Daniela Cutas. Irakasle eta ikerlaria

«Guraso izateko modu asko daude»

Familia ereduak aldatzen ari diren heinean, guraso kontzeptua ere aldatzen ari dela azaldu du Cutasek. Hala ere, uste du ez dela zertan txarra izan, «onurak» ere ekar baititzake.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2015eko irailak 29
«Zenbat guraso izan ditzake haur batek?». Galdera hori da Daniela Cutasen (Budapest, Errumania, 1988) ikerketaren oinarria. Askorentzat, errazegia izan daiteke erantzutea; ez da hala, baina, Cutasentzat. Umeako (Suedia) unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, eta bere ikerketaren berri eman du Oñatiko Lege Soziologia Institutuak antolatutako mintegi batean; familia ereduen eta harremanen inguruan eztabaidatu dute munduko hamalau adituk.

Nola iritsi zara zure ikerketaren oinarri den galdera horretara?

Familia ereduak aldatzen ari dira azken urteetan. Teknologia aurrerapenek ugalketarako tekniketan garapen handia eragin dute, besteak beste. Eta, era berean, adopzio programak ere aldatu egin dira. Gaur egun, bikoterik ez duten emakume zein gizonek haur bat izan dezakete; baita sexu bereko bikoteek ere. Gizartean aldaketa nabarmenak izan dira, eta familia ereduetan ez ezik, guraso kontzeptuan ere eragina izan du horrek. Guraso kontzeptua etengabe eraldatzen ari da. Hala iritsi naiz nire ikerketaren hasiera den galdera horretara.

Zer da guraso izatea, beraz?

Guraso izan daiteke genetikoki haurrarekin lotura bat duena; izan daiteke, halaber, haurrari oinarrizko beharrak asetzen dizkiona, hau da, heziketaz arduratzen dena, babes ekonomikoa eta emozionala eskaintzen dizkiona, eta abar. Edota guraso izan daiteke haurrarekin inolako loturarik izan gabe, eguneroko jardunean haurraren erreferente bilakatzen dena. Guraso izateko modu asko daude. Hor sortzen da, beraz, guraso kopuruaren inguruko auzia.

Guraso izateak ez du zertan loturarik izan bikote batek izan dezakeen harremanarekin?

Ez, ez du zertan. Nahiz eta legeek hala adierazi. Ikusi besterik ez dago zenbat bikote banandu diren, eta, hala ere, elkarrekin haurra hezten jarraitzea erabaki dute. Beste adibide batekin azalduta: imajinatu haurra izan duen gazte bat oraindik ere gurasoen etxean bizi dela; berez aitona-amonak direnak guraso gisa har ditzake haurrak, bere eguneroko bizitzan eragin nabarmena dutelako. Egoera horretan, haurrak guraso asko izan ditzake aldi berean. Ideia horrekin poligamia bultzatzea leporatu didate zenbaitzuek. Ez da hori nik diodana.

Nolakoa da haurren pertzepzioa zentzu horretan?

Ez naiz psikologian aditua, baina oso bestelakoa izan daiteke. Ez du zertan txarra edo okerragoa izan; onurak ere izan ditzake. Suediako haurtzaindegi batean gertatu zen egoera hau, adibidez: haur batek banatuta zeuzkan gurasoak, eta, beraz, bi aldiz ospatzen zuen bere urtebetetzea, bi aldiz joaten zen oporretara, eta abar. Gainontzekoek bakarra zutela ikusita, haurrak abantaila gisa ulertu zuen bere egoera. Adibide bat besterik ez da.

Zerk definitzen du familia bat? Nortzuek osatzen dute?

Erantzuna oso zaila da. Gurasoen inguruan aipatu dudan bezala, ikuspuntuaren araberakoa da. Legeak modu batera definitzen badu ere, gizartean beste modu batera ikus daiteke. Iruditzen zait garrantzitsuagoa dela familiaren funtzioak eta onurak zeintzuk diren azpimarratzea; hori gero beste nonbait txerta daiteke eta.

Rolak ere aldatzen ari dira.

Bai, hala da. Orain arte, batzuentzat beharrezkoa zen aita bat eta ama bat izatea. Baina ikerketek erakutsi dute ezetz, ez dela horrela: ez dago zertan diferentziarik egon sexu bereko bi pertsonek hezitako haur baten eta sexu ezberdineko bikote batek hezitakoaren artean.

Familiak pisu handia du gaur egungo gizartean oraindik, baina familia ereduak aldatzen ari dira. Nola uste duzu gertatzen ari dela aldaketa hori mendebaldeko gizarteetan?

Herrialde batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago, egia esan. Aldaketak, oro har, Mendebaldeko gizarteetan gertatzen ari dira, gustatu ala ez, eta, askotan kultura talka bat izanik ere, pixkanaka-pixkanaka aurrera doaz. Duela ez urte asko, dibortzioaren kontua erabat ezezaguna zen, eta debekatuta zegoen zenbait herrialdetan. Egun, berriz, onartuta dagoen kontu bat da.

Hego Euskal Herrian, familia eredu tradizionalak dagoeneko erdia baino gutxiago dira. Nola da Europako beste herrialdeetan? Suedian, esaterako?

Hemen ere denetarik dago. Herrialde batzuetan, aldaketa oso modu eramangarrian gertatzen ari da; ez, ordea, beste batzuetan. Suedian, esaterako, adopzioa gai konplexua da, desberdintasun handiak daude: bikoteek haurrak adopta ditzakete, sexu berekoak edo desberdinekoak izan, baina bikoterik gabeko emakumeek ezin dute adoptatu, ez da legezkoa; hortaz, Danimarkara joan behar izaten dute. Hala ere, hori ez da oztopo: familia eredu berriak gero eta gehiago dira.

Hezkuntzan pauso asko daude emateke oraindik, ezta?

Bai, noski. Familia eredu berrien inguruan oso gutxi hitz egiten da, baina gizartean daude. Haurrei ere azaldu behar zaie zein den errealitatea. Baina hori ere herrialdearen legeen araberakoa da.

Legeak ere aldatu beharko dira.

Legeak dira oztoporik handienak. Egungo gizartean familia eredu berriak errealitate diren arren, zenbait herrialdetako legeek ez dute hori onartzen. Noski, legezko aitortza bat behar dute. Jakin dut Espainian sexu berekoen arteko ezkontzak baimentzen dituela legeak. Ez, aldiz, bikote horiek, ondoren, bikote gisa haur bat atzerrian adoptatu ahal izatea. Kontraesan handi bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna