60ko hamarkadako euskal pizkundea (eta V). Ondarea

Zur hartako ezpalez

Remigio Mendiburu artistaren piezabaten gertuko irudia.
Remigio Mendiburu artistaren piezabaten gertuko irudia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2016ko martxoak 5
Orain mende erdiko leherketaren ondorengo da egungo kultur giroa neurri handi batean. Aktibo diren 11 kulturgileren hitzak bildu ditu horregatik BERRIAk, ondare haren itzal eta argiez aritzeko.

1. Zein da zuretzat orain 50 urte izandako kultur lurrikara hark utzitako ondarerik azpimarragarriena?

2. Zamarik badu oinordekotza horrek?


KOLDO IZAGIRRE Idazlea

«Belaunaldi hari esker naiz euskalduna»

1

Kultura egiteko prest zegoen hizkuntza bat da ondare nabarmenena, lehenik. Kantu berri mordo bat. Beste mordo bat kantu zahar. Karroza eta inauteria erribindikatiboak, arte popularraren zati bat. Gabriel Aresti eta Oskorri. Lete eta Laboa. Lur editoriala. Zumetaren irudi koloretsu eta ez-figuratiboak. Materialismo dialektikoa. Autogestioaren zentzua. Kultura aurrerakoi bat, azpikultura detektatzeko balio didana gaur egun ere. Lurrikarak erreplikak izaten baititu, orduko uhinak heltzen zaizkit sarritan, kulturaren simulakro hau agerian utziz.

2

Ez naiz sentitzen oinordeko; zordun sentitzen naiz. Azken finean, gerraurrean finkatutako kultura irauli zuen belaunaldiari esker naiz euskalduna.

MIREN NARBAIZA Musikaria

«60ko hamarkadatik hona gizarteak ez du erreferente berririk sortu»

1

Ausardia izan zuten gazte haiek euskal kultura berreskuratu eta berria sortzeko, hamarkadetan isilik egotera kondenatutako herri batentzat itxaropen iturri izan behar zuena. Haiek sortutako kantuek osatzen dute euskaldunon imajinarioa; gure kulturaren habe sendoak dira, eta ondarea bera edo hori (ber)sortu izana da niretzat azpimarragarriena.

2

Badu zama, eta handia da. 60ko hamarkadatik hona musikari mordoa etorri da, eta gizarteak ez du jakin erreferente berriak sortzen, daudenak lehen planora ekartzen. Euskal Herrian aldaketa asko izan dira, eta gertatzen ari dira. Musika ulertzeko moduak aldatzen ari dira, sortzeko edo antolatzeko moduak ere bai; autogestiotik gauza itzelak lortzen ari dira, eta feminismoak ere logika berriak ekarri ditu. Gizarteak ere txertatu behar lituzke aldaketa horiek sasoi berri hauek irakurtzerakoan.

DANIEL CASTILLEJO Artium museoko zuzendaria

«Nortasun berri bat ekarri zuen»

1

Bi dira ondorio nagusiak. Lehena: betiko baztertu zen euskaldunon zoria landa giroko arkadia zoriontsu batean bizitzea zelako ustea, hizkuntza eta kultura prehistoriko batekin eta garapenerako aukerarik gabe. Eta bigarrena: mugimendu hark egitura egonkor berrietan oinarritutako nortasun berri baten sorrera ekarri zuen, eta horrek diskurtso eta eduki berriak sortzea ahalbidetu zuen; kulturgintza abangoardian kokatuz eta ordura arte hegemonikotzat jotzen ziren beste komunitate batzuen aurrean jarriz.

2

Bi dira igartzen ditudan itzalak ere. Lehena da prozesu horrek ikaragarrizko katarsi soziala behar izan zuela, eta gainditzea kostatzen ari zaigun garai ezegonkor eta bortitz bat sortu zuen. Fronterizo ideologiko, sozial, politiko eta kulturalen belaunaldi batzuk sortu ditu horrek, eta denbora beharko dute ditugun kontraesan naturalak gainditzeko. Euskal kulturan dagoen nortasunaren eta estiloaren arteko nahasketa da bigarren itzala. Nahasketa horrek eta estiloa lehenesteak intentsitatea eta sakontasuna galarazten dizkigu.

IRATXE RETOLAZA Literatur aditua

«Orduko dinamika asko kontatu gabe daude»

1

Hiru lerrotara biltzen ditut ekarpenak. Bat: Diziplinartekotasuna garrantzitsua izan zen euskarazko kultur komunitatea trinkotzeko. Bi: Mugimendu haiek ulertu zuten jendearen mundu ikuskera aldatzeko kultur sorkuntza eta kultur dinamika berriak funtsezko zirela, eta, besteak beste, hizkuntza eredu berriak proposatu ziren bestelako kultura ereduak gorpuzteko. Hiru: Mundu ikuskera berriak sortzeko gai diren kultur erritualak sortu zituzten, eta elkarrekin jarduteko bide berriak arakatzeko aukera eman zuen horrek.

2

Oinordekotzak ez, transmisio erak du zama, nire ustez. Izen jakin batzuk gogoratzea baino emankorrago izango zen sorkuntza lanetan proposaturiko mundu ikuskerak dinamikak eta jarduteko moduak gogoratzea. Garai hartako dinamika asko kontatu gabe daude oraindik; ni horretaz konturatu nintzen, besteak beste, Elena Lopezen Neskatxa maite liburuan Arantxa Gurmendiren lekukotza irakurriz.

AIZPEA GOENAGA Zinemagilea eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

«Europartu eta mundura zabaldu ginen»

1

Garai hartako urte ilunetan, argia ekarri zuen. Modernitatea ekarri zuen gure herrira, bai gaietan, bai kantu tradizionalak berpizteko lanean, poesia, antzerkia eta musika mailan? Dinamizatu zuen arte mundu guztia, eta kultur ekintza oro. Munduan sorkuntza mailan egiten zenarekin bat egin zuen gure herriak, esperimentazioari ateak zabaldu zizkion, eta europartu eta mundura zabaldu ginen euskaldunak. Uste dut gure herriari halako bizi berri bat, jakin-mina eta harrotasun sanoa ekarri zizkiola. Eta ondorengo belaunaldioi altxor paregabea eskaini zigula.

2

Ez dut uste zama izan denik, non begiratu erakutsi digun ispilu bat baizik. Literaturan, musikan eta artean aurrera egiteko ezinbestekoa izan da haren ekarpena. Ikusi besterik ez dago zenbat idazle, poeta, margolari, eskultore, musikagile eta kantari dagoen gure artean, eta zer-nolako maila duen gaur egun euskaraz egiten denak. Munduan zehar dabil Etxepare gure kultura zabaltzen, eta esan nahi dizut eskaintzen dugunak baduela edozein herri handiago eta aberatsagoren maila. Eta zinez uste dut hori horrela dela hazia erein zutelako orduko aurrelari haiek.

ANJE DUHALDE Musikaria

«Bere egunsentia ikusi zuen euskal kulturak»

1

Guretzat izan zen oso garrantzitsua, nahiz eta frantziar estatuan bizi. Gauzak oso desberdinak ziren han eta hemen, baina ikusten zen uholde kultural bat zetorrela dena aldatuko zuena. Ekarpen handia egin zion gure euskaltasunari eta euskal kontzientziari. Ez Dok Amairu ikusi nuenean aurrenekoz, iruditu zitzaidan beste esfera bateko zerbait.

2

Itzalak nahi dituenak bilatzen ditu beti, baina esango nuke 80ko hamarkadara arte argitasun horrek iraun zuela. Euskal kulturak mugimendu horretan ikusi zuen bere egunsentia.

PELLO IRAZU Artista

«Material batzuk euskalduntasunari lotzea ez da lorpen handia»

1

Euskarari sorkuntzarako, kultur transmisiorako eta pentsamendu garaikiderako tresna gisa aitortu zitzaion balioa da ekarpen nagusia. Geroztik, indartu eta garatu egin da euskara progresiboki, baina arte plastikoetan izan duen eragina txikiagoa izan da, hizkuntza osagai ezinbestekoa ez delako. Era berean, uste dut garrantzitsua izan zela garai historikoan inplikatutako sortzaile talde bizien existentzia azaleratzea kulturarentzat zail eta desertikoak ziren garaietan eta gizarte paralizatu haren aurrean. Egun gauden lekuan egon ahal izateko, erreminta funtsezkoa izan zen.

2

Ez dut uste arte garaikidearentzako forma eta material batzuk euskalduntasunari lotzea lorpen handia izan denik.

MIKEL MARKEZ Musikaria

«Gerokook haiek egindakoaren gainean egin dugu gure lana»

1

Kantuaren mundukoontzat, egiteko modu bat, nolabaiteko eskola bat gelditu zitzaigun. Zuri-beltzetik kolorera doan bidaia bat irudikatzen dut. Artearen esparru guztietan izan zen iraultza; oinarri sendoak jarri ziren. Gerora etorri garen guztiek haiek egindakoaren gainean egin dugu gure lana.

2

Nik zama baino gehiago hegal moduan sentitzen dut. Nondik jo erakutsi digu jarraitu nahi izan diegunei, eta pentsatzen dut hala izan dela modu berean orduan egin zena ukatu nahi dutenentzat ere. Guk modu naturalean ikusi dugu gure aurrekoek nola nahasten zituzten disko berean herri kantua, poesia garaikidea, sorkuntza propioa eta esperimentazioa. Beste hizkuntza batzuetan egiten denari begiratzen badiogu, ez da hain ohikoa hori.

JON MAIA Dantzaria

«Orduko hazien fruitua jasotzen dugu egun»

1

Ekarpen asko egin zituzten: aurrera begiratzeko atzera begiratzea; gure kultur izaeran, nortasunean, geurean... sinestea gaur garen horretatik sortzeko, etorkizunari begiratzeko... Eta norbanako dinamikak gaindituz, kolektibotasunetik pentsatzea, jardutea... Begirada zabala eta luzea izatea... Egungo euskal kulturaren habitatean eragin nabaria izan dute horiek guztiek.

2

Zamarik ez, ikasgai bat da. Iturri garrantzitsu bat da oinordetza hori. Mugimendu horiek guztiek jarritako hazien fruitua jasotzen dugu gaur egun, eta mugimendu horien oihartzunak ere badira gaurko jarreren hazi.

ASIER MENDIZABAL Artista

«Garai hartaz egiten dugun berrirakurketa da erabilgarri dena»

1

Garai haren asmo mitikoak eragin dit beti jakin-mina: nola mitoaren problema agertarazten zuen, errelato mitiko baten urgentzia zegoen garai batean. Orain, garai hura mito gisa jaso dugunean, kezka berriro horixe den susmoa dut. Oteizaren Quousque Tandem-en dago problema honen inguruan poetika bat eraikiko duenarentzako ohar esanguratsu bat, Cesare Paveseri hartutakoa: «Poesia egiteak esan nahi du ernamuin mitiko bat nabarmentasunera eta betetasun fantastikora eramatea. Esan nahi du halaber (idazten du Pavesek), ernamuin honi gorputzezko irudi bat emanez, hura begieste gai bihurtzea, oroimenaren ama ilunantzetik bereiztea, eta azken batean, harengan, jada misterio ez den misterio batean bezala, gehiago ez sinesten ohitzea». Eta jarraitzen du Oteizak: «Orduan hasten da ?segitzen du Pavesek? artistaren benetako sufrikarioa: bere mito bat irudi bihurtzen denean eta berak, husturik, sinetsi ezin duenean, baina oraindik ez daki amore ematen bizitzan zeukan on haren, benetako fede haren aurrean, eta berriro saiatzen da, oinazetzen du, jasaten».

Garai haren berridazketa poetikoak erabilgarritasunik badu, presentean hartaz egiten dugun berridazketan dago erabilgarritasun hori.

LOURDES OTAEGI Literatur aditua

«Utopia ederra da euskal kulturaren zilegitasunarena»

1

Belaunaldi bati euskalduntasunaren harrotasuna helarazi zigun. Uste dut gizarte maila askotara hedatu zela, euskaltzalea izatea modan jartzeraino. Hizlari aritzen naizenean, konturatzen naiz oso zaila dela beste belaunaldiei transmititzea une hartan euskal mundua zein baztertua zegoen, eta zenbat aldatu zen. Aldiz, garai hartako hartzaileek emozioz gogoratzen dute hura, beren barneko errealitatea esaten zuten hitzak eta forma artistikoak deskubritu zituztelako.

2

Zamarik izatekotan, utopien galerarena. Trantsizioaren desenkantuak askorengan zapore mikatza utzi zuen hurrengo urteetan. Mugimenduan sortutako arrakalek agerian utzi zuten arnasa motzeko mugimendu bateratzailea izan zela, berehala gailendu zitzaizkiola herrestan zeramatzan bestelako interesak. Zenbat eta gehiago irakurri garai hartaz, orduan eta duda gehiago dut inoiz euskal kulturaren zilegitasunaren kausa ezein taldek lehentasunez hartu ote duen, ala ez ote dagoen beti beste kausa interesatuago batzuen aparejua izatera kondenatua. Niri aski utopia ederra dela iruditzen zait, eta haren alde dihardutenek errespetua merezi dutela pentsatzen segitzen dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna