Noiz sortua: 2016-10-14 00:30:00

Dario Fo

Bufoi baten heriotza

90 urterekin zendu da Dario Fo antzerkigile, aktore eta artista. Sorkuntza eta gizarte konpromisoa uztartzeko hautua egin du beti, eta 1997an Literaturako Nobel saria jaso zuen bere komedia satirikoengatik.
DANIEL DAL ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2016ko urriak 14

Bufoi bat hil da. Barrea iraultzailea izan zitekeela hezurretaraino sinetsita egin zuen lan bere bizitza guztian Dario Fo antzerkigile, aktore, eta artistak (Sangiano, Italia, 1926-Milan, Italia, 2016), eta, beraz, lotsarik gabe aldarrikatzen zuen bufoi titulua propiotzat. Are, baita harrotasunez ere. 1997an jaso zuen Literaturako Nobel saria, eta mantendu egin zuen gerora ere bere jarrera militantea: ezarritako ordenaren xaxatzaile nekaezin, boteretsuen zirikatzaile, satiragile zorrotz, gizarteko kiderik umilenen alde lerratu zen sortzailea bere lehen lanetatik, eta literatura ulertzeko modu baten ikur nagusietariko bat ere hil da horregatik bufoiarekin batera orain. 90 urterekin zendu zen atzo Milanen, atzean 100 antzezlan baino gehiago, liburu sorta bat, hamaika artelan, eta sorkuntza eta konpromisoa uztartzeko eredu bat utzita.

«Boteretsuek ez dute barrea maite». Agian, esaldi ponposo bat baino ez litzateke izango hori, Fok esandakoa izango ez balitz. Izan ere, maiz ezagutu zuen zentsura antzerkigileak, eta garesti ordaindu behar izan zuen behin baino gehiagotan mugimendu ezkertiarren alde hartutako konpromisoa. Iraindu egin zuten, kolpatu, eta bere emazte eta lankide zuen Franca Rame bahitu eta bortxatzera ere heldu zen eskuin muturreko talde bat 1973an. Baina historiako komediante iraultzaile zerrenda luze baten parte ikusten zuen bere burua Fok, eta 1221ean Federico II.a enperadoreak ezarritako lege baten izena jarri zion horregatik 1997an Nobel saria jasotzean emandako hitzaldiari. Contra jogulatores oboquentes. Lege haren arabera, edozein herritarrek eskubidea zuen bufoiak iraindu, jo eta, gustu bazuen, baita hiltzeko ere. Eta haien guztien sendiko sentitzen zen Fo.

Nobel saria eman ziotenean ere, bat etorri ziren balorazioan Foren aurkako ahotsik kritikoenak eta Fo bera: bufoi bat saritu zuten. Baina, hain justu ere, harrotasunez aldarrikatu zuen beti titulu hori antzerkigileak. Sari hura bere emazte eta lankide zen Franca Ramerena ere bazela aldarrikatu zuen, gainera, hitzaldian, eta beren lanak bien arteko elkarlanaren ondorio zirela azaldu zuen. «Sari hau biona da». Foren heriotzak izan duen oihartzun mediatiko erdia ere ez zuen izan, halere, haren heriotzak orain hiru urte.

Azken unera arte jarraitu zuen sortzen, eta oraindik argitaratu gabeko liburu bat utzi zuen hil aurrean. Antzerkiaren historiaren ikerlari sutsua ere bazen, eta Erdi Aroko kontalarien lanen berrinterpretazioz osatutako Mistero Buffo ikuskizuna da haren lanik behinenetariko bat. Bufoia, agertoki hutsean, hizketan eta keinuka. Listo. 1969an jokatu zuen lehenengoz, eta ehunka aldiz jarri zuen publikoa barrez gizarteari kritika zorrotzak egiteko baliatzen zuen onomatopeia, keinu eta dialekto nahasketarekin. Ez da haren ibilbideko lorpen bakarra, ordea. Berak idatzitakoak dira Anarkista baten ustekabeko heriotza, Pum Pum Chi é? La polizia! eta Non si paga, non si paga! antzezlan ezagunak ere. Salatzaile beti, eta baita barregarri ere.

Euskal Herriarekiko kezka

Euskal Herria ere bazuen gogoan Fok. Nobel saria jaso eta denbora gutxira, esaterako, ETA talde armatuarekin negoziatzen hasteko eskaria egin zion Espainiako Gobernuari, beste hainbat pentsalari eta sortzailek sinatutako eskutitz batean. Eta behin baino gehiagotan izan zen Euskal Herriko oholtzetan. Iruñeko Gaiarre antzokian izan zen, esaterako, 2010ean Mistero Buffo ikuskizunaren zati bat eskaintzen.

Bufoiak duen egia esateko mandatuaz aritu zitzaion ordukoan ere antzerkigilea BERRIA egunkariari, baita egia horiek zigorrak ekar ditzaketen arren. «Grezia klasikoko historialarien lanak eta idazle satirikoenak alderatu zituen [ikerlari batek]. Hau da, prestigiozko jendetzat jotzen zirenenak, historialarienak; eta kartzelatu eta erailak zirenenak, satirikoenak. Argi ikusi zuen satiran zegoela historiaren egia. Historialariak gezurti hutsak ziren, baina boteretsuaren alde jokatzen zuten. Satirikoek kontra egiten zioten botereari, eta kartzelan amaitzen zuten askok. Beste asko hil egiten zituzten. Gezurtiak ziren, noski, soldata eta bizi-kalitate ona zutenak». Eta argia izan zen Foren hautua.

Euskaraz osorik irakurri daitezke teatro-testuak.com orrialdean Anarkista baten ezusteko heriotza eta Pistolaren begi zuri-beltzak antzezlanak, Julia Marin eta Jon Aurreren itzulpenean, hurrenez hurren, eta Izuaren aurpegia: bi ekitaldiko komedia ere itzuli zuen Xabier Mendigurenek 1984an, Antzerti-rako. Horrez gainera, Petite Theatre de Pain taldeak antzerkigilearen hiru obra biltzen zituen Juglarea, puta eta eroa antzezlana eskaini zuen euskaraz, euskarazko dialekto banarekin jolastuz, Fok Italierazko dialektoekin egin ohi zuenez.

Azken urteetan, Beppe Grillo komediagileak gidatutako Bost Izar Mugimenduarekin bat egin zuen Fok, eta azken unera arte jarraitu zuen Italiako gizartea gidatzen duten botereak kritikatzen.

Argia zen Foren premisa: «Bere garaiaz hitz egiten ez duen antzerki, literatur edo adierazpen artistikoak ez du garrantzirik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 5ean eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta ez dute gaixorik ospitaleratu. Euskal Herrian 29.723 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.089 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ertzaintzaren kontrol bat, Kantabriako (Espainia) mugan. ©Aritz Loiola / Foku

Beste hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota

Berria

Hamalau pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian PCR proban. Ez dute inor ospitaleratu, eta pertsona bat atera dute zainketa intentsiboen unitatetik.

Herritarrak paseoan, Donostiako Ondarreta hondartzaren ondoan. ©JON URBE / FOKU

Hirugarren fasera igaroko da Hego Euskal Herri guztia

Ainhoa Larretxea Agirre

Hirugarren fasetik aitzinera, autonomia erkidegoetako lehendakariek izango dute erabakiak hartzeko eskumena. Alarma egoera bukatu arte, etenda egongo dira Nafarroaren eta EAEren arteko joan-etorriak. Nafarroan elkarte gastronomikoak irekiko dituzte, baina tabernetako barrek itxita jarraituko dute. Jaurlaritzak bihar emango ditu hirugarren faseari buruzko azalpenak.

Arroabeko haur eskola, artxiboko irudi batean ©urola kostako hitza

Partzuergoko haur eskolak ekainaren 22an irekiko dituztela jakinarazi diete sindikatuei

Irati Urdalleta Lete

LABek plantorako deia egingo du, «prebentzio plan egokia» adostu ezean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna