ATZEKOZ AURRERA. Estefania Unzu eta Aritz Seminario. Youtuberrak

«Ona da Youtuben erditzeak erakustea»

'Verdeliss' izeneko Youtube kanalaren sortzaileak dira Unzu eta Seminario. 488.287 jarraitzaile dituzte, eta arrakastarik handiena duen bideoa bederatzi milioi lagunek baino gehiagok ikusi dute.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko martxoak 24
Youtubek ezagun egin ditu Estefania Unzu (Atarrabia, Nafarroa, 1985), Aritz Seminario (Iruñea, 1976) eta haien sei seme-alabak. Seme-alaben haurdunaldia eta erditzea agertzen dituzten bideoek erakarri dute bisitari gehien, baina haien egunerokoa ere islatzen dute Interneten.

Milioika bisita dituzue Youtuben. Dirudienez, interesa piztu duzue.

ESTEFANIA UNZU: Haurdunaldiaren eta haurren jaiotzen ingurukoak zabaltzen dira gehien; nire ustez, transmititzen dutenagatik. Zati hori oso gizatiarra da.

Hainbeste ikusle espero zenuten?

ARITZ SEMINARIO: Ez. Zortzi urte badira hasi ginela, zaletasun gisa, gure momentutxoak familiakoekin eta lagunekin partekatzeko. Orain, haziz joan da modu progresiboan. Ez da zerbait normala, baina egia da naturalizatu dugula.

Zein izan zen helburua?

E.U.: Ez zen helburu zehatzik. Lankide bati bideo bat bidaltzeko sortu nuen kontua. Gu Madrilen bizi ginen, eta familiakoak Iruñean, eta jarraitu genuen. Era berean, niri beti anitz gustatu zait amatasunaren gaia, eta saiatzen naiz informaturik egoten. Nire bizitzako atal oso garrantzitsu hori eskaintzen ahal nuen horrela. Betiere, gure ikuspuntu eta esperientziatik, inolaz ere alderdi profesional batetik.

Zuekin harremanetan jartzen da jendea?

E.U.: Gurekin harremanetan jartzen dira gurekin identifikatzen direlako, lagun batekin edo ahizpa batekin ariko balira bezala. Jende askorengana ailegatu gara.

Bisita kopuruari so ibiltzen zarete etengabe?

A.S.: Ez dakit zenbat jendek jarraitzen digun, egunero aldatzen baita. Baina milagarrenera ailegatu ginenean, horri arretaz begiratzen genion. Are, nik kontu bat sortu nuen milagarren harpideduna izateko. Orain, noizean behin begiratzen dugu, baina ez gaude hain adi.

Jarraitzaile kopuru batetik aurrera, Youtubek ordaindu egiten du. Zuei ere bai, noski.

E.U.: Bai, ehuneko bat ordaintzen du. Haurdunaldietako baten bideoarekin goia jo genuen, eta orduan kanala monetizatu zen. Sortzaileek elikatzen dute Youtube, eta plataformak horregatik ordaintzen die.

Hori ere erakargarria izanen da...

E.U.: Noski, pizgarria da. Zaletasunez hasi ginen, eta horrekin ere etekina jasotzen genuen —eta dugu, noski—. Bideoek indarberritzen gaituzte. Baina ekonomikoa ere beste pizgarri bat da.

Telebista ikusteko modua nola aldatu den antzeman duzue?

A.S.: Nik gehiago kontsumitzen ditut ohiko hedabideak, telebista adibidez, baina berak geroz eta telebista gutxiago ikusten du, eta eduki gehiago bilatzen ditu Youtuben.

Pribatutasunarekin edo egile eskubideekin arazorik izan duzue?

E.U.: Bideoekin, behin: enpresa batek bikien jaiotzaren bideoa jaitsi zuen, eta berea balitz bezala publikatu zuen. Lan handia egin genuen; oso gurea zen une hori, eta asko inplikatu ginen. Beraz, beste norbaitek horrekin onura ateratzeak baimenik gabe izorratu egiten du. Youtubera igotzen den guzia sortu duenaren jabetzakoa da. Iduri du behin publikaturik edozer egin daitekeela eduki horiekin, baina ez. Argazkiekin arazo gehiago izan dugu. Kontu faltsuak sortu dituzte gure izenean.

Horregatik jartzen duzue zein diren kontu ofizial bakarrak?

E.U.: Bai. Adibidez, Twitterren ez dugu konturik, baina badakigu badela bat gure izenean.

Hainbeste jende zuen bizitzei begira izanda, ez zarete behatuak sentitzen?

E.U.: Norberak intimitatea modu batera bizi du. Alderdi on bat ari garela partekatzen. Fede onez partekatzen den bitartean, ez dut ikusten beharrik ezkutuan gordetzeko.

A.S.: Azkenean, familia album bat partekatzen ari gara, baina modu digital eta erakargarriagoan.

E.U.: Erditzea izan daiteke inpaktu gehiago sortzen duen zerbait, baina guretzat zerbait naturala da, gizakion alderdi natural bat, eta ez da inolaz ere tabu. Horregatik, ez zaigu kostatzen hori igotzea.

Tabuak hausten dituzue?

A.S.: Belaunaldi kontua dela uste dut. Gure gurasoen belaunaldiari atentzioa ematen dio hau Interneten partekatzeak; gureak bere egin du Internet dagoeneko; eta gure seme-alabendako zerbait arrunta izanen dela uste dut.

E.U.: Modu honetan modu bisual batean ikas daiteke. Ona da erditzeak erakustea; arrunta da, eta guri dagokigun zerbait.

Orain bideoak jartzeko presiorik izaten duzue?

E.U.:Ez dugu konpromisorik bideo kopuru bat jartzeko. Youtuben bideoak jartzea lanbide dutenek zorrotz daramate, baina guk ez. Grabatzea oso natural egiten dugu, baina edizioak denbora eskatzen du. Oso argi dut nire familia dela lehenbizi, eta sobratzen den denbora da Youtuberi eskaintzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna