Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Matematiken dibulgazioak ez du aitortzarik; aintzat hartu behar da»

Publizitatea

Bizigiro

Maria Jesus Esteban. Matematikaria eta EHUko 'honoris causa' doktorea

«Matematiken dibulgazioak ez du aitortzarik; aintzat hartu behar da»

Estebanek euskara eta bizitza akademikoa uztartu ditu: euskaraz produzitu, Matematika Hiztegia egiten parte hartu... «Hiztegiko hitz batzuk ez dira gaur egun erabiltzen; hizkuntzaren bilakaera da».
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2016-03-06 / Jon Rejado

«Nola aldatu den hau guztia... Leioako fakultatean ikasten nuenean ez zegoen garraiorik hara; auto-stop egin behar genuen egunero». Maria Jesus Estebanek (Alonsotegi, Bizkaia, 1956) bizitasunez hitz egiten du Bilboko Unibertsitatean hasi zen garaiaz. 1978. urtean lizentziatu zen matematikan, eta, ordutik, matematiken eskutik egin du bidea. Gaur egun Matematika Aplikatu eta Industrialen Nazioarteko Kontseiluko presidentea da, Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentroko ikerketa zuzendaria, Jakiundeko kidea... Lan hori guztia aitortu zioten herenegun EHUko Bizkaia aretoan. Ostiralean, honoris causa doktore izendatu zuten.

Honoris causa doktore. Zer da zuretzat izendapen hori?

Ohore handia da. Plazer handia; doblea, nire herrian delako. Hemen egin nituen ikasketak, gainontzeko ibilbidea kanpoan egin dudan arren. Aitorpen handia da.

Zure eta Carlos Kenigen izendapenekin, 70 honoris causa doktore ditu EHUk. Horietatik, ordea, sei baino ez zarete emakumezkoak.

Bakarrik?

Bai.

Ba, gutxiegi dira.

Akademia testuingurua oraindik ere maskulinoa al da?

Testuinguru horretan lan bikaina egin duten emakume asko daude, arlo guztietan. Baina horietan pentsatu behar da; ahalegin txiki bat egin behar da. Jendeari kostatzen zaio hori egitea.

Zergatik ez da emakumezkoen lana gehiago azalarazten?

Ez dakit. Agian ohituragatik… Konturatu naiz halako aitortza handiak egiterakoan gizonak agertu ohi direla, batez ere: honoris causa izendapenak… Kulturala izango da, seguru aski. Sariak aitortzeko zenbait batzordetan egon naiz; hasierako hautagaien zerrendetan emakumerik ez bazegoen, ahalegin txiki bat eginda izenak agertzen ziren. Garrantzitsua da emakumeok halako aitortzak jasotzea. Adibide ona da gazteentzat. Emakumezko gazteek maiz esan didate pizgarria dela ni bezalako pertsonak bertan ikustea, adibide gisa. Bidezkoa da, gainera; lan bikaina egin duten emakumeak daude.

Emakumezkoen presentziari dagokionez, eremu akademikoan Esteban sendiak batez bestekoa igotzen du. Zure bi ahizpak ere unibertsitatean daude: Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuko katedraduna da; eta Mariluz Esteban Medikuntzan lizentziaduna da eta Antropologian doktorea da…

Eta biek egiten dute lan EHUn, bai.

Zer dela-eta grina partekatu hori?

Gure familian ikastea oso garrantzitsua zen. Gurasoak maisu-maistrak ziren, eta guretzat normala zen ikastea. Are gehiago, ez ziguten inoiz trabarik jarri emakumeak izateagatik. Kontrara. Amak ere lan egiten zuen. Mugarik ez dagoela sentitzea normala da guretzat.

Mugak?

Familiak, eskolak… oro har, kulturak jartzen dituen mugak ikusi ohi dituzte emakume askok. Gure familian ez genuen halakorik sentitu. Ez familian, ezta institutuan ere. Institutu publiko on batean egon ginen, eta naturala gertatu zaigu ahal izan dugun gehiena lortzea.

Nola gogoratzen duzu institutua?

Gogoratzen dut oso autonomoak ginela; espazio asko genuen, eta oso libre ginen. Irakasleen erdiak PSEkoak ziren; noiz edo noiz hilabete bat pasatzen zuten espetxean… Irakasle asko oso pertsona irekiak ziren. Oso aberasgarria izan zen garai hura, akademikoki eta pertsona mailan. Unibertsitatera heldu nintzenean, lehen urtea den gogorrarekin, neure burua ondo prestatuta ikusi nuen.

Unibertsitatean ikasketak amaitu eta Parisera joan zinen tesia egitera. Zergatik?

Garai horretan hemen ez zegoen horretarako aukerarik. Leku oso on batera joan nintzen, zuzendari on batekin. Itzultzeko asmoa nuen, baina: eskolak eman… Hori zen nire plana. Gerora gauzak beste modu batean gertatu ziren…

Nolakoa izan zen Pariserako jauzia maila pertsonalean?

Oso leku ezberdina zen. Horrez gain, hemen giro politikoan sartuta nengoen… Urte bereziak ziren, eta zaila gertatu zitzaidan hau uztea. Dena den, gertuko harremana izaten jarraitu nuen hemen geratu zirenekin.

Paris ondo ezagutzen duzu. Ia lau hamarkada pasatu dituzu han. Nola hartu ditu hiriak azken atentatuak?

Aldatu da. Jendeak bizitza bera egiten jarraitzen du; azkar itzuli da atentatuen aurretik egiten zituzten ohituretara. Baina beldurra dago. Kolpe handia izan da, eta hilabete batez-edo jendeak eragina sumatu du. Ospitaleetako profesionalek jakinarazi dute aurretik baino jende gehiago doala larrialdi zerbitzuetara. Berriz gerta daiteke, eta, zaila bada ere, ohitu beharko dugu. Euskal Herrian, garai batean, atentatuak gertatzen ziren noiz edo noiz, eta horrekin bizi ginen.

Parisera joan zinen garaira itzuliz, garai horretan euskararekin zuzenean lotuta zeuden egitasmoetan sartuta zeunden.

Matematika Hiztegia egiten ari ginen: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa… Parisen nengoenean ere jarraitu nuen horretan lanean. Horrez gain, noiz edo noiz, artikuluak idazten nituen Anaitasuna euskarazko aldizkarirako. Lotura gorde nahi nuen, baina… zaila izan zen Parisera joatea.

Zein da zure harremana euskararekin?

Hamabi urte nituela-edo ikasi nuen euskara, gau eskola batean. Gure parrokiara neska bat etortzen zen eskolak ematera, astean behin edo bitan. Han hasi nintzen.

Hasi zinen, eta ingurukoek euskara ikas zezatela ere sustatu zenuen…

Ahizpak bultzatu nituen euskara ikas zezaten, bai… [irribarre egin du]. Paristik hona natorrenean saiatzen naiz euskaraz egiten, beti!

EHUko Matematika ikasketak gaztelaniaz egin zenituen. Ordea, euskaraz ekoizten hasi zinen. Nola gertatu zen hori?

Oso euskaltzalea nintzen, eta naturala zen pauso hori. Zientzia Fakultatean bazegoen talde bat Jose Ramon Etxebarriaren inguruan. Bertako kide nintzen. Elhuyarren ere bazegoen talde bat horretan lanean…

Zeintzuk ziren zuen iturriak matematikak euskaraz egiteko?

Beste hizkuntza bateko hitza euskarara ekarri, apur bat moldatuz; ondo egokitzen zen euskarazko hitz bat hartu… edo asmatu! Gure hiztegian sartu genituen hitzetatik batzuk ez dira sustraitu. Ilobekin hitz egiten dudanean konturatu naiz horretaz.

Ikasgai asko gustuko izan arren, latina barne, matematiketako bidea hartu zenuen irakasle on batek bultzatuta.

Une batean Matematika edo Artearen Historia izan nituen mahai gainean. Pentsatu nuen errazagoa izango zela artea ikastea nire kabuz. Horrez gain, garai horretan ez zegoen letrarik Bilboko Unibertsitatean. Kanpora joan behar nuen, eta hori egitea kostu handiegia zen.

Artearekiko grina mantendu al duzu?

Bai, bai! Museoetara joatean gustatzen zait, irakurtzen jarraitzen dut… Ez naiz profesionala, baina…

Matematiketan arreta jarrita, jarraitzen al duzu gaur egun nola ematen den ikasgai hori derrigorrezko hezkuntzan?

Ez… agian ilobekin hitz egiten dudanean saiatzen naiz zeozertaz jabetzen, baina ezer gutxi. Dena den, jende askok matematikekiko jarrera ezkorra du. Askok esaten didate ez dutela gustuko…

Zergatik hori?

Irakasten da, baina agian ez da motibatzen; ez da erakusten zertarako balio duen. Umeek oso abstraktua den zerbait ikusten dute. Ez da ulertarazten bizitzako gauza konkretu askorako balio duela.

Esan izan duzu matematika «gauza oso teknikoei buruz aritzeko hizkuntza» dela...

Hizkuntza da, baina zientzia ere bai, e? [Tartekatu du].

Hizkuntza bat izanda, horretan gehiago alfabetatu behar al da gizartea? Hizkuntza horren baliagarritasuna erakutsi?

Adibide batekin erantzungo dut. Parisko klimaren goi bilera gertatzen ari zela, metroa hartu nuen, eta iragarki handi batekin egin nuen topo. Oso koloretsua zen, eta, erdian, ekuazio matematiko batzuk zeuden. Argazkia atera nien, eta, orduan, bidaiari batzuek galdetu zidaten zer ote zen irudian zegoen hori.

Eta zer zen?

Klima ikasteko erabiltzen diren ekuazio matematikoak. Jendeak ez zuen ulertu, hizkuntza hori ez zuelako ulertzen. Normala da, kartelean bertan ere ez zelako horri buruzko azalpenik ematen.

Enpresetan matematikariak kontratatzea geroz eta ohikoagoa dela aipatu izan duzu. Zer ekarpen egin dezakete?

Garai batean, hegazkin bat egin aurretik, prototipo bat eraikitzen zen, hainbat baldintzatan probatzeko. Hori oso garestia da. Gaur egun modelizatzen da hori guztia; ordenagailuan ikus dezakezu nola eragingo liokeen haize bortitzak objektu bati. Modelo horiek, eredu horiek, ekuazio matematikoekin idazten dira. Hegazkina esan dut, baina edozer izan daiteke.

Baita finantza ereduak ere?

Finantzak matematikaz josita daude. Horregatik esan izan da krisia matematikarien errua izan dela. Modelo matematikoak erabilita leku txar batean amaitu dugula salatu dute. Ez nago batere ados. Modelo horien erabilera txarrak, arrisku gehiegi hartzeak, parametroak gaurkotu ez izanak… eraman gaituzte heldu garen lekura.

Matematika gauza gehienen atzean dagoela azaldu izan duzu. Ordea, gaineratu duzu matematikari ez zaiola aitortzen eskaintzen duen hori.

Lehenik eta behin, zehaztapen bat. Arlo gehienen atzean matematika egon daiteke, baina ez dut esaten beti dagoenik. Hortaz, ez dugu soilik aitortza eskatzen, baizik eta jendeak ulertzea matematikei esker produktu eta zerbitzu hobeak eskain daitezkeela. Ospitale bat hobeto antolatzea, metroan zerbitzu hobea eskaintzea…

Metroa?

Orduaren araberako jende fluxua eta trenen maiztasuna kontuan hartzen dituzten programa matematikoak daude. Hori eginez gero, zerbitzu hobea eskainiko duzu, gastuak urritu… Enpresa askok ez dakite ikerkuntzan inbertitzen badute haien mesederako izango dela.

Zergatik ez zaie matematikei eskatzen duzun aitortza ematen?

Esandakoagatik: jendeak ez dakielako. Eta ez naiz kaleko pertsonez ari, soilik; matematiken ikusezintasuna erabakiak hartzen dituztenengana ere heltzen da: politikariak, zientzialariak, inbertitzaileak…. Math Inside etiketa sortzea aztertu genuen Europa mailako sare bateko kideok. Bereizgarri bat, agerian uzteko noiz izan duten matematikek garrantzia produktu baten garapenean. Leku askotan egongo ziren, eta gure lana erakutsiko genuke.

Matematikarien lanaren dibulgazioak zeresana izan al dezake alor horretan? Zeintzuk dira dibulgazioaren erronka nagusiak gaur egun?

Saiatu behar dugu adibideak topatzen; matematikak rol handia jokatzen dituzten kasuak. Adibideak eman behar ditugu. Gauza teknikoetan sartu gabe azaldu: Bilboko metroak erabiltzen dituen optimizazio algoritmoak… Dibulgazioa egon badago, baina, neurri batean, gure akatsa ere bada gehiago ez egotea.

Matematikariena?

Bai, ez dugulako denbora horretan pasatu nahi. Ahalegina eta denbora eskatzen du: prestatu, adibide onak lortu… Lan horrek ez du aitortzarik, ordea. Curriculuma aztertzean inork ez dio dibulgazioari garrantzirik ematen; ez da baloratzen, eta aintzat hartu beharko litzateke. Ondorioz, edo dibulgaziorako grina berezia duzu, edo ez diozu arreta berezirik eskaintzen; aldizkari espezializatu baterako artikuluak prestatzea lehenetsi ohi da.

Zuri ere zaila gertatzen al zaizu?

Dibulgaziorako hitzaldi bat ematea zailagoa gertatzen zait matematikazko bat ematea baino. Askoz zailagoa. Egiten duzu gustatzen zaizulako.

Informazio orokorreko hedabideek zer garrantzi dute? Anaitasuna aldizkarian ez ezik, Euskaldunon Egunkaria-n ere zutabeak idatzi zenituen…

Frantzian harreman ona dugu kazetari batzuekin. Kazetari horiek inbertitu dute denbora esaten duguna ulertzen, eta gu saiatzen gara teknikoegiak ez izaten. Nahiko emaitza onak izan ditu, artikulu politak atera dira, baina ahaleginean ari gara oraindik. Fisikariek asko egiten dute, baina matematikarioi kostatzen zaigu. Ez dago kultura, agian.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak