen. Halaxe azaldu zuen Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, atzo, Nafarroako Parlamentuan egindako batzordean. Hori horrela, UPNren «inposaketa» bertan behera geratuko dela esan zuen: «PAI programa ez da inposizio bat izan behar: ikastetxeen eskakizunei erantzun behar die».

Programan sartu edo jarraitu ez ezik, ikastetxeek programatik ateratzeko aukera ere izango dute. PAI programatik ateratzeko prozesua «mailaz maila» egin behar dela nabarmendu du Mendozak, ikasleei «kalterik» eragin ez diezaien. Programa egoki bat sortzeko, kontseilariak adierazi du ikastetxe bakoitzaren «autonomia sustatu» behar dela, ikastetxe bakoitzaren errealitatea diferentea delako hizkuntza, gizarte eta hezkuntza aldetik.

UPNren gobernuak PAI programa «presaka» ezarri zuela esan du Mendozak, eta «ikerketarik egin gabe» egin zela gaineratu du. Irakasleen «izugarrizko esfortzua» ere nabarmendu du kontseilariak: «PAI aurrera ateratzeko baliabiderik, plangintzarik, argibiderik eta formakuntzarik gabe aritu dira».

Mendozarekin batera, Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Perez Elortzak ere hartu zuen hitza atzo, programaren ebaluazioaren emaitzen berri emateko. Haren esanetan, ebaluazioa «beharrezkoa» zen, programaren inguruan ez zegoelako «aurretiazko txostenik, ezta informazio sistematizaturik ere». Mendozak ere «ezinbestekotzat» jo du ebaluazioa, prozesua antolatu eta erregulatzeko.

Ebaluazioak utzitako ondorioei dagokionez, sentipen gazi-gozoak antzeman dituzte irakasleengan eta gurasoengan, Perezen arabera: «pozik» daude PAI programa edukitzeaz, baina, aldi berean, «ez daude pozik egitasmoa ezartzeko moduarekin, ezta prozesuarekin ere». Besteak beste, zehaztu du irakasle eleaniztunen banaketa ez dela «orekatua», eta horrek «ezinegon handia» sortu duela: «Irakasleak falta dira Haur Hezkuntzako mailetan, eta hutsune horiek Lehen Hezkuntzako irakasleek bete behar izan dituzte».

Baina irakasleen ingeles mailarekin lotuta dago PAI martxan jartzeko oztoporik handiena. Izan ere irakasleen %20 inguruk ez dute eskolak emateko gutxieneko ingeles maila —C1 titulua exijitzen zaie—. Perezek nabarmendu du maila hori lortzeko «zailtasunak» izan dituztela: «Irakasleek beren kabuz lortu behar izan dute klaseak emateko beharrezkoa zuten ezagutza. Ez dute laguntzarik jaso, ez da inbertsiorik egin, eta ikasketa horiek egiteko librantza egunik ere ezin izan dute hartu». Horren harira, eta «haziz doan» ingeles irakasleen eskaria dela eta, Mendozak aurreratu du ingeleseko konpetentzia linguistikoetan oinarritutako «formakuntza eskaintza zabal eta anitza» emango duela Hezkuntza Departamentuak.

Bestalde, PAI programako ikasleen konpetentzia linguistikoak aztertzerakoan arazoak izan dituztela azaldu du Perezek: «Lehen Hezkuntzan hizkuntzari lotutako curriculumik landu ez denez, Europako erreferentzia esparrua hartu dugu aintzat». Esparru hori erabilita, lau azterketa egin dizkiete Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei, ingelesaren ulermena, irakurketa gaitasuna, idazketa eta hizkera maila neurtzeko. Emaitzek hobekuntza txiki bat adierazten dute, PAItik kanpokoekin alderatuta: programako ikasleen %80k A1 maila dutela idatziz; %66k ahozko ulermenean; %50 inguruk ahozko hizkuntzan; eta %30ek idatzizkoan. Zientziako azterketa ere egin dute, eta %66k dute «adinari dagokion garapen maila egokia».

UPN, haserre

PAIri buruzko ebaluazioarekin pozik agertu dira Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiak. EH Bilduk eta Geroa Baik departamentuaren lanaren «zorroztasuna» nabarmendu dute. Ahal Dugu-ko Fatima Andreok gogoratu du UPNk PAI ezartzeko arrazoi bakarra «euskararen hedapena moztea» izan zela. Bestalde, Ezkerrako Marisa De Simonek galdegin du atzerriko hizkuntzak irakasteko «curriculum esparru bat» diseinatzea.

Oposizioa, baina, ez da laukotearekin bat etorri. Alberto Catalan UPNko bozeramaileak gobernuak PAIrekin izandako jarrera kritikatu du, eta, aldi berean, ebaluazioak Hezkuntza Departamentua «oso leku txarrean» utzi duela gaineratu du. Hori ez ezik, adierazi du Mendozak Nafarroako gizarteari «barkamena» eskatu behar diola, PAIrekin erabili duen planteamenduan «hasieratik okertu zirelako». PSNko Carlos Gimenok ere esan du ebaluazioa «berandu» datorrela, eta hori «oso larria» dela. Bitartean, PPko kide Javier Garciak kontseilariari eskatu dio PAIri deklaratu zion «gerra» eteteko eta «galdu» dutela onartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna