Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Euskara lantzeak baditu aplikazioak

Publizitatea

Bizigiro

Euskara lantzeak baditu aplikazioak

Sakelako telefonoak eguneroko bizitzara iritsi direnetik, lagungarri diren tresnak gailu horietara egokitzea da erronka. Sarean dauden milioia aplikazioen artean, euskarak ere badu tokitxoa. Horietarik asko euskara ikasteko gutizia elektronikoak dira.
Argazkia: BERRIA

2017-05-10 / Garbine Ubeda

Azalpen handirik ez du behar izaten app hitzak. Ez, bederen, sakelako telefonoak eguneroko bizimoduaren ardatzera iritsi zirenetik eta goizeko nagiak ateratzea bezain saihetsezin bilakatzen hasi zirenetik. Definizio zehatza alde batera utzita, adimendunak omen diren telefonoetan edo smartphone-etan instalatzeko aplikazio informatikoari esaten zaio appapplication ingeles hitzaren laburdura da—. Norberaren gailuari balioa eransten diote, beraz.

Milioika app dago sarean eskuragarri, gehienak, esan gabe doa, hizkuntza hegemonikoren batean eginak. Batzuk ordainduzkoak dira, beste asko eta asko, berriz, doan deskarga daitezkeenak. Funtzio jakin baterako beharrak modu intuitiboan asetzea promes egiten du horietariko bakoitzak, eta eguneroko arlo guztietara heldu dira dagoeneko: harremanak, salerosketa, kontsulta, ikasketa, denbora-pasa, zaintza pertsonalizatua...

Euskarak ere badu, izan, tokitxoa. Azken lauzpabost urteetan jende askotxoren ahalegina izan du bere alde, eta, milioika aplikazio horiek osatzen duten itsaso zabalean huskeria eman badezake ere, handitxoa du kopurua, bere txikian: hirurehun baino gehiago dira bi plataforma nagusietan dauden app-ak; ehundik gora, IOS sistema operatiborako sortuak, eta horiek halako ia hiru, Android darabilten telefonoetan baliatzen ahal direnak. Aplikaziook hartzen dituzten arloei erreparatuz gero ere, luze-zabala da zerrenda, euskalapps.net webguneak ageri duenez. Sare sozialetan daude beharbada mugatuen, harremanetarako eta kontaktuetarako baliatzen diren aplikazioetan. Gainontzean, turismo, ekonomia edo sukaldaritzatik hasi eta osasuneraino, ia abaniko osoa dago euskaraz, nahiz eta arlo batzuetatik besteetara alde handia izan.

Jolasa, lehentasun

Euskarazko app-en artean ugarienak, eta beraz gehien estimatuak, aisialdira lerratzen direnak dira, tartean turismora begira egindakoak edota Euskal Herriko bazter-txokoak hobeto ezagutzeko asmatutakoak.

Zerrendan hurrengo, etxeko txikientzako proposamenak daude, haurren nahiz hezitzaileen eskuetara heltzeko helburuz diseinatutako aplikazioak, izan ipuin interaktibo edo bestelako denbora-pasa. Maila horrexetan daude, kopuruz, euskara ikasteko baliabide linguistikoak eskaintzen dituzten aplikazioak ere. Ia denek, baita gai sozialik serioenak jorratzen dituztenek ere, jolasari ematen diote garrantzia, alegia, mamia ludikoki irakasteari; eta joko klasikoetara jotzen dute sarri. Esate baterako, galdera-erantzun bidezkoetara edo irudien arteko konparazioetara.

IKA euskaltegiek dagoeneko sei app egin dituzte, eta haien ikasleek ez ezik, nornahik ditu eskuragarri eta urririk, Google Play, Apple Store eta gainerako plataforma nagusietan. Azken aplikazioak hizkuntzaren ikasketari estuki lotuak izanagatik ere, helburu orokorrago batek eraman zituen bide horretara, IKAko IKT arduradun Sonia Antonek azaldu duenez: «Lehen aplikazioa Arabari eskaini genion, badirudielako Araba euskaratik kanpo gelditzen dela beti». Bigarrenari Zaharrak Berri izena ipini zioten, eta, haien aspaldiko liburu bat oinarri hartuta, euskal esamoldeak eta esaerak lantzeko ariketak bildu zituzten.

Asko Dakit heldu zen gero, eta iaz beste bi, Zalantzak eta Zenbakiak. Azken hori zenbaki bihurtzaile moduko bat da. Zenbaki bat jarri, eta aplikazioak zenbaki hori bera idatziz ematen du ordainetan. Matematika eragiketak eta zenbaki erromatarrak lantzeko aukera gehitu zioten gerora. Berriki plazaratu duten aplikazioak, berriz, deklinabideari heltzen dio bete-betean, eta, antzeko aplikazioen aldean, badu bereizgarririk: zeinahi hitz eman, eta euskaraz dauden kasu guztietan deklinatuta itzultzen du bat-batean. Izan ere, Sonia Antonek dioen legez, «ikasleek deklinabide taulak ikasten dituzte, baina hitz jakin batzuekin arazoak sortzen zaizkie, zenbaitetan ez delako erraza plurala edo mugagabea behar bezala asmatzea. Eta siglak deklinatzeak ere lanak ematen ditu».

IKA euskaltegietako arduradunek helburua garbi izan dute, sakelako telefonoetarako aplikazioen munduan murgildu zirenetik: «Ikasleek dituzten beharrei begira sortzen ditugu. Ikasturte barruan haiengandik jasotzen ditugun beharrak batu, didaktika taldekoekin aztertu, eta konponbidea aurkitzen lagunduko digun tresnaren bila jotzen dugu aholkulari teknologikoengana. Liburuetan ditugun ariketak modernizatzeko eta urrunago heltzeko bidea ere bada».

Zenbaitetan, intuitiboagoa da hautua, batik bat gazte jendearekin lanean aritzen diren elkarteen kasuan. Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak, adibidez, bi app ditu. Batek lehendik beren webgune eta katalogoetan bilduta dituzten euskal jolasak dakartza sakelako telefonoetara. Bigarrena sukaldeko errezetekin jolasean aritzeko aplikazioa da. Urtxintxa eskolako kudeatzaileak, Atzio Orexak, «aplikazioena, eskuragarriago egoteko modu on bat» dela uste du, «gazteen moldeetara hurbiltzeko eta hobeto kokatzeko tresna». Gainera, marka indartzeko laguntza ere badirela pentsatzen du.

Gehien estimatuak, hiztegiak

Hizkuntza lantzeko baliabide elektronikoetan, ezin aipatzeke utzi Elhuyar Taldea. Beren produktu izarra euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegien kontsultarako aplikazioa da. Bi bertsio ditu: kontsultak sarean edo Internet bidez egiten dituena batetik, eta hiztegia bera gailu eramangarrian gorde eta kontsultak konektatu gabe egitea ahalbidetzen duena, bestetik. Azken hori, atzerrian dauden euskaldunentzat bereziki pentsatua.

2014an plazaratu zirenetik gaur artean, 45.000 deskarga inguru izan dituzte Google Play plataformatik, eta beste 11.800, Apple Storetik. Bada beste daturik ere, itzulpengintza teknologien arduradun Itziar Cortesek azaldu duenez: «Webguneko hiztegian egiten diren kontsulta guztien %20 tabletetatik edo sakelako telefonoetatik datoz. Zifra handia da, hiztegiak oro har ordenagailuetatik kontsultatzen direla kontuan hartuta».

Mugak: espazioa eta karga

Baina dena ez da pagotxa aplikazioetan. Garatzaile informatikoari beste programazio mota batek eskatuko liokeena baino lan handiagorik eskainiko ez badio ere, edozer ez da sakelako telefonoetara eramateko aproposa. Mugarik agerikoena, pantailaren edo ekranaren neurria da. Iametzako Axier Iturralde IKAren Deklinabidea landu zuen informatikariak azaldu du: «Mahai gaineko ordenagailuetarako ari zarenean, toki zabalagoa duzu informazioa jartzeko eta atalak ordenatzeko, dena bistan jartzeko. Lehen begiratuan gauza gehiago sartzen zaizkizu webetan. App-etan, berriz, oso kontuan hartu beharrekoa da espazioa». Iturraldek esandakoaren ilustragarri, honako datu hau: Deklinabidea aplikazioa erabiltzeko, telefonoa etzanda jarri beharra dago, edukia horizontalean azal dadin, eta esaldiak behar bezala sar daitezen. «Diseinua bestela baino gehiago zaindu beharra dago», jarraitu du Iametzako informatikariak, «erabilerraza izan behar du, eta, era berean, leku txikian oso funtzionala izan. Horrek zaildu egiten du lana».

Aplikazioek duten zamaz ere kexu izan ohi dira erabiltzaileak, aplikazio askok, konexiorik gabe erabili nahi izaten direnak bereziki, memoria handia behar izaten dutelako, eta tokia egiten aritu behar izaten delako.

Itziar Cortesek besterik ere erantsiko lioke eragozpenen zerrendari: «App-ak egitea ez da torlojuak fabrikatzea. Aplikazioa mantentzeak lan handia ematen du, edukia sarri eguneratu behar izaten da, zuzenketak egin behar zaizkiolako, Euskaltzaindiak arauren bat aldatu duelako, edo dena delakoagatik, eta bertsio guztietan gainera. Bestalde, sistema eragileak ere etengabe aldatzen dira, baita gailuak berak ere. Lana ez da inoiz bukatzen».

Euskarazko aplikazioek izan dezaketen oztoporik handiena, ordea, finantzaketa da. Gailuen jabe egiteko dirutza ordaintzeak erabiltzaileei min handirik egiten ez badie ere, edukiak hutsaren truke hartu nahi izaten dituzte, eta, gainera, funtzio politikoa ere bete behar dutenez —desabantailan dagoen hizkuntza sustatzea, alegia—, produktuak ez dira amortizatzen, eta are gutxiago irabazi asmoz sortzen. Diru laguntzarik lotu gabe, pentsaezinak izango ziratekeen eskuragarri dauden aplikazio gehienak. Horren ondorio dira, aplikazioen egileak kontuan hartuta, lurraldeka dauden aldeak. Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan kokatutako ekimenen artean Kanaldudek eta beste inor gutxik plazaratu du app-ik euskaraz. Eta beste horrenbeste esan liteke egoitza nagusia Nafarroan duten enpresez.

Oraindik asmatzeke, bestalde, gutizia elektronikoon irisgarritasuna. Ahaleginak ahalegin, produktua ezagutaraztea izan ohi da zailena sortzaileentzat.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak