Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Daniel Lopez. Ikertzaile agroekologikoa

«Beharrezkoa da beste mundu bat»

Lopezek uste du posible dela globalizazioari aurre egingo dion produzitzeko beste eredu bat. Kapitalismoari aurre egiteko, gertuko nekazaritza ereduan sinesten du, eta alternatibak eskaintzen ditu.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Nagore Etxeberria -

2015eko azaroak 20 - Donostia

Elikaduraren gurpilean sartuta bizi da Daniel Lopez (Madrid, 1975). Gereziondoz beteriko lur sail txiki bat du Jerte ibarrean, Caceresen (Espainia). Baratze txiki baten jabe ere bada; handik ateratzen ditu eguneroko elikagaiak. Nekazaritza, elikadura eta produkzioa ditu bere kezka iturri nagusiak, eta ordu asko eskaini dizkio egungo produkzio ereduari aurre egingo dioten elikagaiak sortzeko bestelako moduak aztertzeari. Horietako mordoxka bat Producir alimentos. Reproducir comunidad liburuan bildu du. Atzo, Donostiako Kaxilda liburu dendan izan zen, liburuari buruz solasean.

«Zer jan, hura izan», dio esanak. Hala dela uste al duzu?

Jaten duguna ez da jakia bakarrik, ez da zerbait fisikoa soilik, askoz gehiago ere bada: inguruarekin dugun harremana, inguruan ditugun lagunak, bizitzeko modua, jaki hori produzitzeko modua... Zer jan, hura gara, beraz; baina kontuan izan behar da jatea janari fisikoa baino askoz gehiago dela.

Jendeak behar bezala jaten al du?

Oro har, ez. Elikadurarekin loturiko osasun arazoek argi erakusten dute hori. Bizitzeko modu baten isla da zer-nola jaten dugun. Eta elikatzeko dugun modua bizitzeko moduaren ondorioa ere bada.

Baina jendea gero eta arduratuagoa dagoela uste duzu?

Elikaduraren, nekazaritza produkzioaren eta osasunaren inguruko mezu nahasgarriak daude beti. Egia da gero eta beldur handiagoa zaiola gure elikadura osasungarria ez izateari. Baina ez dago batere argi zer egin beldur horrekin, administraziok zabaltzen dituen mezuak ez direlako batere argiak. Elikadura gauza garrantzitsu gisa hartzen ari dira gero eta talde gehiago. Oso garrantzitsua da ongi informatua egotea.

Gero eta jende gehiago ari da bere elikagaiak produzitzen?

Hori hala da. Gero eta jende gehiago ari da bere elikagaiak sortzen. Jende asko lanik gabe geratu da, eta haietako askok erabaki dute euren kabuz jakiak sortzea. Hala, jende gazte askok hautatu du nekazaritza eremura joatea eta lurrak ematen duenetik bizitzea. Mugimendu hori indarra hartzen ari da. Nekazaritza eremura jende gaztea joaten ari da, ideia eta baliabide berriekin eta gauza berriak egiteko gogoarekin. Herritarrekin dituzten hartu-eman eta trukeetatik gauza interesgarriak sortzen ari dira.

Zure liburua lagungarri izango dute lagun horiek, ezta?

Hain zuzen, elikagaiak produzitzen hasi diren jende horrentzako liburua da. Kontsumoaren inguruan askoz material gehiago dago, baina produkzioaren inguruko kasu praktikoak aipatzen dituen liburuaren premia zegoela uste genuen, eta hortik sortu zen liburua argitaratzeko ideia. Bide hori abiatu duten lagunentzako erreminta lagungarria izan nahi du. Hala, produzitzeko modu alternatiboak aipatzen dira liburuan. Era berean, garatzen dugun produkzio ereduak inguruan duen eraginari buruzko hausnarketa politiko eta soziala eragin nahi du liburuak.

Egungo produkzio eredutik aldenduz, bada aukerarik?

Bai, alternatibak badaude. Gero eta aukera gehiago daude, gainera, baina haize kontra doaz ia gehienak. Uste dut elikadurak duen garrantzia eta lekua hartu behar duela gizartean. Produkzioak eta kontsumoak eskutik joan behar dute horretarako, eta bi alde horien artean erabaki behar da zein elikadura mota nahi dugun eta nola produzitu nahi dugun. Elikadura aberastasuna sortzen duen jarduera bihur dadin, gizarte osoaren babesa behar da. Gizarte osoaren konpromisoa behar dugu, aberastasun hori sortzen duen elikadura bati bultzada emateko eta bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia bat garatzeko.

Beste mundu hobe bat posible dela uste duzu, beraz?

Ez da posible den edo ez, guztiz beharrezkoa da. Ziklo aldaketa bat gertatzen ari dela pentsatzeko arrazoiak ematen dituen gertaera ugari jazotzen ari dira: historiako udarik beroena, Parisko atentatuak, Siriako bonbardaketa, Txinako burtsaren beherakada... Ziklo aldaketa horretarako komunean ditugun gauzak antolatzeko alternatibak behar ditugu. Bizitza eta komunitatea sortuko dituen gauza egiteko moduak behar dira. Mundu hobe bat behar dugu, eta, bereziki, mundu hobe horretara iristeko moduak eta eredu sozialak behar ditugu. Beste modu batera bizitzen lagunduko diguten eredu sozialak esperimentatu behar ditugu.

Mundu desiragarri, zoriontsu,elikagarri bat sortzeko erremintak ematen dituzu liburuan. Zeintzuk dira erreminta horiek?

Esperientzia ugari aztertzen ditut liburuan, eta egungo kapitalismo globalaren aurrean alternatibak eskaintzen dituen askotariko eredu sozioekonomiko lokalak planteatzen ditut. Tokian tokiko kasuak aztertzen ditut, eta erremintak eskaintzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bel Pozueta, dokumentalean ©Marmoka Films

TV3ek Amets Arzallusen 'Altsasu (gau hura)' dokumentala emango du bihar

Urtzi Urkizu

Arzallusek Marc Parramonekin batera egindako lana Miarritzeko Fipadoc jaialdian ere emango dute, ostegunean. TV3ek, bihar bertan, Altsasuko auzian zigortutako bi gazte protagonista dituen beste dokumental bat estreinatuko du.

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Nagore Etxeberria

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.